Burdinazko sugea

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Seguruena trenbide batzuetatik hurbil igaro zarete eta atentzioa eman dizuete errailen artean dauden arroka zatiek. Askok jakingo duzue zer diren, eta, batez ere, zertarako balio duten, baina buruan galdera hori duzuenontzat, hemen duzue artikulu hau. Baina espero dut hori bazenekitenak ere ustekabean harrapatzea.

Material horrek balasto (edo balastro) du izena. Arroka birrinduak dira, legar-ale tamainako zati irregularrak eskuratzeko. Ingeniaritza zibilean erabiltzen dira, nagusiki trenbideetako oinarri plataforma gisa. Ideia da eremu egonkor bat eraikitzea, gainetik ibiltzen diren ibilgailuen kargaren ondorioz hondoratzen ez dena, ezta deformatzen ere, horrek bidearen zabalera edo norabidea aldatuko lituzkeelako. Horrez gain, euri urak drainatzea errazten du, errailen eremuan pilatzea saihestuz. Imajina dezakezuen moduan, eraikuntza teknika hori ez da modernoa. Galtzada erromatarrek arroka zatien geruza bat zuten jada; oinarrian jartzen zituzten, denborak aurrera egitean trenbidearen asentamendua saihesteko.

balasto
1. irudia: trenbide zati baten xehetasuna, balastoa (edo balastroa) ikusgai, zeinetan asentatzen diren trabesak eta errailak. (Argazkia: Blanca María Martínezek emana)

Baina, bi mila urte horietan alderdi bat aldatu egin da: balasto gisa erabiltzen diren material motak. Eta hor esku hartzen du Geologiak, hain zuzen. Izan ere, edozein arrokak ez du balio horretarako. Egun, protokolo tekniko oso zorrotza aplikatu behar da. Horren arabera, kargagatiko deformazioarekiko erresistentzia handia duten arrokak besterik ezin dira erabili, hausturarik edo ahultasun eremurik ez dutenak, eta beren osaeran alterazio partzialik izan ez dutenak jarri ondoko prozesuen ondorioz (adibidez, bigarren mailako mineralizazio betak eragiten dituzten jariakin hidrotermalen ekintza edo aire zabalean egon ondoren eguraldi txarraren ekintza). Hau da, balastro gisa erabil daitezkeen materialen zerrenda oso txikia da, naturan aurki ditzakegun arroka moten aniztasun handiarekin alderatuta. Izan ere, hauetara mugatzen da hautua: arroka igneo plutoniko batzuk —hala nola granitoak—, mineral saliziklastikoen eduki handia duten arroka metamorfikoak —kuartzozko zainak, esaterako— edo arroka sedimentario erresistente eta trinko batzuk —kareharriak, adibidez—.

Baina, zalantzarik gabe, balastorako erreginak ofitak dira. Geologiaren ikuspegitik, arroka igneo azpibolkanikoak dira, lurraren barnealdetik azalerarantz magmak igotzearen ondorioz sortuak; baina ez dira kanpoaldera iristen, sakontasun kilometro gutxira gelditzen dira trabatuta. Horiek horrela, magmak hozten dira azkenean, presio eta tenperatura txikiko baldintzetan, eta horrek eragiten du beira bolkanikoa sortzeko adina arin kristalizatzea, bai eta beren barneko egituran mineralak sortzeko adina mantso ere. Bai, pixka bat nahasgarria dirudi, baina horregatik esaten zaie azpibolkaniko, arroka bolkanikoen (hozte arina, kristalak sortzeko denborarik gabe) eta arroka plutonikoen (hozte mantsoa, mineralak sortzeko adina denborarekin) arteko nahasketa direlako. Baina, benetan zorrotz jartzen banaiz, dazita edo basalto motako arroka bolkaniko gisa sailkatzen dira.

Baina, orduan, zergatik esaten diegu ofita? Beren kanpoko itxuragatik da. Izendapen klasiko hori arroka horien kolore berde ilunaren eta beren azaleko testura pikortsuaren ondoriozkoa da, ofidioak ekartzen baitizkigu gogora. Hori da, suge baten azala dirudite. Eta, nola ez, itxura hori beren barneko konposizioaren ondoriozkoa da. Izan ere, nagusiki, piroxeno izeneko mineral talde batez (tonalitate berdexkak dituztenak) osatzen dira, plagioklasa izeneko potasio feldespato batzuekin nahastuta.

balasto
2. irudia: ofiten azaleratze baten itxura. Arrokaren kolore berdea nabarmentzen da beren barne egituran piroxenoen taldeko mineralak dituztelako. (Argazkia: Blanca María Martínezek emana)

Egunen batean ofiten azaleratze batekin topo egiten baduzue mendian eta mailu geologiko batekin zati bat ebakitzen baduzue ebaki berritan duen kolore berde ederra ikusteko, orduan ikusiko duzue zergatik den balasto gisa erabiltzeko arrokarik gogokoena. Bilbo erdigunekoa izan behar da mazo eta altzairu gordinezko zizel baten laguntzarik gabe zati bat ebakitzeko; eta Kantabriako batek esaten dizue hori. Hau da, arroka horren zatiak gai dira karga oso pisutsuei eusteko denbora oso luzez pixka bat ere deformatu gabe.

Honen bidez erakutsi nahi izan dizuet obra zibilaren eta Geologiaren arteko harremana estu-estua dela; hain zuzen ere, trenbideak bezalako garraiobide handien asentu plataformen oinarrian zer material erabiltzeko hautu a priori hain txikia den alderdi bat zehazteko bezain estua. Espero dut ez nuela inor nahastuko. Izan ere, jarri dudan izenburuak Warhammer unibertsoko marine espazialei buruzko testu bat zela pentsaraz zezakeen. Egiatan, hitz joko txiki bat da western klasiko baten eta balasto gisa gehien erabiltzen diren arroka mota definitzeko terminoaren jatorriaren artean.


Egileaz:

Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.


Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2025eko martxoaren 27an: La serpiente de hierro.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.