Atsotitzak esaera labur eta zorrotzak dira. Ateraldi edo sententzia gisa har daitezke eta badira pentsaera jakin baten isla ere. Horietako bat da “Jakinduriek mundue erreko dau” atsotitza, ezagutzarekiko mesfidantza agertzen duenak. Baina ekainaren 2an Ondarroko Kofrafia Zaharrean erremedioa jarriko diogu esaera zaharrari, ezagutza errimekin jantziz.
Hamar urtez Ondarroan ezagutza zientifikoa zabaltzen jardun duen Zientziaren Giltzak elkartearen urteurrena ospatzeko, UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Ondarroako Udalak, Zientziaren Giltzak elkartearekin elkarlanean, bertsozientzia emanaldia antolatu dute zientzialarien jakinduriek eta betsolarien errimek oholtza bete dezaten.
Kike Amonarriz soziolinguista eta umoregilearen batutapean Josune Aramendi eta Andoni Egañak bertsoak jarriko dizkiete Miren Basaras, Josu Lopez-Gazpio eta Ainara Sangroniz zientzialariek jorratutako gaiei.
Basaras Mikrobiologian doktorea da eta UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakaslea da eta birusen “fama” txarrari erreparatuko die haren hitzaldian. Uste okerrei aurre eginez, publikoari erakutsiko dio birus gehienak ez direla kaltegarriak, asko onuragarriak ere izan daitezkeela baizik.
Lopez-Gazpio Kimikan doktorea da eta Udako Euskal Unibertsitateko Goi-mailako Online Institutuko irakaslea. Hitzaldian atzera begiratuko du, iraganera, eta Johan Hultin patologoaren ikerketaz hitz egingo du. Urte luzez 1918ko gripea aztertu ondoren, 2002an gizateriak pandemia bat jasango zuela esan zuen ikertzailea, hain zuzen ere.
Azkenik, Sangroniz ikertzaileak sukaldatzen jarriko du ikuslegoa. Errezeta simple bati ekingo dio: arrautza egosi perfektua nola lortu azalduko du (hori bai, zientifikoki). Sangroniz Kimikan doktorea da eta, gaur egun, UPV/EHUko Kimika Fakultateko irakaslea eta ikertzailea da.
“Jakinduriek mundue erreko dau” bertsozientzia saioa ekainaren 2an, astelehena, izango da arratsaldeko 18:30ean Ondarroako Kofradia Zaharrean. Sarrera librea izango da lekuak bete arte.
Ondarroan “Jakinduriek” bat egingo du bertsoen errimekin
- Hasiera data
- Amaiera data
- Ordutegia
- 18:30etatik 20:00etara
- Tokia
- Kofradia Zaharra
- Helbidea
- Azoka plaza, 35, Ondarroa