Antzinako Egiptoko biztanle baten DNArik zaharrenaren sekuentziazioak eta haren hezurren azterketak lehen dinastietako bizitzaren gaineko informazio ugari eman die ikertzaileei.
Haren izena ez dakigu, eta ez zuten momifikatu, baina genetikari eta antropologiari esker, Egiptoko III. edo IV. dinastian bizi izan zen gizonezko batek nolabait berpiztea lortu du. Izan ere, zientzialariek pertsona horren bizitzari buruzko informazio andana eskuratu dute haren arrastoak aztertzen: antzinako egiptoar baten DNArik zaharrena sekuentziatzea lortu dute, eta hezurren azterketa antropologikoak informazio osagarri asko eman du.

Hezurrengatik, kalkulatu dute 44 eta 64 urte bitartean hil zela, eta isotopoen analisian oinarrituta, ondorioztatu dute Egipton bertan hazitakoa zela. Kalkulatu dute gizon hori Kristo aurreko 2855-2570 urteen artean bizi izan zela, Dinastia Goiztiarraren amaieran eta Erresuma Zaharraren hasieraren arteko trantsizioan, hain zuzen. Kairotik (Egipto) 265 kilometrora dagoen Nuwayrat herriko hilobi batean aurkitutako gorpua zeramikazko ontzi zigilatu batean zegoen.
Genoma osoa eskuratzea ez da izan erronka makala. Izan ere, orain arte, Antzinako Egiptoko biztanleen hiru genoma partzialki berreskuratu izan dira, baina aurreneko aldia da genoma bat osorik berreskuratzen dena. Bertako baldintzak ez dira egokienak informazio genetikoaren kontserbaziorako. Baina momifikazioa ohikoa zen zibilizazio batean, hilobiratze berezi horrek baldintza ezin hobeak eskaini ditu DNAren kontserbazioa ziurtatzeko.
Francis Crick Institutuko eta Liverpoolgo John Moores Unibertsitateko (Erresuma Batua) ikertzaile talde batek Nature aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean azaldu dutenez, orotara DNA zazpi lagin hartu dizkiote, eta horietatik bi sekuentziatzeko moduko kontserbazio egoeran daudela ikusi dute. Hortz batetik atera dute DNArako lagina. Zehazki, hortzen sustraietan dagoen hortz zementuan eskuratu dute lagina; hortzak barailara lotzen direneko puntuan, hain zuzen. Gaur egungo 3.233 DNA laginekin eta antzinako beste 805 laginekin alderatu dituzte emaitzak.
Aztertutako genomaren % 80 Ipar Afrikako Neolitoko populazioetatik dator. Gainerako % 20, berriz, Mesopotamia ingurutik datorrela egiaztatu dute. Hala, ondorioztatu dute Ekialde Hurbiletik populazio mugimenduak egon zirela, eta Ipar Afrikako populazioekin nahasi zirela. Hortaz, ikerketak berretsi du antzinako egiptoarrek harreman estuak zituztela Ekialde Hurbilko populazioekin, aurreko azterketa arkeologikoek iradokitzen zutena genetikoki baieztatuz. Izan ere, antzeko objektuak aurkitu izan dira bi eremuetan. Baina orain arte ez zegoen hori berresten zuen ebidentzia genetikorik. Dena dela, ohartarazi dute genoma bakar batek ez duela zertan populazio oso baten adierazgarri izan, eta sekuentziazio gehiago beharko direla garaiko egiptoarren ezaugarri genetikoak hobeto ezagutzeko.

Ontzi baten barruan eta zulatutako harri batean ehortzita egoteagatik, ikertzaileek ondorioztatu dute nolabaiteko estatus soziala zeukan pertsona zela. Baina, horrez gain, hezurren azterketa antropologikoak informazio interesgarri asko eman du ere.
Azken hau, beste behin, funtsezkoa izan da, gero eta gehiago, arkeologia diziplina arteko lanen emaitza delako. Modu horretan eskuratu daiteke iraganaren ahalik eta puzzlerik osatuena. Joel Irish antropologoak zehaztu duenez, hezurretan aurkitutako higadura markek eta artritisak adierazten dute gizonak lan fisiko gogorra egin zuela bizitzan zehar, ziurrenik eltzegile gisa. Besteak beste, iskion eta besoetako hezurretan muskulu markak aurkitu dituzte, eta lepoan eta oinean, berriz, artritis nabarmena. Zantzu horietan oinarrituta, ondorioztatu dute denbora luzez eserita egon zela, beso eta hankak luzatuta, eta burua beherantz mantenduz. Hori dela eta, iradoki dute eltzegilea izan ahal zela. Dena dela, onartu dute normalean lanbide hori zutenek ez zeukatela hilobiratze motak adierazten duen estatus altua. Kontraesan hori saihestu aldera, adierazi dute agian bereziki trebea edo arrakastatsua izan zela, eta handik eskuratu zuela estatus soziala.
“Gizaki honek bidaia izugarria egin du. Antzinako Egipton gertatu zen aldaketa garai kritiko batean bizi izan zen. Haren hezurdura 1902an aurkitu zen, eta Liverpoolgo Munduko Museora eraman zuten. [Bigarren Mundu Gerran gertatu zen] Blitz-ean bilduma horretako giza arrasto gehienak suntsitu zituzten bonbardaketetatik onik atera zen”, adierazi du Linus Girdland Flink ikertzaileak prentsa ohar batean. “Orain, bere historiaren parte bat kontatzeko aukera izan dugu”.
Erreferentzia bibliografikoa:
Morez Jacobs, Adeline; Irish, Joel D.; Cooke, Ashley; Anastasiadou, Kyriaki; Barrington, Christopher; Gilardet, Alexandre; Kelly, Monica; Silva, Marina; Speidel, Leo; Tait, Frankie; Williams, Mia; Brucato, Nicolas; Ricaut, Francois-Xavier; Wilkinson, Caroline; Madgwick, Richard; Holt, Emily; Nederbragt, Alexandra J.; Inglis, Edward; Hajdinjak, Mateja; Skoglund, Pontus; Girdland-Flink, Linus (2025). Whole-genome ancestry of an Old Kingdom Egyptian. Nature. DOI: 10.1038/s41586-025-09195-5
Egileaz:
Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.