(Ez dira) lur(rak) (eta ez dira) arraroak

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Azkenaldian, lur arraroak gaurkotasun gai gorienetariko bat dira mundu osoan, herrialde batzuek horiek eskuratzeko duten premia dela eta. Baina, zer dira lur arraroak? Eta, zergatik dira hain garrantzitsuak?

Hasteko, esan behar dut izenak berak bi oker eragiten dituela. Alde batetik, lur hitzak lursail baten alderik azalekoena estaltzen duen sedimentua ekartzen digu gogora; hau da, lurzoru mota bat. Baina hori ez da errealitatea. Lur termino arkaikoa da eta kimikaren alorrean erabiltzen da naturan oxido forman agertzen diren elementuei erreferentzia egiteko. Egun termino hori erabiltzen jarraitzen da, ia-ia omenaldi gisa, baina ez du lur terminoaren sedimentu definizio geologikoarekin zerikusirik. Eta, beste alde batetik, arraro hitzak pentsarazten digu oso urriak direla, baina hori ere ez da egia. Elementu horiek erlatiboki ohikoak dira gure planetan. Izan ere, guztizko terminoetan kalkulatzen da Lurrean dagoen urre guztia baino ugariagoak direla. Hala ere, arraro esaten zaie, oro har, oso kontzentrazio txikietan agertzen direlako mineral eta arroken barruan, eta, batez ere, horien diferentziazio kimikoa (hau da, mineralen gainerako osagarrietatik erauztea) oso konplexua eta nahiko zaila delako.

arraroak
1. irudia: elementu kimikoen taula periodikoa, zeinetan lur arraroak markatuta dauden. (Argazkiak: Jr.etxebarria – CC BY-SA 4.0. lizentziapean. Iturriak: Wikimedia Commons)

Orduan, zer dira lur arraroak? Bada, termino horrek taula periodikoko 17 elementu kimikori egiten die erreferentzia: lantanidoen serieko 15 elementu (lantanoa, zerioa, praseodimioa, neodimioa, prometioa, samarioa, europioa, gadolinioa, terbioa, disprosioa, holmioa, erbioa, tulioa, iterbioa eta lutezioa) eta eskandioa eta itrioa. Elementu horiek ez dira gure planetan agertzen modu natiboan, kobreak edo urreak egin dezaketen moduan; beti agertzen dira konposatuak sortuta mineral batzuen egitura kimikoan, kontzentrazio oso txikietan; hain zuzen ere, milioiko parteetan (ideia bat izan dezazuen, kontzentrazioak ehunekotan 1/100 partekoak dira, eta milioiko parteetan guztizkoaren 1/1.000.000 partekoak).

Lur arraroak mineral gutxi gorabehera ezagunetan ager daitezke, hala nola apatitoan edo klinopiroxenoetan, bai eta izen arraroagoak dituztenetan ere, hala nola monazitan edo bastnasitan. Baina lur arraroen kontzentrazioak dituzten mineral horiek ez dira edozein lekutan sortzen; testuinguru geologiko oso zehatzak behar dituzte. Nagusiki, arroka igneoak —batez ere bolkanikoak— dauden lekuetan agertzen dira: oso sakoneko magmak igotzean sortzen dira, eta magmak elementu kimiko horiek hartzen joaten dira mantuan eta azalean igotzen ari diren bitartean. Lur arraroetan aberatsak diren arrokak zeharkatu dituzten fluido hidrotermalekin harremana izan duten eta metamorfismo partikularrak izan dituzten lekuetan ere ager daitezke. Kasu horretan, gainazaleranzko zirkulazioan, lur arraroak prezipitatzen dituzte zain mineraletan zehar. Eta hirugarren testuinguru batean ere ager daitezke, oraindik ere bereziagoa dena: arroka igneo eta metamorfiko horien zatiak beren osaeran lur arraroak dituzten mineralekin higatu eta jalkitzean sortzen diren ingurune sedimentarioak.

arraroak
2. irudia: A) kuartzoko kristalen artean (koloregabeak) monazita mineralaren kristalak (laranjatuak) dituen alea, Boliviako Siglo Veinte meatzetik ateratakoa. B) bastnasita mineralaren alea, Burundin eskuratua. A) Argazkia: Robert M. Lavinsky – CC BY-SA 3.0. lizentziapean. Iturriak: Wikimedia Commons). B) (Argazkia: Kouame – CC BY-SA 3.0. lizentziapean. Iturriak: Wikimedia Commons)

Hasieran esan dizuedan moduan, meatoki horiek ustiatzea ez da merkea, ez eta erraza ere. Lur arraroak dituzten mineralak interesatzen ez zaizkigun beste mineral batzuekin nahastuta agertu ohi dira. Hortaz, erauzi nahi ditugun eremuen eta materialen aurretiazko hautaketa eta azterketa geologiko oso xehatua egin behar dira. Eta, mineralak lortu ondoren, prozesu kimiko luze eta konplexu bat aplikatu behar zaie, lur arraroak isolatu ahal izateko. Horretarako, meatokiaren bideragarritasun ekonomikoaren aurretiazko analisi bat egin behar da, ustiapenarekin etekina lortuko dela bermatzeko. Izan ere, oso erraza da enpresek porrot egitea kontuz ibiltzen ez badira.

Hori guztia ulertu ondoren, zergatik dira hain ospetsu eta garrantzitsuak lur arraroak? Propietate magnetiko eta lumineszenteak dituztelako. Egun, ezinbesteko osagai bihurtu dira trantsizio ekologikoaren estrategian. Izan ere, hauen guztien parte dira jada: katalizatzaileak, imanak, bateriak, osagai elektronikoak edo aerosorgailuen pantailak, ibilgailu elektrikoak edo mekanismo informatikoak. Halaber, lehentasunezko rola betetzen dute aurrerapen medikoan, ahalbidetu egiten baitute minbizia eta antzeko gaixotasun kaltegarrien diagnostikorako eta tratamendurako tresna berriak sortzea. Horregatik guztiagatik, material kritiko eta estrategikoen zerrendetan sartu dira zuzenean mundu osoan. Horrenbestez, horiek bilatu eta ustiatzeak berekin ekarriko luke Estatu Batuak edo Europak hirugarren herrialdeekiko mendekotasunik ez izatea, hala nola Txinarekikoa, herrialde hori baita, gaur egun, lur arraroen esportatzaile nagusia.

Baina bada, halaber, arrazoi ez hain zintzo eta prosaikoago bat lur arraroek egun hartu duten garrantzia azaltzeko. Lur arraroak oinarrizko materiala dira armamentu industriaren garapenerako. Satelite efizienteagoak, komunikabide hobeak, posizionamendu eta gaueko zaintzako gailu berriak, ibilgailu militar autopropultsatuak eta blindaje gailu hobeak dituztenak, suntsipen gaitasun handiagoko armamentua, distantzia luzeagoak egin ditzaketenak eta autonomia handiagoa dutenak, eta abar luze bat. Beharbada, lur arraroen erabilera horrek, etorkizun jasangarriago bat bilatzetik haratago, egungo munduan gertatzen diren gauza gehiago azaltzen ditu.

Film postapokaliptikoek —Mad Max, esaterako— erakutsi digute urak eta erregaiak eragingo dituztela etorkizuneko gerrak. Baina badirudi hirugarren gai bat ahaztu zitzaiela: mineral kritikoen bilaketa. Nahiago dut pentsatzea horrelakorik ez dela gertatuko, eta, egun ziurra den kontu bakarra dela Geologiak aukera emango digula humanitateak gizarte mailan eboluzionatzen jarraitu ahal izateko behar dituen baliabide naturalak modu seguru eta jasangarrian bilatu eta ustiatzeko. Espero dut hala izatea.


Egileaz:

Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.


Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2025eko martxoaren 13an: (Ni son) tierras (ni son) raras.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.