Industria farmazeutikoek eta sendagaiak arautzen dituzten agentziek, lehentasun estrategiko nagusien artean, molekula enantiomeriko puruen sintesia ezarri dute. Izan ere, frogatu da molekula kiral baten nahaste errazemikoaren eta enantiomero bakoitzaren artean eraginkortasun eta segurtasun desberdintasun nabarmenak daudela. Ondorioz, kimika organikoaren arloan, molekula kiral optikoki puruak lortzeko protokolo sintetiko berriak garatzea erronka zientifiko eta teknologiko garrantzitsua bilakatu da. Helburu hau lortzeak, sendagai berrien garapena sustatzeaz gain, molekula kiralen propietate espezifikoak hobeto ulertzea ahalbidetuko luke.
Industria mailan, molekula optikoki puruak lortzeko metodo erabiliena errazematoen erresoluzioa da, zeinak molekula kiral baten bi enantiomeroak bereiztea ahalbidetzen duen. Erresoluzioa hainbat tekniken bidez erdiesten da, hala nola, kristalizazioaren bidez, non enantiomero baten kantitate txiki bat gehitzeak kristalizazioa bultzatzen duen. Era berean, errazematoen erresoluzioa kromatografia kiralaren bidez ere gauzatu daiteke, fase geldikor kiralez betetako zutabeak erabiliz enantiomeroak banatzeko. Gainera, produktu baten enantiomeroek erreaktibo kiral batekin abiadura desberdinarekin erreakzionatzen dutenean, banaketa erresoluzio zinetikoaren bidez lor daiteke, % 50eko etekin maximoa lortuz. Molekula optikoki puruak kiraltasunaren gordailua teknikaren bidez lor daitezke ere. Metodo honetan, substratu natural optikoki puruak lehengai gisa erabiltzen dira, eta transformazio sintetikoen bidez helburu produktua eskuratzen da. Azkenik, sintesi asimetrikoa laguntzaile kiralen bidez edo metodo katalitiko asimetrikoen (katalisi entzimatikoa, katalisi metalikoa edo organokatalisia) bidez egiten da. Azken metodo honek abantaila ugari eskaintzen ditu besteen aurrean, hala nola, urrats sintetikoen kopurua murriztea eta katalizatzailearen kantitate azpiestekiometrikoak erabiltzea.

Testuinguru honetan, osagai anitzeko erreakzioak (OAE) metodologia ezin hobeak bilakatu dira molekula konplexuak sintetizatzeko, izan ere, OAE-k hiru erreaktibo edo gehiagoren erreakzioa ahalbidetzen dute ‘ontzi bakarreko’ prozeduran. Honek hainbat abantaila erakusten ditu urrats anitzeko protokoloen aurrean, esate baterako, denboraren optimizazioa, efizientzia atomiko handia eta hondakinen murrizketa lortzea. Bereziki, farmazia arloan potentzial handia erakutsi dute, aktibitate handiko molekulen sintesia errazten dutelako.
Lan honetan, potentzial biologiko handia duten γ-laktama α,β-asegabeak era enantioselektiboan lortzeko osagai anitzeko prozedura bat garatu da. Horretarako, etil pirubatoa, bentzaldehidoa eta p-toluidina erabili dira eredu erreakzioaren lehengai gisa, eta katalizatzaile moduan BINOL eta VAPOLetik eratorritako azido fosforiko kiral desberdinak frogatu dira. BINOLetik eratorritako trifenil silil ordezkatzailea duen azido fosforikoak soberakin enantiomeriko altuena eman du (% 67). Katalizatzaile eraginkorrena identifikatu ondoren, optimizazio prozesua jarraitu zen, eta dietil eterra disolbatzaile egokiena eta katalizatzailearen karga optimoa % 10ekoa zela frogatu zen, eredu erreakzioan % 96ko soberakin enantiomeriko aparta lortuz.
Behin erreakzio-baldintzak optimizatu ondoren, osagai anitzeko erreakzioa amina eta aldehido desberdinekin frogatu da, erreakzioaren potentziala argitzeko. Amina aromatikoen ordezkatzaileen kasuan, halogenoek eta talde elektroi-emaileek soberakin enantiomeriko altuak ematen dituzte. Aldehidoen kasuan, aromatikoekin etekin eta enantioselektibitate altuak neurtu dira; aldiz, aldehido heteroaromatikoen erabilerak erreakzioen enantiokontrolaren murrizketa eragin du. Aldehido alifatikoekin, aldiz, soberakin enantiomeriko onargarriak lortu dira. Azpimarratu behar da erreakzio honen bidez % 99 baino altuagoa den soberakin enantiomerikoa lortu dela. Azkenik, X-izpien difrakzioaren analisiaren bidez, lortutako γ-laktama α,β-asegabeen konfigurazio absolutua S dela baieztatu da.
Artikuluaren fitxa:
- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 47
- Artikuluaren izena: γ-Laktama-deribatuen osagai anitzeko sintesi enantioselektiboa.
- Laburpena: Gaur egun, industria farmazeutikoak eta sendagaiak erregulatzen dituzten agentziek molekula enantiomeriko puruen sintesia lortzea ezarri dute beren lehentasun sintetikoen artean. Hori dela eta, kimika organikoan interes handiko helburua bilakatu da molekula kiral optikoki puruak lortzeko egokiak diren protokolo sintetiko berriak garatzea. Testuinguru honetan, osagai anitzeko erreakzioak (OAE) metodologia ezin hobeak dira, sintesi sekuentzial arrunten aurrean erakusten dituzten abantailen ondorioz. Dokumentu honetan, BINOLetik eratorritako azido fosforiko kiralen bidez katalizatutako aminen, aldehidoen eta etil pirubatoaren arteko osagai anitzeko metodologia enantioselektiboa garatu da, konposatu natural eta ez-natural anitzen egituretan aurki daitezkeen γ-laktama α,β-asegabeak eskuratzeko.
- Egileak: Zuriñe Serna-Burgos, Adrián López-Francés, Javier Vicario eta Xabier del Corte
- Argitaletxea: EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 75-92
- DOI: 10.1387/ekaia.26205
Egileez:
Zuriñe Serna-Burgos, Adrián López-Francés, Javier Vicario eta Xabier del Corte EHUko Farmazia Fakultateko OSMC ikerketa-taldeko eta Kimika Organikoa I Saileko ikertzaileak dira.
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
