Darshan Ranganathan, biokimikaren arloko Indiako jainkosa
Darshan Ranganathan zientziaren historiara igaro da, munduko biokimiko organiko handienetako bat delako, baina baita emakumeak gutxietsi izan dituen eta oraindik gutxiesten dituen herrialde bateko (India) zientzialari handia izategatik ere. Karrera bikaina egitea lortu zuen, proteinen ikerketei esker. Lan horiek nazioarteko lankideek aintzatetsi zizkioten, baina, eten egin ziren, minbizi baten ondorioz bere bizitza goizegi amaitu zenean.
Darshan Markanen (bere jaiotza izena) historia 1941eko ekainean hasi zen Delhin, bere herrialdea oraindik Britainiar Inperioaren kolonia zenean (1947ra arte ez zuen independentzia lortuko). Klase ertaineko familia bateko hirugarren alaba zen, eta txikia zenetik ikastera animatu zuten. Bigarren Hezkuntzako eskolan zegoenean (17 urte zituela amaitu zuen), irakasle bizkor batek, bere gaitasunak ikusita, kimika ikastera animatu zuen, eta berak jaramon egin zion: karrera horretan matrikulatu zen Delhiko Unibertsitatean. Bere biografia gutxietan, gogorarazten da bizitzaz betetako gaztea zela, musika, dantza eta marrazketa gustuko zituena, baina distrakzio horiek ez zuten galarazi ikasle bikaina izateko; hala ere, irakasle zorrotzengandik errieta bat baino gehiago jaso zuen ere.

1967an, Darshanek bere doktoregoa amaitu zuen, Indian oso ospetsua zen irakasle baten tutoretzapean (Thiruvengadam Rajendram Seshadri). Prestatzen zuen bitartean, Miranda College-n kimikako eskolak ematen hasi zen, eta handik gutxira Kimika sailburu izendatu zuten. Espediente akademiko bikaina zuenez, 1851ko Erakusketarako Errege Batzordea izeneko goi mailako ikerketako beka batera aurkeztu eta lortu zuen. Laguntza horri esker, atzerrira joan ahal izan zen, eta doktorego osteko lana egin Londoneko Imperial College-n, Derek H. R. Barton irakaslearen gidaritzapean.
Indiatik itzultzean, kimikako sinposio batean, Subramania Ranganathan zientzialaria ezagutu zuen, eta harekin ezkondu bere bizitzan oso garrantzitsua izango zen ekainaren 4an, 1970ean. Ezkondu eta hamabi egunera, Darshan Kanpurreko Indiako Teknologia Institutuan ikertzen hasi zen, non senarrak ere lan egiten zuen. Bi urte beranduago, Delhiko zentro horretan ezarrita, haien lehenengo semea izango zuten, Anand, eta hark bere gurasoen ibilbidea jarraitu du, eta hura ere zientziara dedikatzen da. Subramaniak ondorengo testu batean gogoratuko zuen, beste beka bat falta zitzaiola eta emakumea izategatik proiektuetarako funtsak lortzeko aukera eskasak zituenean, bere sailean irakasle laguntzaile gisa lan egitea eskaini ziola, baina berak nahiago izan zuela lan arloan harengandik bereiztea eta bere bidea bere kabuz jarraitzea, eta hori arrakasta handiz egitea lortu zuen.
Punta-puntako ekarpen asko egin zituen biokimikaren arloan. Ezagutu zutenek arazoen pertzepzio bikaina zuela nabarmendu dute. Handik gutxira, hainbat motatako supramolekulak sortzen aditu bihurtu zen. Unitate txikiagoak handituz eratzen diren biomolekulak dira, naturan funtsezko eginkizuna dutenak.
Beken bidez finantzatutako karrera bat
Ez zuenez soldatarik, bekak lortzeko eta bere ikerketak ordaintzeko ahalegindu behar zuen. 1991n, Indiako Zientziako Akademiaren laguntzak jaso zituen, eta 1996an, Zientziako Akademia Nazionalarenak. Horrez gain, AV Rama Rao Fundazioaren saria eta Garapen Bidean Dauden Herrialdeetan Zientzien Aurrerapenerako Zientzien Munduko Akademiaren (TWAS) saria Kimikan (1999). Funts guztiak bere esperimentuetara bideratu zituen.
Londoneko Imperial College-n egon zenetik, yaca izeneko Indiako plantan zikloartenola aztertzen hasi zen, baita esteroideen erreakzio fotokimikoak ere. Konposatu organikoen egituran ere interesa zuen. Berea da landare jatorriko atomoekin ikertuz proteinen tolesturari buruzko lan aitzindari bat. Benetan, bere pasioa laborategian prozesu biokimiko naturalak erreproduzitzea zen. Bilaketa horretan, imidazol (bi giza substantzia kimikoren osagai bat: histidina eta histamina) erreprodukzio autonomoa ahalbidetzen zuen protokolo bat sortu zuen. Oso aurkikuntza garrantzitsua izan zen tratamendu medikoetarako; izan ere, konposatu organiko hori antimikotikoen eta antibiotikoen osagai bat da. Horrez gain, urearen zikloaren simulazio funtzionala garatu zuen. Geroago, bere karreran aurrera egiten zuen heinean, barietate handiko proteinak diseinatzen espezializatu zen, bai eta beren kabuz mihiztatu ahal ziren peptidoen bidezko nanoegiturak diseinatzen ere.

Bere senarrarekin ere kolaboratzen zuen. Elkarrekin kimikari organikoen belaunaldi bat prestatzen lagundu duten hainbat liburu idatzi zituzten, hala nola Current organic chemistry highlights liburua. Liburu horretan hark ere egituren marrazkiak egin zituen. “Gure bizitzak harmonia perfektuan zeuden; lanaldi izugarri luzeak egiten genituen, eta bakoitza bere ikerketa arloetan murgilduta zegoen”, azpimarratu zuen partekatzen zuten bizitzari buruz.
1993an, Darshanek azkenik lan ordaindua lortu zuen Trivandrum Eskualdeko Ikerketa Laborategian, eta bertan bere laborategia egin zuen. Urte batzuk pasa ostean, 1998an, bikotea Hyderabadera lekualdatu zen, Raghavanen gonbidapena jaso ostean (Teknologia Kimikoaren Indiako Institutuko zuzendaria), eta instalazioak eskaini zizkien. Gure kimikaria azken zentro horretako zuzendariorde izatera heldu zen. Urte horietan, lankidetza estua izan zuen Isabella Karlerekin, Estatu Batuetako Itsas Ikerketa Laborategikoa.
Oso jakitun zen emakume zientzialariek gizonezko lankideek baino oztopo gehiago dituztela, eta bere karrera hasieratik planifikatu zuen faktore hori kontuan hartuta. “Bere bizitzaren amaierara arte gogor-gogor lan egin zuen. Garraztasun gabe borrokatzeko zuen ausardia eta borondatea, irribarre batekin eta gogo handiz, benetan bereziak izan ziren”, nabarmentzen da bere senarrak idatzitako artikulu batean.
Bere bizitza, hala ere, goizegi amaitu zen. 1997an, 60 urte zituela, bularretako minbizia bat detektatu zioten, eta beste ekainaren 4 batean, baina oraingoan 2001ekoan, horren ondorioz hil zen. Ondorengo urteetan jarraitutako tratamendu bakar batek ere ez zuen bere heriotza ekidin, behin eta berriz saiatu arren.
Berari egindako omenaldi gisa, Zientzien Indiako Akademia Nazionalak, bere heriotza ostean, bi urtean behin bere oroimenez hitzaldi bat egitea onartu zuen, emakume zientzialariei laguntzeko herrialde horretan egin zen horretako lehenengo ekimena.
Eta ondo merezita. Hil zenean, Darshan Ranganathan Indiako kimikari organikorik emankorrena zen. Bere azken bost urteetan, dozena bat argitalpen zeuzkan The Journal of the American Chemical Society-n, sei Journal of Organic Chemistry-n eta beste dozena batzuk beste hedabide batzuetan. Horrez gain, bere artikulu asko hil ostean argitaratu ziren. Oraindik ere bizirik zegoela, Zientzien Indiako Akademiaren eta Indiako Zientzien Akademia Nazionalaren kide izendatu zuten, eta ohoreak jaso zituen. Horietako azkena TWASen saria izan zen, kimika bioorganikoaren arloan egindako ekarpen nabarmenengatik.
Bere senarrak adierazitako irudia ez da objektiboa, baina oztopoz beteta zegoen esparru batean zalantza barik izarra izan zen zientzialaria ezagutzen laguntzen du:
Sari Canjeevram garestiak eta bindi gorria kopetan zituela, hain dotore zihoan beti, non, Bangaloreko sinposio batean emandako hitzaldietako baten ostean, irakasle aleman batek esan baitzuen Indiako jainkosa baten irudiari gogorarazten ziola. Guztiok egin genuen barre une hartan, baina uste dut baieztapen horrek guztia laburbiltzen duela Darshani buruz: bere berotasun handia, bere duintasun lasaia, bere oreka eta bere indarra.
Iturriak:
- Darshan Ranganathan, Biog. Mem. Fell. INSA 34 (2008) 85-98
- Ranganathan, S. (2012). She Was a Star, Lilavat’s daughters. 27-30
- Gogoi, Angarika (2020). One of Our Best Biochemists With 16 JACS Papers, She Was Never Awarded By India!, The better India, 2020ko martxoaren 10a
- Darshan Ranganathan, Wikipedia
Egileaz:
Rosa M. Tristán (@RosaTristan) zientzia eta ingurumen dibulgazioan espezializatutako kazetaria da duela 20 urtetik baino gehiagotik. Maila nazionaleko hainbat prentsa eta irrati hedabidetan parte hartu ohi du.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2025eko abuztuaren 19an: “Darshan Ranganathan, una diosa india de la bioquímica”
Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.