Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Mikrobiologia
Askoz birus gehiago daude munduan pertsona baino eta harago begiratzen badugu, kosmosean ustez dauden izar guztiak baino askoz birus gehiago daude ere. Birusak asko dira, bai, eta orokorrean “izen txarra” dute, gaitz edo kaltearekin lotzen baititugu, baina guztiak ez dira kaltegarriak. Miren Basaras mikrobiologoaren lan esparrua dira eta, haren esanetan: “Badakigu gaur egun kaltegarriak diren birus horietaz gainera badaudela mesedegarriak direnak. Asko falta da ikertzeko oraindik, baina badirudi gure barruan dauden eta ezezagunak diren zereginak dituzten hainbat birus daudela, guretzat mesedegarriak direnak”. Informazio guztia Berria egunkarian.
Fisika
2024. urtea fisikan aurrerapen handiz beteta egon zen: energia iluna ahultzen ari dela iradokitzen duten zantzuak aurkitu ziren, materia ilunaren hautagai berriak aztertzen aritu ziren, eta James Webb teleskopioak unibertsoaren lehen garaiak argitzen jarraitu zuen. Laborategietan, supersolidoak eta supereroale berriak sortu ziren, eta kalkulu kuantikoan lorpen esanguratsuak egin ziren. Aldi berean, fisikari teorialariek espazio-denboraren ulermena zalantzan jarri zuten ideiak garatu zituzten. Urte oparoa izan zen, baina aurkikuntza batzuk baieztatzeko zain daude oraindik. Informazio guztia Zientzia Kaieran.
Ingurumena
Ekologistak Martxan erakundeak Hego Euskal Herriko ikastetxeen inguruko aire kalitatea aztertu du. Emaitzen arabera neurtutako zonaldeetan nitrogeno dioxidoaren mailak (NO2) Osasunaren Munduko Erakundearen gomendatutako mugak gainditzen dituela ohartu dute. Airearen kalitatea eskola inguruneetan 2025 txostenerako lau udalerritan egin dute aurtengo azterketa: Donostian, Bilbon, Barakaldon (Bizkaia) eta Tuteran (Nafarroan). Emaitzak ikusita ekologistek mugikortasun eredua aldatzea proposatzen dute. Datuak Berrian.
Geologia
2023an, ikertzaileek Borealis lohi-sumendia aurkitu zuten Norvegiako itsasoan. Metano-isuriek sortutako karbonato-egiturek ekosistema berezia osatzen dute, desagertzeko arriskuan dauden itsas espezie polarrentzako babesleku bihurtuz zonalde hori. ROV Aurora urrutiko kontrola duen ibilgailuaren bidez sedimentuak aztertu dituzte, eta duela 2.5 miloi urte desagertutako espezieen ondareak ere aurkitu dituzte. Lohi-sumendi honek klima-aldaketan eta karbonoaren zikloan duen eragina nabarmena da. Norvegiako estatuak hurrengo bost urteetan lur eta itsasoen % 30 babesteko konpromisoa hartu du. Azalpenak Zientzia Kaieran.
Pedagogia
Josune Rodriguez Negrok Gorputz Hezkuntzaren irakaskuntza-metodologien eragina aztertu du Lehen Hezkuntzako ikasleen garapen integralean. Bere doktorego-tesian, jolasean oinarritutako eta metodologia tradizionalaren arteko aldeak ikertu zituen 380 ikaslerekin. Ikerketaren emaitzak garapen motorreko arloan adinaren araberakoak izan ziren: Lehen Hezkuntzako lehen urteetako haurrek gehiago hobetu zuten metodologia tradizionalarekin, eta haur nagusienek (> 8 urte), aldiz, jolasetan oinarritutako irakaskuntza-metodologiarekin. Irakasleek metodologia desberdinetako esku-hartzeak garatu beharko lituzketela garatu nahi duten aldagaiaren eta ikasleen adinaren arabera nabarmendu du Rodriguezek. Zientzialari honen inguruko informazio gehiago UEUko webgunean.
Medikuntza
Begoña Calvo Hernaez eta Monica Martinez Zengotitabengoa UPV/EHUko Farmazia Fakultateko irakasleak eta ikertzaileak dira eta sei urtez antidepresiboen preskripzioak aztertu duen ikertalde bat gidatu dute. Ikerketan 2018tik 2024ra arteko botika-preskripzioak ikertu dituzte eta errezetatu diren botiken analisia egin dute hiru denbora-tartetan: pandemiaren aurretik, pandemia garaian eta pandemiaren ostean. Emaitzak erakutsi dute, alde batetik, pandemia garaian depresioaren kontrako botika asko errezetatu zirela; bestalde, batez ere 40 urtetik beherako emakumeei errezetatu zitzaizkiela antidepresiboak pandemia garaian eta, azkenik, pandemia ostean pandemia garaian baino antidepresibo gehiago errezetatzen direla. Ikerketaren nondik norakoak Berrian.
UT Southwestern Medical Center-eko ikertzaileek aurkitu dute minbizi-zelulek T linfozitoei mitokondrioak “lapurtzen” dizkietela nanohodien bidez, haien funtzioa ahulduz. Mekanismo horrek immunoterapia arrakastarik gabe uzten laguntzen du. Japoniako beste ikerketa batek baieztatu du prozesua bidirekzionala dela: minbizi-zelulek mitokondrio osasuntsuak eskuratzen dituzte, eta T linfozitoek akastunak jasotzen dituzte. Aurkikuntza honek tratamendu berrien bidea zabal dezake zelulen arteko mitokondrio-transferentzia oztopatuz. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran.
Zoologia
Ez, pinguinoek ez dute hegan egiten, baina horrek abantaila nabarmen bat ekarri die: pinguinoak urpekari apartak bihurtu dira. Hala azaldu du Miren Bego Urrutia Fisiologiako katedradunak “Zergatik dituzte hegoak pinguinoek ezin badute hegan egin?” galderari erantzunez, Zientzia Kaierako Gazte-galderak atalean. Azaldu duenez, eboluzioak pinguinoak hegan egiteko gaitasuna galtzera eraman zituen, urpeko bizitzan espezializatzearen truke. Hegan eta igeri bateratzeak energia kostu handia dakar, eta pinguinoek igeriketa hobetsi zuten. Horrela, ur azpiko bizitzara moldatu dira, lurrean trakets ibili arren. Euren anatomia ipar-pottorroen antzekoa da, eta eboluzioaren bide berezi baten adibide dira.
Farmakologia
Nekane Martin Mendia farmakologian ikertzailea da I+Med enpresan, eta bere jakin-minak ikerketaren bidea hartzera bultzatu zuen. Askapen kontrolatuko nanopartikulak ikertzen ditu oftalmologian, teknologia erabilgarriak garatzeko helburuarekin. I+Meden, doktoretza egiten ari da eta proiektu osoak garatzen ditu, emaitza praktiko eta komertzialak izan dezaten. Zientzialari honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran.
Egileaz:
Enara Calvo Gil kazetaria da eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren komunikazio digitaleko teknikaria.