Medikamentuak eta ingurumena; osasun globala (I)

Dibulgazioa · Kolaborazioak

4 min

Medikamentuak eta ingurumena; osasun globala (I)

Europar Batasunean (EB) 2005etik giza erabilerako medikamentuak merkaturatzeko ingurumen-arriskuak ebaluatzen dituen txostena aurkeztu behar da. Era berean, gaur egun, EB farmazia-legeria berrikusten ari da, etorkizunean sendagaien ingurumen-inpaktuak zehatzago azter daitezen. Mila farmako inguru identifikatu dira izaki bizidun, ur-lagin zein lurzoruetan. Beren erabilera handiagatik, besteak baino kontzentrazio handiagoan agertu dira antiinflamatorioak, antibiotikoak, kolesterola jaisten duten farmakoak eta hormonak. Kezkatzekoa da merkatuko medikamentu gehienetan ez izatea ingurumen-kontzentrazioei edo ondorio ekotoxikologikoei buruzko daturik.

Nola heltzen dira farmakoak ingurumenera?

Medikamentuen bizi-zikloaren fase guztietan isurtzen dira farmakoak ingurumenera. Batez ere, kontsumitzaileek gernuaren edo gorotzen bidez kanporatu ostean, farmakoak araztegietara heltzen dira hondakin-uren bitartez. Araztegiak egun ez daudenez prestatuta farmako gehienak garbitzeko, horiek erreketara eta itsasora heltzen dira.

Baina farmakoak kontsumitzen dituen gizakiaz gain, badaude farmakokutsaduraren beste iturri garrantzitsu batzuk. Esaterako, medikamentuak ekoizten dituen industria farmazeutikoaren isuriak. Horrez gain, nekazaritzan, abeltzaintzan edo akuikulturan ere farmakoak erabiltzen dira (bereziki, antibiotikoak eta antiinflamatorioak), eta horiek, sarritan, ingurunean barreiatzen dira zuzenean, araztegitik pasatu gabe. Ezin ahaztu gure maskotekin ere medikamentuak erabiltzen ditugula, eta horiek ere gaixotu egiten direla.

medikamentuak
Irudia: behin medikamentuak erabilita, ez ditugu hondakinak modu egokian sailkatzen; maiz, farmazia-bulegoetako SIGRE puntuetara eraman beharrean, gainerako zaborrarekin batera errefusera botatzen ditugu. (Argazkia: Towfiqu barbhuiya – Pexels lizentziapean. Iturria: Pexels.com)

Gizakiotara bueltatuz, oso garrantzitsua da aipatzea, behin medikamentuak erabilita, ez ditugula hondakinak modu egokian sailkatzen. Hau da, maiz, farmazia-bulegoetako SIGRE puntuetara eraman beharrean, gainerako zaborrarekin batera errefusera botatzen ditugu, edo likidoak badira, zenbaitetan baita konketatik ere. Ezin ahaztu ospitaleetako eta adinekoen edo menpekotasunak dituzten pertsonen egoitzetako hondakin-urak; izan ere, horietan farmako asko eta kontzentrazio altuetan aurkitu genitzake.

Medikamentuen inpaktua ingurumenean

Produktu farmazeutikoen hondakinek eragin negatibo nabarmenak izan ditzakete ingurumenean. Eragin desiragaitz horiek larriagoak izan daitezke desertifikazioak, klima-aldaketak edo antzeko fenomenoek lagunduta. Bereziki adierazgarriak dira zenbait farmakok ingurumenean eragiten dituzten kalteak. Horiek farmakoen iraunkortasunaren, toxikotasunaren eta kontzentrazioaren araberakoak izaten dira, besteak beste.

Adibide ezaguna da estrogenoena (sexu-hormonak). Horiek gai dira arrainen sexuazio-prozesuan eragiteko; ondorioz, arrak izan beharko luketen arrainek ezin izaten dute sexu-heldutasunera iritsi. Beste adibide argi bat antibiotikoena da. Antibiotikoen presentziak bakterio eta onddo erresistenteak sortzea errazten du. Diklofenakoa, ibuprofenoa eta naproxenoa oso erabiliak dira inflamazioaren aurka, eta kontzentrazio altuetan efektu toxikoak eragin ditzakete hainbat organismotan. Eta laugarren kasu ikusgarria inhalazio bidez ematen diren anestesikoena da (bereziki, desfluranoa); gas horiek berotegi-efektu indartsua daukate.

Hondakin-uren tratamendua

2022ko urrian Europako Batzordeak hiriko ur-hondakinen tratamendurako zuzentaraua berrikustea proposatu zuen. Proposamen horretan, mikrokutsatzaileak kentzeko tratamendu gehigarriak planteatzea erabaki zen. Adibidez, mikrokutsatzaileen zerrenda horren barruan sartu zituzten karbamazepina (epilepsiaren kontrako eta min neuropatikoa tratatzeko medikamentua), diklofenakoa (antiinflamatorioa), hidroklorotiazida (diuretikoa), metoprolola (hipertentsioa eta bihotzeko arazo batzuk tratatzeko) eta antzeko farmako batzuk. Zuzentarauaren berrikuspen horrek jasotzen du industria farmazeutikoak eta industria kosmetikoak beren gain hartu behar dutela hondakin-uretatik produktu farmazeutikoak garbitzeko araztegietan egin beharreko inbertsioen kostua.

Farmakoak eliminatzeko zenbait metodo ezarri dira orokorrean: ozonoa, ikatz aktiboa, tratamendu ultramorea eta mintz-bidezko bioerreaktoreak (MBRs). Etorkizunean, garapen bioteknologikoari esker, badirudi hainbat eta hainbat soluzio berri agertuko direla, eta ikerketa-proiektuak esponentzialki haziko direla arlo horretan.

Farmazia jasangarriago baterantz egin nahi badugu, esku artean dugun erronka potolo honek konponbide integralak eta arazoan inplikatuta dauden eragile guztien parte-hartzea behar ditu; hau da, medikamentuaren bizitza-ziklo osoan dago eragin beharra. Ez digu ezertarako balioko araztegietako hondakin-uretatik farmakoak garbitzeko sistemarik aurreratuenak diseinatzeak, baldin eta industriak medikamentu berdeagoak ekoizten ez baditu, medikuek ingurumena kontuan hartu barik preskribatzen badute, eta animalientzako zein gizakientzako medikamentuen erabilera arrazionalagoa bultzatzeko inbertsioak egiten ez badira. Farmakoetan adituak diren farmazialariei dagokie gaiari buruzko formazioa ematea, praktika egokiak martxan jartzea eta sentsibilizaziorako bozgorailu izatea.

Erreferentzia bibliografikoak:

  • Brodin, Tomas; Bertram, Michael G.; Arnold, Kathryn E; et al. (2024). The urgent need for designing greener drugs. Nature Sustainability, 7, 949–951 (2024). DOI: 10.1038/s41893-024-01374-y
  • Gómez-Regalado, María del Carmen; Martín, Julia; Santos, Juan Luis; Aparicio, Irene; Alonso, Esteban; Zafra-Gómez, Alberto (2023). Bioaccumulation/bioconcentration of pharmaceutical active compounds in aquatic organisms: Assessment and factors database. The Science of the total environment, 861, 160638. DOI: 10.1016/j.scitotenv.2022.160638
  • Orive, Gorka; Lertxundi, Unax; Brodin, Tomas; Manning, Peter (2022). Greening the pharmacy. Science, 377(6603), 259–260. DOI: 10.1126/science.abp9554
  • Wilkinson, John L; Boxall, Alistair B. A.; Kolpin, Dana W.; et al. (2022). Pharmaceutical pollution of the world’s rivers. Proceedings of the National Academy of Sciences of the United States of America, 119(8), e2113947119. DOI: 10.1073/pnas.2113947119
  • Zhang, Chubin; Barron, Leon; Sturzenbaum, Stephen (2021). The transportation, transformation and (bio)accumulation of pharmaceuticals in the terrestrial ecosystem. The Science of the total environment, 781, 146684. DOI: 10.1016/j.scitotenv.2021.146684

Egileez:

Artikulua EHUko Basque Sustainable Pharmacy and Biotherapy ikerketa-taldeko honako ikertzaileen lana da: Jon Zarate, Gorka Orive, Vladimir Akhrimenko, Lidia Maeso, Sandra Lantaron, Saioa Domingo, Unax Lertxundi, Matías Nicolás Cuenca, Eider Abasolo eta Monica Martinez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.