Alcaláko Unibertsitateak (UAH) eta Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) zuzendutako azterlan batek agerian utzi duenez, klima-aldaketaren eraginez, zuhaitzen urteko hazkundea, denboran zehar, gero eta antzekoagoa da banakoen artean.
Forest Ecology and Management aldizkarian argitaratutako azterlan batean aurkikuntza berritzaileak aurkeztu dituzte; hain zuzen ere, adierazi dute zuhaitzen tamainetan dagoen heterogeneotasunak baldintzatu egiten duela klima-aldaketak beren hazkundean nola eragiten duen. Zehazki, neurri homogeneoagoko zuhaitzak dituzten basoak klima arloko asaldurekiko zaurgarriagoak dira.

Alcaláko Unibertsitateak eta UPV/EHUk zuzendutako ikerketa egiteko, oihan hauen hegoaldeko mugako pagoen urteko hazkundea jasotzen duten datuak aztertu dituzte teknika dendrokronologikoak erabilita. Aurreko mendeko 70eko hamarkadatik, zuhaitzen hazkundean dagoen sinkronia handitu egin da muturreko klima gertaeren maiztasuna handiagoa izan delako.
“Ikusi dugu basoen gaineko zuzeneko inpaktu antropogenikoek, lurzoruaren erabileran izandako aldaketen bidez, eta zeharkako inpaktuek, klima-aldaketaren bidez, hazkundearen sinkronia baldintzatzen dutela, eta ale gazteak dituzten basoak direla ahulenak klima-aldaketaren aurrean“, adierazi du Julen Astigarragak, ikerketaren egile nagusiak.
Azterlanak azpimarratzen du oso garrantzitsua dela egiturari dagokionez anitzak diren basoak mantentzea klima-aldaketaren ondorioak arintzeko. “Oro har, egitura anitzenak baso helduetan egon ohi dira. Baina era horretako oso baso gutxi daude Europa kontinente osoan. Aldi berean, ordea, oso baliotsuak dira klima-aldaketaren inpaktuak arintzeko azterlan honetan agerian geratu den bezala”, aipatu du Paloma Ruiz-Benitok, Alcaláko Unibertsitateko ikertzaileak.
Modu harrigarrian, orain argitaratu den lanak agerian utzi du pago motzen basoek erresilientzia handia erakusten dutela klima-aldaketaren aurrean. Pago motzen basoen ezaugarri nagusia da enbor nagusian kimu ugari izatea eta ekosistema kultural eta ekologikoa osatzen dute, eta oso ohikoak dira Gipuzkoan.
“Basoetako aniztasun estrukturala handitzeak, zuhaitzen hazkundean sinkronia gutxitzeaz gain, lagun dezake zuhaitzen heriotza tasa gutxitzen, karbono bahiketa indartzen eta bioaniztasuna sustatzen, eskuragarri dauden habitatak ugarituko liratekeelako”, gehitu du Asier Herrero UPV/EHUko ikertzaileak.
Azterlana penintsula osoko ikertzaileen arteko elkarlanari eta Oñatiko (Gipuzkoa) bizilagunen eta basozainen laguntzari esker bideratu ahal izan da. Izan ere, datuak biltzeko prozesuan laguntza eta interesa handia izan dute. “Ikaragarria izan da lana egiteko garaian bertako komunitatearengandik jaso dugun eskuzabaltasuna. Espero dugu azterlan honen emaitzek klima-aldaketaren aurrean pagadiak egokitzen lagunduko dutela eta ez soilik Oñatin, baizik baita Europa kontinente osoan ere”, amaitu du Astigarragak.
Iturria:
UPV/EHU prentsa bulegoa: Klima aldaketak sinkronia handitzen du zuhaitzen hazkundean.
Erreferentzia bibliografikoa:
Forest structural diversity modulates tree growth synchrony in response to climate change. Forest Ecology and Management, 579. DOI: 10.1016/j.foreco.2025.122505