Arrokatik landarera
Mendate batean izan bazarete, ohartuko zineten zuen inguruko landaredia aldatu egiten dela altitudean gorantz zoazten neurrian. Hori gertatzen da nagusiki hiru irizpide klimatikotan aldaketak daudelako: hezetasunean, tenperaturan eta intsolazioan (hau da, leku batera eguzki-erradiazio forman iristen den energia kantitatea); horiek eragiten dute mendiko landaredia zerrendatan banatzea oinarritik mendi goraguneen gailurrera arte.
Hori da teoria. Baina Kantabriako mendi baten landare estalkiaren eta Madrilgo mendilerroko edo Alacanteko baten banaketa alderatzen badugu, ikusiko dugu horietako batean ere ez direla «marrazten» zerrenda horizontal perfektuak, futbol talde batzuen kamiseten estilokoak, eta egiaztatuko dugu guztietan ez direla landare espezie berberak hazten, nahiz eta antzeko hezetasun eta tenperatura baldintzak dituzten eremuei buruz ari garen. Eta hori gertatzen da beti ahazten zaigulako aurreko paragrafoaren ekuazioan faktore ekologiko garrantzitsu bat sartzea: lurzoru mota.
Lurzorua lurrazalaren azaleragoko geruza da eta zapaltzen dugun finkatu gabeko materialak osatzen du; sakonerako zentimetro gutxi batzuetatik zenbait metrora arteko tartea hartzen du. Lurzoru batzuk soilik sortzen dira materia organikoa pilatzearen ondorioz, adibidez, zohikaztegiak edo padurak; baina gehienak lurraren azaleran agertzen diren arroken alterazioak sortzen ditu, batez ere uraren eta haizearen ekintzaren ondorioz. Herrialde honek geodibertsitate handia du, eta, ondorioz, bertako lurzoruen propietate fisiko-kimikoak askotarikoak izan daitezke, arroka horiek osatzen dituzten mineralen menpekoak baitira.

Ez naiz lurzoru moten sailkapenetan sartuko, asko direlako eta nahasgarria izan daitekeelako, baina erreferentzia egingo diet bertoko geografian ohikoenak diren arroketatik sortutako lurzoruen ezaugarri nagusiei. Kareharriak nagusitzen diren eremuetan, kaltzio karbonatoaren alterazioak lurzoru karbonatatuak sortuko ditu, zurixkak edo gris argiak, eta pH basikoa, non arteak bezalako zuhaitzak haziko diren, nire tierruca maitearen ezaugarri direnak. Aitzitik, tuparriak, lutitak eta arroka igneoak eta metamorfikoak —feldespatoak edo mikak bezalako mineralekin— dauden lekuetan, lurzoru buztintsuak sortuko dira, euri urak gehiago atxikitzen dituztenak eta putzuz betetzeko joera dutenak; eskuarki, landare belarkaren hainbat espeziez estalita egoten dira.

Oso ohikoak dira, halaber, lurzoru hondartsuak edo silizeoak. Hareharriak, granitoak eta arroka bolkanikoak —kuartzo ugari dutenak— dauden eremuetan sortzen dira. Lurzoru horiek gutxi heldu dira denboran zehar; izan ere, kuartzoa mineral oso erresistentea da alterazio kimikoarekiko, baina ez mekanikoarekiko. Lurzoru horiek arre argiak eta zurixkak dira, karbonatatuak baino azidoagoak, eta ura atxikitzeko gaitasun txikiagoa dute. Hortaz, eremu idorretako landaredia gailentzen da horietan; sabinak, adibidez.

Eta, amaitzeko, herrialde honetan ere ugariak diren beste bi lurzoru oso bitxiri buruz hitz egingo dizuet. Horietatik lehena lurzoru gazia da, eta hori ez dago bakarrik kostaldeko eremuetan; izan ere, itsasbazterretik oso urrun dauden barnealdeko eremu kontinentaletan ere ikus daiteke. Duela milioi urte itsasoaren hondoan jalkitako arroka gazien alterazioaren ondoriozkoak dira. Lurzoru horiei esker hazten da kostaldeko ohiko landaredia —lezkak, adibidez— itsasotik oso urrun dauden lekuetan. Eta bestea lurzoru burdintsuak dira, «terra rossa» famatua, adibidez. Burdinazko mineralen alterazioaren ondorioz sortzen da, eta horregatik dira horixkak, laranjatuak eta gorrixkak (hortik dator, hain zuzen ere, komentatu berri dizuedan «lur gorri» izen hori). Lurzoru hori da gehien bilatzen dena mahatsondoak landatzeko.

Asmatuko zenuten moduan, botanikari buruzko ezagutzak oso baliagarriak dira geologoontzat, landa lanak egitean aurkituko ditugun arroka motei buruzko ideia orokor bat izateko. Gainera, landaredian dauden aldaketek salatu egiten dute, halaber, non dauden lurzoruan agertzen diren arroka moten aldaketak. Horrela azaltzen da, adibidez, artadi trinko baten ondoan belardi berde eder bat egotea: kareharrien depositu batetik margen azaleratze batera igaro da lurra. Seguru orain beste modu batean ikusiko dituzuela landarediko aldaketa naturalak; hain zuzen ere, geologiaren betaurrekoak jarri dituzuelako.
Esker ona:
Nire kide eta lagun Jone Mendiciari. Eskerrik asko artikulua idazteko ideia eta jarraibide nagusiak emateagatik.
Gehiago jakin nahi baduzu:
Granadako Unibertsitateko Edafologia eta Nekazaritza Kimikako Saila
Egileaz:
Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2025eko abuztuaren 14an: “De la roca a la planta“:
Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.