AEBtako ikertzaile talde batek munduan ezagutzen diren 2,3 milioi espezieak elkarlotu ditu mapa erraldoi batean. Lurraren eboluzio biologikoaren historian 3.500 milioi urte atzera egiteko aukera ematen du eskema honek. Sarean jarri dute, edonork erabiltzeko eskuragarri.
Ba al dakizu animaliek, biologikoki, lotura handiagoa dutela onddoekin landareekin baino? Adituek badakite hori, baina haientzat ere, oso baliagarria da munduko espezie bizidun guztiak modu eskematikoan ikusi eta aztertu ahal izatea, behar bezala sailkatuta eta batzuen eta besteen arteko lotura eta bilakaera txukun azalduta.
Hori lortzeko bidean, inoizko saiakerarik handiena egin du AEBtako hamaika instituziok osatutako ikerketa talde batek. Ipar Karolinako Duke Unibertsitateak gidatu duen proiektu honetan, bizitzaren zuhaitz erraldoia eraiki dute: munduan ezagutzen ditugun 2,3 milioi espezieak elkarlotu dituzte mapa moduko batean. Animaliak, onddoak, landareak, mikrobioak… Lurraren eboluzio biologikoaren historian 3.500 milioi urte atzera egiteko aukera ematen du eskema honek. Baliabidea sarean jarri dute, gainera, eta edonork erabiltzeko moduan dago erakusgai. Era berean, egindakoaren berri emateko, ikertzaileok artikulu bat argitaratu dute PNAS aldizkarian.
Hiru urte luze iraun du proiektu honek, eta bertan parte hartu dutenek azaldu bezala, aurkeztu duten zuhaitz hau “zirriborro” bat da; oinarri bat, haren gainean etengabe hobekuntzak egitea helburu. Lana ez dute hutsetik abiatu, izan ere, lehendik ere argitaratuta zeuden 500 zuhaitz biologiko inguru bildu eta hortik abiatu dira.
Zuhaitz askoz txikiagoak ziren, horietako bakoitzak bizidunen historia luze honen zati edo adar zehatz bati erreparatzen baitzion. Zuhaitz txiki horiek guztiak bildu, sailkatu eta behar bezala elkarlotzea izan da aurkeztu berri duten proiektu honen meritu nagusia. “Puntu guztiak konektatzeko eta biltzeko egin den benetako lehen saiakera da honakoa. 1.0 bertsioa dela esan genezake”, dio Karen Cranston Duke Unibertsitateko kideak eta proiektu honen ikertzaile nagusiak.
Mapa erraldoi honetan ez da aurkikuntzarik edo aparteko daturik ageri; bere helburua ez baita hori, informazio guztia ulergarri eta eskuragarri jartzea baizik. “Azpiegitura bat eraiki dugu, zuhaitz osoaren gaur egungo laburpen honi eutsi ahal izateko, informazio berria eskuratu ahala. Software berria eta ondo aztertutako datu mordoak osatzen dute azpiegitura hori”, azaldu dute ikertzaileok.
Espezieen arteko loturak argiago ikusteko balio du mapa honek. Gainera, lotura horiek zenbat eta hobeto ulertu, orduan eta lagungarriagoa izango zaie ikertzaileei beste helburu batzuk lortzeko ere: botika berriak aurkitu, HIESa edo ebola bezalako infekzioen jatorria zein den eta hedapena nola gertatu zen ikusi…
Zirriborro erraldoi hau osatzeko bi zailtasun nagusi izan dituzte ikertzaileek. Batetik, espezieen izendapena ez da beti modu berean egiten: zientzialari batek eta besteak espezie berari izen desberdina eman diotela, historiaren uneren batean izena aldatu zaiola, izen osoaren ordez laburdura jarri diotela zuhaitza egituratzean… Halako arazo arruntek buruhauste handiak eman dituzte proiektu honetan, zuhaitz erraldoia osatzeko bildu dituzten zuhaitz txiki guztien bateratzea lortzeko bidean. Esaterako, ekialdeko saguzar gorria (eastern red bat) delakoak bi izendapen zientifiko desberdin jaso ohi ditu: Lasiurus borealis eta Nycteris borealis. Halakoek gaizki-ulertuak eragiten dituzte gisa honetako zuhaitz erraldoiak eraiki nahi direnean.
Bestetik, analogikotik digitalerako jauziak ere zailtasun handiak eragin ditu. Izan ere, orain arte osatu izan diren zuhaitz biologiko gehientsuenak PDF dokumentu edo argazki moduan argitaratu izan dira, eta beraz, ezinezkoa da informazio hori guztia datu-base digital batean sartzea eta beste zuhaitz batzuekin bateratzea. “Zientzialariek gai honen inguruan dakitena askoz ere gehiago da, euskarri digitalean benetan eskuragarri dagoena baino”, adierazi du Cranstonek.
Horrenbestez, ikertzaile honek berak adierazi bezala, bizitzaren zuhaitz erraldoiaren 1.0 bertsioa baino ez da hau. Oraindik asko baitago egiteko, ulertzeko eta ezagutzeko.
Erreferentzia bibliografikoa:
Cody E. Hinchliff et al. Synthesis of phylogeny and taxonomy into a comprehensive tree of life. PNAS 2015; published ahead of print September 18, 2015, doi:10.1073/pnas.1423041112
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.
1 iruzkina
[…] la vida y lo que nos rodea es diverso e interesante. Un gigantesco árbol de curiosidades, como el árbol de la vida. Un árbol que ha crecido espectacularmente gracias al trabajo desarrollado por un grupo de […]