Nettie Stevens (1861-1912): ahazturiko biologia-ahotsa

Dibulgazioa · Emakumeak zientzian

Ahaztuak gelditu dira haren ekarpenak. Ahaztuta bere ahotsa. Nettie Stevens ez da hain ezaguna. Zientzia-liburuetan agertzen da, noski, baina beti gizonezkoen ondoan, laguntzaile moduan, inoiz ez narrazio baten protagonista gisa. Bada, egindako ikerketa-lanak ozen eskatzen du bere lekutxoa mundu zientifikoan eta guk ahotsa jarriko diogu bai haren lanari, baita bere bizitzari ere.

1. irudia: Nettie Marie Stevens 1904. urtean. Washingtongo Carnegie Instituteko argazkia.
1. irudia: Nettie Marie Stevens 1904. urtean. Washingtongo Carnegie Instituteko argazkia.

Nettie Stevens, genetista estatubatuarra, Vermont-en jaio zen 1861ean. Ikasle bikaina izan zen. Lehenik, lau urteko ikasturtea bi urtetan burutu zuen Westfield Normal Schoolen (Massachusetts). Honen ostean, goi-mailako eskola batean irakasle gisa lan egin zuen. Honetan, besteak beste, latina eta zoologia alorrak irakatsi zituen. Beka bati esker, Kaliforniara joateko aukera izan zuen eta ez zuen bi aldiz pentsatu. Bertan, goi-mailako ikasketak gauzatu zituen; Stanford unibertsitatean, hain zuzen ere. Doktoretza Bryn Mawr Collegen egin zuen 1900-1903 artean. Thomas Hunt Morgan (Fisiologia eta Medikuntza Nobel saria eskuratu zuen 1933an) biologoak bere tesia zuzendu zuen (azken honek ekarpen ugari egin zituen genetika alorrean, ozpin-euliaren gainean egindako ikerketei esker). Hiru urte horietan obra berriak idatzi zituen non protozooen inguruko ikerketak azaltzen zituen. Bide akademikoan zehar, orobat, ikerketa lanak egiteko beka ugari lortu eta artikulu ugari publikatu zituen; guztira, 40 artikulu izan ziren, zitologia alorrekoak bereziki. Stevensek “Ellen Richards” saria irabazi zuen.

X eta Y kromosomen aurkikuntza

1905.ean inguruan, prestaketa mikroskopikoak egiteko erabiltzen ziren teknikak hobetu zituzten. Behaketa gero eta gardenagoa zen, eta horrek azken batean, emaitzen fidagarritasuna ekarri zuen. Une horretan, ikertzaileak gametoen eraketa prozesuan gertatzen ziren fenomeno zitologikoak ulertzen hasi ziren, teknika desberdinen laguntzaz. Ildo horri jarraiki, sexuen arteko desberdintasunarekin harremana zeukaten kromosoma berezi batzuen existentziaz ohartu ziren. Horiek “kromosoma sexualak” izan ziren. Kasualitatez, Morganek, Stevensek eta Wilsonek (1856-1939) horri buruzko aldibereko ikerketa abian jarri zuten. Bertan deskribatu zuten, oso zehatz gainera, desberdintasun kromosomikoak zeudela hainbat intsektuen zelula ar eta emeen artean.

2. irudia: Nettie Stevens Europan egonaldiak egin zituen itsasoko organismoak aztertzeko. Argazkian lanean 1909. urtean Italian (Napoli), laborategian. (Argazkia: AEBtako Marine Biological Laboratory)
2. irudia: Nettie Stevens Europan egonaldiak egin zituen itsasoko organismoak aztertzeko. Argazkian lanean 1909. urtean Italian (Napoli), laborategian. (Argazkia: AEBtako Marine Biological Laboratory)

Esan dugun moduan, Stevensen lan esanguratsu horrek argia ikusi zuen 1905ean. Oro har, herentziazko faktoreak edo geneak zelulan leku fisiko bat zutela jakinarazi zuen genetistak –Wilson ere sexuaren determinazioaren inguruan aritu zen eta urte berean emaitza berberak jakitera eman zituen–. Ikerketa-gaia burutzeko, Stevensek intsektu batzuk behatu zituen; hala nola, Tenebrio molitor espeziea (kakalardoa) eta landare-zorria. Stevensek intsektu horien zeluletan kromosoma bikotea behatu zuen lehen aldiz.

Espermatozoideen eta obuluen kromosomak ikertu zituen eta kromosoma horiek bere ondorengoekin alderatu zituen (hazkuntza esperimentalaren bitartez).Tenebrio molitor espeziearekin egindako esperimentuak ez zuen fruitu asko eman. Bada, landare-zorria ikertuz, kromosoma osagarria topatu zuen: arretan aurkitu zuen heterokromosoma bikotea. Horiek gainera tamaina desberdinekoak ziren eta meiosia prozesuan zatiketa gertatzerakoan, ikusi zuen bi espermatozoide mota sortzen zirela: X eta Y. Hortaz, esperimentuak agertu zuen bazegoela desberdintasun fisiko behagarria bat, hau da, maskulinoa edo femeninoa izan zitekeela banakoa. Stevensek Y kromosoma aipaturiko intsektuan identifikatu zuen eta ondorioztatu zuen, sexuaren oinarri kromosomikoa, Y kromosomaren presentziaren edo gabeziaren araberakoa zela.

Stevens vs. Wilson

Stevensek eta Wilsonek ez zuten elkarrekin lan egin; ez zuten material berdina erabili eta bere asmoak ezberdinak ziren. Hala eta guztiz ere, 1905ean kromosoma sexualen inguruan ohar batzuk deskribatu zituzten biek ala biek eta horiek zenbait artikulutan agertu zituzten. Morganek zioen ez zegoela oso argi zeinek erdietsi zuen lehen aldiz aurkikuntza hori. Baina badirudi Stevensek Wilson baino lehenago lortu zuela. Bada, Wilson biologo ospetsua zen eta Stevens (Morganen eta Wilsonen ikaslea), berriz, emakumeen eskola bateko irakaslea. Hortaz, urte askotan zehar aurkikuntza Wilsonen izenean agertu izan da, Stevens emakume zientzialariaren parte hartzea bigarren maila batean utziz.

Hala eta guztiz ere, Stevensek aurkikuntza garrantzitsua lortu zuela agerian gelditzen da, zelulen egitura kromosomikoa eta banakoaren sexuaren arteko harremana eratu baitzuen. Horrekin, XX. mendeko biologiaren eta zitologiaren mundua hankaz gora jarri zuen, sexuari loturiko herentzia determinazioaren ikuspegia erabat aldatuz. Ekarri handia egin zion Stevensek mundu zientifikoari. Ez dezagun haren aldarria galdu.

Iturriak


Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.