Garuneko plastikotasun mekanismoak

Ekitaldiak

Garuneko plastikotasuna garunak bere egitura, forma eta funtzioa aldatzeko duen berezko ahalmena da, esperientziari, ikaskuntza berriei edo garuneko kalte bati erantzunez. Prozesu horren barruan, seinale elektrikoetan eta kimikoetan oinarrituta dauden hainbat mekanismok hartzen dute parte informazioa kodifikatzeko, nerbio-sistema zentralaren egokitzapena eta berreskurapena errazten dutenak.

Garuneko gaitza duten pertsonekin egindako ikerkuntza eta esperientzia klinikoa garrantzitsua da, zientzialariak garun-plastikotasunean zerikusia duten prozesu naturalak bizkortzeko estrategia terapeutikoak identifikatzeko eta aplikatzeko.

Gai honetan sakontzeko, EHUko Biologia Zelularra eta Histologia Saileko irakasle den Gaskon Ibarretxe biologoak “Garuneko plastikotasun mekanismoak (Mecanismos de plasticidad cerebral)” izenburua duen hitzaldi-solasaldia eskainiko du abenduaren 10ean, asteazkena, 19:00etan, Bilboko Bidebarrietako Liburutegian. Hitzaldia gaztelaniaz emango da.

Saioan zehar, garuneko plastikotasunean parte hartzen duten mekanismoen funtzionamendua azalduko du, hala nola neurogenesia, hau da, zelula ametatik neurona berriak sortzea, edo konektibitate neuronalen berrantolaketa. Estrategia terapeutiko berriek garuneko gaitza duten pertsona batzurengan eragindako hobekuntza azalduko du baita, esate baterako gertakari traumatiko bat jasan ondoren lortutako garun-funtzioaren hobekuntza.

Hitzaldi-solasaldi hau Bidebarrieta Zientifikoa hitzaldi-zikloaren barruan kokatzen da, EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bilboko Udaleko Kultura sailaren esku dagoen Bidebarrietako Liburutegiak bultzatzen dutena. Ekimena liburutegian bertan zein KulturguneaTB kanalean jarraitu ahal izango da, streaming bidez. Sarrera doan, edukiera bete arte.

Hizlaria

Gaskon Ibarretxe Bilbao Neurozientzian doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean. EHUko Medikuntza eta Erizaintzako fakultateko Zelulen Biologia eta Histologiako irakaslea da eta Signaling Lab ikerketa-taldeko kidea. Neurozientzian, zelulen biologian, histologian eta ama zelulen arloetan eta biologiaren garapenean hogei urtetik gorako esperientzia dauka.

Gaur egun, bere ikerketa-ildo nagusia zelula amen biologia da; bereziki, hortz-mamitik datozenak, hezur-ehunak, gihar-ehunak, nerbio-ehunak eta ehun baskularrak birsortzera bideratutako ingenieritza-prozesuetan erabil ote daitezkeen aztertzeko.

Garuneko plastikotasun mekanismoak

Hasiera data
Amaiera data
Ordutegia
19:00etatik 20:00etara
Tokia
Bidebarrietako Liburutegia
Helbidea
Bidebarrieta kalea, 4, Bilbo

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.