Asteon zientzia begi-bistan #534

Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

albo ondorio
Irudia: Kindel Media – Iturria: Pexels

Kimika

Euskal Herriko Unibertsitateko FARMARTEM ikerketa-taldeak aurkitu du nola hobetu daitekeen Vespa velutina liztor asiarraren aurkako jaki proteikoen iraupena eta eraginkortasuna. Jaki hauek, biozida dutenak, ez dira narriatzen hotzean eta CO₂-arekin gordetzen badira. Horrela, liztorrek jakiak onartzen jarraitzen dute, eta habietako larbak hil egiten dira, espezie inbaditzailearen hazkundea geldiaraziz. Metodoak kalte handiak jasaten dituzten erlezaintzaren eta nekazaritzaren babeserako balio du. Azterketak erakutsi du CO₂-ak usain desatseginak sortzea saihesten duela, eta jakiaren erabilgarritasuna gutxienez 14 egunez mantentzen dela. Emaitzek jaki-ekoizleentzat eta erlezainentzat gida baliotsua eskaintzen dute. Datuak Zientzia Kaieran.

2024ko Ig Nobel saria jaso zuen ikerketa batek aztertu zuen tratamenduek eragindako albo-ondorio arinek haien eraginkortasunean duten eragina. Sudurreko esprai baten bidez, ikertzaileek frogatu zuten tratamendu faltsu batek (plazeboa), albo-ondorio arinak (kapsaizinaren erredura-sentsazio) sortzen dituenean, eraginkorragoa dela, gaixoek tratamenduarekiko espektatibak handitzen direlako. Ondorioz, espektatiba horiek eraginkortasuna areagotu dezakete, eta, litekeena da etorkizunean, sendagaien eragina hobetzeko, albo-ondorio arinak nahita eragitea planteatzea. Xehetasunak Zientzia Kaieran.

Energia berriztagarria

Euskal Herriko Unibertsitateko Ekopol ikerketa-taldeak kalkulatu du Gasteizko teilatuetan panel fotovoltaikoak jarriz hiriaren elektrizitate beharraren % 38 asetzea posible dela. Zehaztasun handiko metodologia berri batez lortutako emaitzek erakusten dute teilatuen erdia bideragarria dela, batez ere periferian. Hala ere, ikertzaileek ohartarazi dute energia berriztagarriak ez direla nahikoa, eta trantsizio ekosozial baterantz jo beharra dagoela, kontsumoa murriztuz. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Energia

Adimen artifizialak datu-zentroen hazkundea eragin du, eta hauek energia-kontsumo handia dute. Erronka energetikoei aurre egiteko, biltegiratze elektrokimikoak (sodio-ioi bateriak, superkondentsadoreak eta sodio-ioi kondentsadoreak) soluzio jasangarri eta eraginkor gisa aurkezten dira. Teknologia hauek UPS sistemetan, energia berriztagarrien integrazioan eta potentzia-gailurren kudeaketan lagun dezakete. Datu-zentroek sare elektrikoarekin elkarreraginean jardungo dute etorkizunean, eta horretarako, ikerketa eta garapena funtsezkoak dira teknologia horiek zabaltzeko. Horretan dabiltzan ikerketa-zentroetako bat CIC energiGUNE da. Informazioa Zientzia Kaieran.

Adimen artifiziala

AEBn egindako ikerketa batek erakutsi du GPT-4 adimen artifiziala pertsonak baino % 64 eraginkorragoa dela Interneteko debateetan besteen iritziak aldatzen, baldin eta parte-hartzaileen informazio pertsonala ezagutzen badu. Datu pertsonalik gabe, ordea, ez da alde nabarmenik. Ikerketa Nature Human Behaviour aldizkarian argitaratu dute, eta adituek ohartarazi dute txaten erabilerak sor ditzakeen arrisku posible gehiago aztertu behar direla. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Ingurumena

Bartzelonako Unibertsitate Autonomoak egindako ikerketaren arabera, ipar globaleko ehun konpainia multinazional baino ez dira erauzketa-gatazka guztien % 20aren atzean. Shell, Glencore edo Repsol bezalako enpresek hegoalde globaleko komunitateetan kalte larriak eragiten dituzte: lekualdatzeak, lurren galera, eta ingurumen-hondamendiak, besteak beste. EJAtlas datuak aztertuta, ikusi dute konpainia hauek baliabideak eta onurak pilatzen dituztela, eta inpaktu sozial eta ekologikoak hegoaldeak jasaten dituela. Gainera, kontrol-neurriak ez direla eraginkorrak salatu dute. Ikerketaren nondik norakoak Elhuyar aldizkarian.

Astrofisika

Astronomoek izar-barra bat aurkitu dute J0107 izeneko galaxia goiztiar batean, Unibertsoak 2.600 milioi urte zituenekoa. Izar-barrek normalean galaxia helduetan agertzen dira, baina aurkikuntza honek erakusten du egitura konplexu horiek lehenago ere existitzen zirela. J0107k izar sorkuntza-tasa izugarri handia du, eta behaketek iradokitzen dute barra batek gasa erdigunera bideratzen duela, izarrak sortuz talkarik gabe. Horrek galaxien eboluzioa lehenago hasi zela adierazten du. Ikerketa Nature aldizkarian argitaratu da. Informazioa Elhuyar aldizkarian.

Neurozientzia

Edith Graef McGeer kimikaria eta neurozientzialari aitzindaria izan zen, alzheimerraren aurkako ikerketetan eragin handia izan zuena. Genero oztopoak gainditu zituen eta senarrarekin batera egindako lanari esker, ehunka argitalpen eta hamar patente lortu zituen. 2012an Auryn Biotech sortu zuen alzheimerra tratatzeko sendagaiak ikertzeko. Kanadako Ordenako domina hirukoitza jaso zuen eta Kanadako Errege Elkarteko kide izan zen. Zientzialari honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran.

Matematika

Marithania Silvero matematikaria korapilo matematikoak ikertzen ditu, eta 2015ean Louis Kauffmanen 1983ko aieru ospetsu bat gezurtatu zuen, bi korapilo familia desberdinak direla frogatuz. Matematika hutsa eta aplikatua uztartzearen garrantzia azpimarratzen du, eta eguneroko arazoak konpontzeko funtsezkotzat jotzen ditu. Haren ustez, matematikak pentsamendu kritikoa eta logika garatzeko tresna dira. Korapiloen teoriak, berez abstraktua izan arren, DNA bezalako arloetan aplikazio praktikoak ditu. Gizartean matematiken garrantzia zabaltzea ere bere lanaren parte dela dio. Zientzialari honen inguruko informazio gehiago Berrian.


Egileaz:

Enara Calvo Gil kazetaria da eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren komunikazio digitaleko teknikaria.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.