Susan Fenimore Cooper idazle eta naturalistaren bizitza eta obra kontraesanen sintesi bat da, literatura, zientzia eta familiaren artekoa. Gerora ekologismo izena hartu duen gaiari buruzko testu bikainak egin zituen. Aita autoritario baten pean bizi izan zen, XIX. mendean, baina hark ireki zion, halaber, bikaintasuna lortuko zuen literaturari lotutako lanbiderako atea. Susanek bere inguruko natura liluragarrian jarri zuen fokua eta, horri esker, oso gai desberdinei buruzko hausnarketak egin zituen: Europako espezieak, hau da, espezie exotikoak, haiena ez zen kontinente amerikarrean ezartzea; landareen izenen lirismoa; enaren migrazioa; larru gorri indigenen hilketei buruzko kritika; eta abar.
Emakume aitzindari hori 1813ko apirilaren 17an jaio zen Scarsdalen (New York). James Fenimore Cooper eleberrigile famatuaren (Azken Mohikanoa lanaren egilea) eta Susan De Lancey Cooperren alaba zen. 12 urte zituela, aita kontsul izendatu zuten Lyonen (Frantzia), eta Europarako bidaia hori sei urtez luzatu zen. Aldi horretan zehar, nerabeak barnetegi frantses batean ikasi zuen, eta garaiko neskatoentzako ikasgai tradizionaletan prestatzeko eskola partikularrak jaso zituen, hala nola hizkuntzak, arteak edo botanika eta zoologia.

New Yorkera itzuli zirenean, bere aitaren idazkari literario aritu zen. Benetan miresten zuen gizona; are gehiago, esan ohi da ez zela ezkondu horrek aitaren albotik aldenduko zuelako. Aldi berean, liburuz beteriko etxe batean, Susanek, Jamesek animatuta, eta nahiz eta hark eragozpenen bat edo beste jartzen zion bere estiloagatik, bere obrak idazteari ekin zion. Hasteko, landako neska bati buruzko eleberri bat —Elinor Wyllys (1846)— argitaratu zuen pseudonimo batekin, eta gero zenbait kontakizun ere bai.
Baina gaur egun berari buruz hitz egiten da oraindik idazle naturalista gisa egin zuen ibilbideagatik. Gaiari buruz argitaratu zuen lehen liburua, ezagunena eta gehien berrargitaratu dena, Rural hours da (1850). Horretan ere ez zuen bere benetako izena erabili. Gazte baten eguneroko bizitza kontatzen du, New York estatuaren iparraldeko flora eta fauna bi urtez behatzeari lotuta, bai eta Cooperstowngo bizitzaren nondik norakoak ere, han bizi baitziren Coopertarrak. Hiriak izen hori zuen bere aitonak sortu zuelako lurralde hartan zuriek oraindik dena egiteke zuten garai batean. Susanen inguruarekiko sentikortasun sakonak obra hori benetako altxor bihurtzen du, non pasio berberaz jasotzen dituen lore berri bat jaiotzen den unearen edertasuna zein ehun urtetik gorako zuhaitz bat mozteak berekin dakarren ekozidioa. Eta arrakasta izan zuen.
Charles Darwinen laudorioak
Charles Darwin eboluzioaren teoriaren “aita” eta naturalista handi britainiarrak idatzitako gutunetako batean, hau irakur daiteke:
Liburuei buruz ari garela, ikaragarri gustatzen ari zaidan bat irakurtzen ari naiz: Rural Hours, Cooper andereñoarena. Nor izango da? Emakume oso adimenduna dirudi, eta gure belar txarren eta zuenen arteko borrokaren kontakizun magistrala eskaintzen du.
Egun, Rural Hours aintzatetsia da ez soilik oso argia delako gizakiek bere kontinentera eramandako espezie inbaditzaileak bezalako gaiak aipatzean, baita Otsegoko basoak babesteko deialdia egin zuelako ere, Henry David Thoureau ezagunagoak, lau urte geroago, natura basatiaren defentsa sutsua egin baino lehen Walden izeneko bere liburuan. Are gehiago, esan ohi da balitekeela naturalista handi famatuago horren obraren pasarteetako batzuk Cooperren testuek inspiratu izana.

Europako egonaldian Susanek artearekiko interes handia erakutsi zuenez, bai eta horri buruz ikasi ere, egungo idazle batzuek uste dute Rural Hoursen edizio ilustratuko irudiak ere hark egin zituela, baina ezin izan da egiaztatu. Horretarako asmorik izan gabe, obra ia zientifiko bat egin zuen, ikusten zituen espezimenen deskribapenezko xehetasun harrigarriak jasota bere botanikako ezagutzei esker.
Tamalez, ezin izan zuen bere arrakastaren ondoriozko zoriontasunaz luzez gozatu. Izan ere, handik gutxira, bere aita zendu zen, 1851ko irailean. Ordutik aurrera, aitaren ondare literarioaz eta erreputazioaz arduratu zen: aitaren egunerokoak eta argitaratu gabeko artikuluak editatu zituen eta hitzaurreak idatzi zituen James Fenimore Cooperren eleberri ugarien berrargitalpenetarako.
Dirudienez, aita hil ondoren, sortu zuen karrera literarioarekin aurrera jarraitu ordez, hura bazter uztea erabaki zuen, aitak azken urteetan literaturarekiko sentitutako nahigabearen isla gisa. Izan ere, Susanek bere aitaren liburuen hitzaurreak baino ez zituen sinatu bere izenarekin. Bere ezagunek esaten zuten jarrera hori familiaren tradizio higanot oso kontserbadorearen ondoriozkoa zela, non emakumeek ez zuten lekurik etxeko jardueretatik kanpo, ez eta askatasunik ere beren sormenezko talentua garatzeko.
Baina, beste libururik argitaratu ez bazuen ere, saiakerak eta kontakizunak idatzi zituen The Atlantic Monthly, The Freeman’s Journal, Graham’s Magazine, Harper’s New Monthly eta Putnam’s Magazine bezalako argitalpen ezagunetan, eta editore arrakastatsua izan zen, bere aitaren obren antologiak ziren beste bost libururi esker. Idatzitako artikulu eta saiakeren artean, Female Suffrage: A Letter to the Christian Women of America (Emakumeen sufragioa: Estatu Batuetako Emakume Kristauentzako Gutuna) izenekoak arreta ematen du; Harper’s New aldizkarian argitaratu zuen 1870ean. Testu horretan emakumeei sufragioa ematearen aurka azaltzen da, baina, aldi berean, goi-mailako hezkuntza eta soldata berdintasuna babesten ditu. Horrenbestez, zenbait forotan, feminismoaren aitzindaritzat hartzen dute, nahiz eta pixka bat kontraesankorra izan.
James hil zenetik, bere memoria literarioaz arduratzeaz gain, Susanek lan handia egin zuen ongintzako erakundeetan. Horiek horrela, lortutako kontaktuez baliatu zen zenbait proiektutarako funtsak lortzeko (aterpeak, Esker Ematearen Ospitaleko fundazioa) edo bere hiriko Salbatzaile Santuaren umezurztegia sortzeko. Azken hori etxe txiki gisa hasi zen, bost umerekin, baina 1900. urtean laurogeita hamar ume zituen. Hori izan zen «bere bizitzako lana», eta etorkizunean manten zedila bermatzeko, The Friendly Society delakoa sortu zuen 1886an: sozietatearekin bat egiten zuen emakume bakoitzak umezurztegiko neskato bat aukeratzen zuen zaintzeko.

Susan Fenimore Cooper lo zegoela hil zen 1894ko abenduaren 31n, 81 urte zituela. Hamarkadatan zehar, bere obra ahaztuta egon zen; baina, hil eta mende bat geroago, 1998an Rural Hours berrargitaratu ondoren, ekologismoaren gorakadarekin, bere idazle figura aldarrikatu zen, eta azpimarratu zen berea dela Estatu Batuetako emakume batek idatzitako «ingurumenari buruzko ez-fikziozko lehendabiziko literatur lan garrantzitsua»; gainera, Thoureauren iturri eta aurkari ere izan zen. 2018an atera zen gaztelaniazko lehen edizioa, Diario Rural izenarekin; une horretan, arreta mediatiko handia jaso zuen Espainian.
Iturriak:
- Susan Fenimore Cooper, History of American Women, 2013
- Susan Fenimore Cooper, Wikipedia
- Almiñana, Eduardo (2018). ‘Diario rural’, de Susan Fenimore Cooper, nature writing antes de Thoreau, Alicante Plaza, 2018ko abenduaren 30a
- Diario rural, Naos libros
Egileaz:
Rosa M. Tristán (@RosaTristan) zientzia eta ingurumen dibulgazioan espezializatutako kazetaria da duela 20 urtetik baino gehiagotik. Maila nazionaleko hainbat prentsa eta irrati hedabidetan parte hartu ohi du.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2025ekouztailaren 8an: “Susan Fenimore Cooper, la precursora de Thoureau y Darwin“.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.