Hilda Lyon, aerodinamikaren etorkizunari forma eman zion emakumea

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

5 min

Hilda Lyon, aerodinamikaren etorkizunari forma eman zion emakumea

Matematikan trebatua, Hilda Margaret Lyon (1896-1946) britaniar zientzialariaren ideiek baloi gidatuen eta itsaspekoen diseinua eraldatu zuten, zientziaren eta teknologiaren historian arrasto sakona baina ez oso ezaguna utziz.

Hilda Margaret Lyon 1896ko maiatzaren 31n jaio zen Market Weightonen, Yorkshire (Ingalaterra) konderriko herri txiki batean. Inguru xumean hazi zen: janari denda batean ziharduen bikote ezkondu batetik jaiotako lau seme-alabetatik gazteena zen. Txikitatik matematikarako zaletasun handia adierazi zuen; hortaz, Beverley High School ospetsuan ikasi zuen, eta ondoren Cambridgeko Unibertsitateko emakumeentzako Newnham College dibisioan. Bertan Matematikako lizentziatura lortu zuen 1918an, nahiz eta bere tituluak hogeita hamar urte behar izan zituen gizonezko ikasleen tituluaren parean egoteko –Cambridgek 1948ra arte ez zizkien unibertsitate titulu osoak eman emakumeei–.

Hilda Lyon
1. irudia: Hilda Margaret Lyon ikertzailea. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

Graduatu ondoren, Hilda abiazioaren arloan murgildu zen, Lehen Mundu Gerraren amaieran loratu zen industrian, hain zuzen. Erresuma Batuko Aire Ministerioan abiazioko tentsioen analisiari buruzko ikastaroa egin zuen, eta bertan teknikari laguntzailearen postua lortu zuen. Berehala konturatu zen lanpostu horrek bere jardunbidea mugatuko zukeela eta ez zela oso suspergarria –emakume matematikaria zenez, bertan ez zuen aukera handirik ardurak bere gain hartzeko edo mailaz igotzeko–; hortaz, ministerioari uko egin eta Suitzara sei asteko bidaia sabatikoa egin zuen ahizparekin. Hori izan zen nazioartean egin zituen bidaietako lehenengoa; bere jardunbidean hainbat egin zituen.

Ondoren, hainbat enpresatan aireontzien teknikari laguntzaile aritu zen, hala nola Siddeley-Deasy eta Parnall fabrikatzaileekin; enpresa horietan analisi eta kalkulu matematiko konplexuak behar zituzten asmo handiko proiektuez arduratu zen. Bere talentua ez zen oharkabean pasatu: 1922an Erresuma Batuko Aeronautikako Errege Sozietateko kide gisa onartu zuten, eta gizonak gailentzen ziren ingurunean mugarri handia lortu zuen.

Baloi gidatu zurrunen erronka: R100 vs R101

Gerrarteko garaian Erresuma Batua baloi gidatu zurrunen –norabidea kontrolatu dezaketen aireontzi autopropultsatuak– asmo handiko programa batean jardun zen, nazioarteko komunikazioak modernizatu eta tropak garraiatzeko itxaropenarekin. Gobernuak lehian aritu ziren bi taldeen lana finantzatu zuen: bata, komertziala, Howdenen, R100 modeloa; eta, bestea, Aire Ministerioa buru zuena Cardingtonen, R101 modeloa. Hilda Lyon bigarren horretan lanean hasi zen 1925ean. Royal Airship Worksen talde teknikoarekin bat egin zuen emakume gutxietako bat izan zen; konpaini hori Hindenburg baloi gidatua sortu zen arte eraikitako makina hegalaririk handiena izango zenaren –223 metro luze– garapen aerodinamikoaz arduratu zen.

Hilda Lyon
2. irudia: R100 gidatua Torontoren gainetik hegan egiten (1930) eta R101 gidatua bere lehenengo hegaldiaren egunean (1929). (Iturria: Wikimedia Commons – jabari publikoan)

Bi taldeen arteko lehia bizia zen. R100 modeloa airean nabigatzeko egiaztagiria lortu zuen lehenengoa izan zen, eta Kanadara 79 orduko hegaldi arrakastatsua egin zuen 1929ko abenduan. R101 gidatuaren baimenak geroago iritsi ziren, eta baliteke ikerketak eta beharrezko probak oraindik osatu gabe izanda lortzea. R101 gidagarria Cardingtonetik Karachira abiatu zen 1930eko urriaren 4an, eta berrogeita hamar pertsona baino gehiago zeramatzan, besteak beste Aireko Estatuko idazkaria. Hurrengo egunean, makinak behea jo zuen Frantzian, eta barnean zeuden ia pertsona guztiak hil ziren. Ezbeharraren zuzeneko ondorio gisa, britainiar gobernuak baloi gidatuen programa bertan behera uztea erabaki zuen eta R100 gidatua desegin zuten. Hala ere, Hildak dagoeneko behar zituen datuak bildu zituen, eta horiekin 1930ean gidatu zurrunen zeharkako markoen erresistentziari buruzko artikulu garrantzitsu bat argitaratu zuen; hala, Aeronautikako Errege Sozietatearen R38 Oroimenezko Saria jaso zuen lehenengo emakumea izan zen.

Hilda Lyon, zeinak lehenago R101 gidatua probatzeko hegaldietan parte hartzeko aukera izan zuen, ez zen zoritxarreko hegaldian egon, apur bat lehenago beka bat jaso baitzuen eta Cardingtonen bere lanpostua utzi baitzuen Massachusettseko Teknologia Institutuan (MIT, ingelesezko izenaren siglengatik) ikasteko, AEBn.

“Lyon formaren” asmatzailea

MITen, Hildak haize tunel esperimentaletan eta ingeniaritzako laborategietan lan egin zuen. Bere ikerketen ondorioz, baloi gidatu batentzako forma optimoa identifikatu ahal izan zuen, egun “Lyon forma” izenarekin ezaguna dena; hain zuzen ere, ur tanta batean inspiratutako silueta aerodinamiko iraultzailea da –forma biribila aurreko aldean, atzealdean puntu bateraino estutzen dena–. Diseinuak, fluidoetan aurrera egiteko erresistentzia nabarmen murrizten zuenak, frogatu zuen beste batzuk bezain aerodinamikoa zela, baina igotzeko gasari leku gehiago ematen ziola, aerostatoetan flotagarritasuna zehazten duen oinarrizko osagaiari, alegia.

Maisutza lortzea ahalbidetu zion ikerlana ez zen teoria hutsean geratu, eta baloi gidatuen alorretik harago hedatu zen; izan ere, 1953an Lyon forma USS Albacore itsaspekoaren diseinuan txertatu zen, eta ondoren AEBko eta beste herrialde batzuetako ia itsaspeko guztien krosko prototipo bihurtu zen.

Hilda Lyon
3. irudia: Albacore itsaspekoa haize tunelean frogatzen Langleyn. (Iturria: Wikimedia Commons– jabari publikoan)

MITen egonaldia egin ondoren, Hildak bere ibilbidearekin jarraitu zuen Gotingan (Alemania), non gaur egun Dinamikaren eta Autoantolaketaren Max Planck Institutua izena duenean lan egiten hasi zen, Ludwig Prandtl ingeniaritza aeronautikoko aitzindariaren tutoretzapean. Bertan aerodinamika ikertzen zuen nazioarteko elitean murgildu zen, sare akademikoa eta ikuspegi teknikoa hedatuz, ama gaixotzearen ondorioz egonaldia eten behar izan zuen arte. Zientzialariak Yorkshirera itzultzea erabaki zuen ama zaintzeko.

Bueltan Erresuma Batura

Hildak garaiko beste pertsona batzuentzat jardunbidearen amaiera ekarriko lukeena aukera bihurtu zuen. Etxetik –eta hainbat unibertsitate liburutegitatik– lan egitea erabaki zuen, bizitza pertsonala eta profesionala uztartu ahal izateko. Hala, ama 1934an hil aurreko bi urteetan, zientzialariak aerodinamikari eta muga geruzaren eraginei buruzko artikulu zientifikoak argitaratu zituen, eta horri esker, arloko ereduzko egile gisa zuen tokia finkatu zuen.

1937an berriro lanaldi osoan jardutera itzuli zen Royal Aircraft Establishment erakundeak ofizial zientzialari nagusiaren lanpostua sortu zuenean. Hala, haize tuneletan muga geruzaren xurgatzeari eta egonkortasun aerodinamikoari buruzko ikerketan jardun zen. Geroago, Egonkortasun Ataleko arduradun bihurtu zen, eta Aeronautical Research Council batzordeko kide ere izan zen; aholkularitza batzorde horrek ikerketa aeronautikoa sustatzen zuen Erresuma Batuan.

Hilda Margaret Lyon goiz zendu zen. 1946ko abenduaren 2an hil zen, 50 urte zituela, ebakuntza kirurgiko batean izandako arazoen ondorioz. Ia guztiz ahaztuta geratu zen, 2019an bere biografia argitaratu zen arte. Urte horretatik bertatik, haren aitak Market Weightonen izandako eta gaur supermerkatu bihurtutako saltoki zaharraren fatxadan plaka bat jarri zuten, Hildaren omenez. 2020an argitaratutako liburu batek Hildaren bizitza eta ibilbide profesionala jorratzen ditu, zientzialaria aerodinamikako eta ingeniaritza aeronautikoko aitzindaria izan baitzen emakume oso gutxik goi mailako ikasketak (eta are gutxiago karrera teknikoak) egin zitzaketen garai hartan.

Iturriak:


Egileaz:

Edurne Gaston Estanga elikagaien zientzia eta teknologiako doktorea da. Gaur egun, zientzia eta teknologiaren ezagutza zabaltzea sustatzen duten erakundeen proiektuak kudeatzen ditu.


Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2025eko ekainaren 26an: “Hilda Lyon, la mujer que dio forma al futuro de la aerodinámica“.

Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.