Ozeanoen mikroorganismoen ezkutuko mundua argitara
Nazioarteko zientzialari talde batek —tartean izanik EHUko ikertzaileak— itsasoko 200 mikroeukarioto baino gehiagoren barne-arkitektura inoizko xehetasun maila handienarekin behatzea lortu du. Ikerketa Cell aldizkarian argitaratu da, eta EHUren Basque Microalgae Culture Collection (BMCC) bildumako laginak baliatu ditu.
“Mikroeukariotak organismo zelulabakar ñimiñoak dira; planktonaren parte direnak. Funtsezko eginkizunak betetzen dituzte ozeanoetan: oxigenoa sortzen dute, elikakateen oinarri dira eta oinarrizko prozesu ekologikoak erregulatzen dituzte. Garrantzitsuak diren arren, txikiak eta ahulak izateak, zientziaren irismenetik kanpo egotea eragin du, hein handi batean”, adierazi du Sergio Seoane EHUko Landareen Biologia eta Ekologia saileko irakasle eta ikertzaileak.

Erabilitako teknika berritzaileari esker, Ultraegituraren Hedapen Mikroskopia (U-ExM) aplikatuta, zelulak fisikoki “zabaldu” daitezke, hau da, tamainaz handitu egiten dira egitura suntsitu gabe. Markatzaile espezifikoekin konbinatuta, proteinak eta barne-elementuak agerian geratzen dira. “Horrela, zelulen arkitektura hiru dimentsiotan beha dezakegu, orain arte mikroskopio elektronikoarekin soilik lor zitekeen xehetasun mailarekin, baina askoz ere modu zabalagoan eta sistematikoagoan”, zehaztu du Seoanek.
Teknika horri esker, ikertzaileek mikroeukariotoen 200 espezie baino gehiago aztertu ahal izan dituzte, hala nola alga berdeak, dinoflagelatuak, haptofitoak, ziliatuak, euglenidoak edo kriptofitoak. “Zitoeskeletoaren barne-egitura berriak identifikatzea lortu dugu —mikrotubuluak, harizpiak eta zentrioloak—. Baita egitura horiek nola funtzionatzen duten zehatz-mehatz ulertzea ere, organismo horien zelula aniztasunaren inoiz ez bezalako mapa osatuz”, adierazi du Jone Bilbao EHUko Landareen Biologia eta Ekologia saileko doktoratu ondoko ikertzaileak.
BMCCa, EHUren baliabide estrategikoa
Lan honetan aztertutako espezie gehienak EHUko Basque Microalgae Culture Collection (BMCC) bildumakoak dira. “Banco Español de Algas espainiarrarekin batera, EHUren bilduma hori Europan (ECCO) eta munduan (WFCC) algen bilduma ofizial gisa erregistratutako estatuko bilduma bakarra da. BMCCak bioteknologian, zelulen biologian eta itsas ekologian punta-puntako ikerketak egiteko material biologikoz hornitzen ditu zentro teknologikoak, enpresak eta unibertsitateko ikertaldeak. Azterlan honetan erabili izanak argi adierazten du bildumak nazioartean duen garrantzia eta ikusgaitasuna, baita horrelako azpiegiturak babestu eta baliabideez hornitu beharra dagoela ere, biodibertsitatea arakatzeko funtsezkoak direlako eta potentzial bioteknologiko handia dutelako”, azaldu du Seoanek.
Eskala aldaketa itsas biologiarako
Aurkikuntza ez da laborategira mugatzen. Ozeanotik zuzenean jasotako ingurumen-laginei ere aplika dakieke U-ExMa, eta horrek ikuspegi errealistagoa ematen du izaki horiek beren ekosistema naturaletan nola bizi diren ikusteko. “Itsas biologian eskala aldaketa dakar horrek: kultibatutako organismoak aztertzetik bizitza mikroskopikoa testuinguru errealean behatzera igarotzeko aukera ematen du. Horrek inplikazio zuzenak ditu ekosistemen funtzionamendua eta erresilientzia ulertzeko klima aldaketaren eta biodibertsitatearen galeraren aurrean”, adierazi du Estibalitz Txurruka EHUko Landareen Biologia eta Ekologia saileko doktoratu ondoko ikertzaileak.
Mikroorganismo horien zeluletako arkitektura ulertzea “funtsezkoa” da, oinarrizko biologiarako ez ezik, ingurumena babesteko ere. “Barne-egitura bakoitzak adierazten digu organismoak nola egokitzen diren, nola mugitzen diren eta nola bizirauten duten, eta behar bezala funtzionatzen dutenean planetan bizia izateko funtsezkoak diren sare ekologikoen euskarri direla”, azaldu du Seoanek.
Iturria:
EHU prentsa bulegoa: “Teknika berri batek ozeanoen oinarri diren mikroorganismoen ezkutuko mundua ekarri du argitara“.
Erreferentzia bibliografikoa:
Mikus, Felix; Rubio Ramos, Armando; Shah, Hiral; Hellgoth, Jonas; Olivetta, Marine; Borgers, Susanne; Saint-Donat, Clémence; Araújo, Margarida; Bhickta, Chandni; Cherek, Paulina; Bilbao, Jone; Txurruka, Estibalitz; Eglit, Yana; Leisch, Nikolaus; Schwab, Yannick; Husnik, Filip; Seoane, Sergio; Probert, Ian; Guichard, Paul; Hamel, Virginie; Dudin, Omaya (2025). Charting the landscape of cytoskeletal diversity in microbial eukaryotes. Cell, 188, 26, 7610-7628. DOI: 10.1016/j.cell.2025.09.027