Fruta jatean primate hauek hartzen duten etanol kopurua kalkulatu du zientzialari talde batek. Egileen arabera, ‘zimino mozkortiaren’ hipotesi ebolutiboa babestuko lituzkete datuek.
Duela hamar milioi urte jazo zen. Eboluzioan gertatu ohi den moduan, aldaketa txiki batek dena aldatu zuen. Kasu honetan, gizakiaren arbaso izan zen primate batean ADH4 genearen mutazioak lehen begirada batean garrantzia asko ez duen zerbait eragin zuen: etanolaren digestioa 40 aldiz azkarrago egitea ahalbidetu zuen.
Zertan lagundu dezake, ordea, alkohola errazago hartzeko gaitasunak? Zenbait antropologoren iritziz, etanolarekiko tolerantzia horrek erraztu zien primate batzuei lurrean botata zeuden frutak modu errazagoan aurkitzea. Horren azalpena da helduagoak dauden frutek —horiek dira, hain justu, botata daudenak— etanol gehiago dutela, eta alkohol horren usaina aiseago atzemateko gai ziren norbanakoek fruta gehiago zutela eskura; hortaz, bizitzaren jokoan bizirauteko aukera gehiago zuten.
Zimino mozkortiaren hipotesia da ideia horren atzean dagoena. Duela bi hamarkada baino gehiago Robert Dudley biologoak planteatu zuen ideia. Horren arabera, alkoholarekiko gizakiek erakutsi ohi duten zaletasuna gure arbaso ebolutiboek zuten dieta frugiboroan oinarritzen da.

Bada, datu berriek hipotesi hori berpizten laguntzen dute. Duela gutxi Berkeley Kaliforniako Unibertsitateko (AEB) ikertzaileek Science Advances aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu bat norabide horretan doa: Afrikako bere ohiko lurraldeetan txinpantzeek eskura dituzten fruituetan dagoen etanol maila aztertu dute ikertzaileek, eta eskuratu dituzten emaitzek erakutsi dute txinpantzeek bi alkoholdun edariren parekoa edaten dutela, gizakiekin alderatuz gero.
Zehazki, ikertzaileek 21 fruta espezie aztertu dituzte txinpantzeak bizi diren bi tokitan: Ugandako Ngogo eta Boli Kostako Taï babeslekuetan. Ikerketaren abiapuntuaren arrazoia agerikoa da: fruta askotan etanola dagoenez, horren eragina kalkulatu nahi izan dute. Ikertzaileek ondorioztatu dute alkohola presente dagoela txinpantzeen ohiko dietan, eta hasieran aipatutako hipotesia babestuz, ondorioztatu dute seguruenera beste horrenbeste gertatuko zela gizakiaren arbasoen kasuan ere.
Aztertutako frutetan dagoen etanola neurtu ostean, ikusi dute batez besteko alkohol graduazioa % 0,26 dela. Gutxi dirudien arren, aintzat hartu behar da animalia hauek batez bestean eguneko 4,5 kilo fruta jaten dutela —beren dietaren hiru laurden inguru fruta da, eta kontsumitutako portzentajea beren pisuaren % 5-10 inguru da—. Beraz, alkohol kontzentrazioa nahiko txikia izanda ere, egunean metatzen den totala handia da.
Baina, horrez gain, aztertu dute fruta horietatik bakoitzak zer nolako pisua duen txinpantzeen dietan, eta, modu horretan, gai izan dira kalkulatzeko txinpantzeek batez bestea zenbat etanol kontsumitzen duten egunerokoan.
Prentsa ohar batean azaldu dutenez, beren ohiko dietan eguneko 14 etanol gramo dagoela kalkulatu dute. Bai eme zein arrek berdin kontsumitzen dute alkohol kopuru hori parekatu daiteke alkoholdun edari normal batean dagoen kopuruarekin. Baina pisua aintzat hartu behar den faktorea da ere: gizaki baten batez besteko pisua 70 kiloren bueltan dagoen bitartean, txinpantzeek 40 bat kilo pisatzen dute. Hortaz, gorputzaren masaren araberako doiketa eginez, ikertzaileek diote ia-ia gizakiek kontsumitutako bi kopen parekoa dela tximinoek hartzen duten kopurua. Azaldu dutenez, AEBetan ohiko kopa batek 14 gramo etanol ditu, eta kopurua 10 gramokoa da Europako ohituren kasuan.

Txinpantzeek aparteko lehentasunik gabe ausaz heldutako fruta kontsumituz gero, oraingo ikerketa honetan kalkulatutako kopurua izango da alkohol kontsumo arruntena, baina fruta helduagoak edo azukre gehiago dutenak aukeratzen baldin badituzte, seguruenera kopuru handiagoa izango dela diote.
Dena dela, animaliak intoxikazio etilikoa dutelako ageriko adierazpenik ez dute aurkitu. Diotenez, mozkortzeko sabela puztuta beharko lukete, eta ez dute horrelakorik ikusi. Ez omen dute intoxikaziorik frutaren kontsumoa egun osoan zehar gertatzen delako, kontzentrazio baxuetan.
Primateak tartean daudenean gertatu ohi den bezala, egungo animalien etologiaren ezagutza handitzeaz gain, hominidoen eboluzioaren inguruko irakaspenak ere atera dituzte, zimino mozkortiaren hipotesiaren alde egiten. Ez da kasualitatea: Dudley bera da ikerketa hau sinatzen duen ikertzaileetako bat. Argudio honi jarraiki, seguruenera, bi espezieen arbaso komunak alkoholarekiko antzeko esposizioa izango zuen, eta horrek azalduko luke substantzia horrekiko gizakiak duen zaletasuna.
Argitzeko dagoen kontu garrantzitsu bat dago, halere: zientzialariek ez dakite txinpantzeek alkohol gehiago duten fruta hauek nahita aukeratzen ote dituzten. Zentzu honetan, gogoratu beharra dago etanol gehiago daukatela helduagoak diren frutak, horiek hartzitzeko moduko azukre gehiago izan ohi dutelako.
Bide beretik, substantzia hau gizakiek bezala metabolizatzen ote duten ezagutu nahi dute. Azken hau argitzeko, gernu laginak jaso dituzte, etanol metabolitoak analizatu ahal izateko. Bide hau jarraituz, txinpantzeen artean alkoholarekiko etengabeko esposizioa zertan den argitu nahi dute.
Zientzialariek gogora ekarri dute animalien artean alkoholaren kontsumoa ez dela mugatzen txinpantzeetara. Aitzitik, frutez eta nektarrez elikatzen diren beste animalia askotan gertatzen da hori. “Harreman hau aztertzeak bidea ireki dezake gizakiak alkoholarekiko duen erakarpenaren jatorri ebolutiboaren inguruko informazioa jasotzeko, eta baita gaur egungo gehiegizko kontsumoaren mekanismoak ikertzen laguntzeko”, esan du Dudleyk.
Erreferentzia bibliografikoa:
Egileaz:
Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.