Blanca Ausín: «Nire egungo ikerketak karbono zikloa du ardatz»
Blanca Ausín González Itsas Zientzietako lizentziaduna da Vigoko Unibertsitatean eta doktorea Salamancako Unibertsitatean. Itzal handiko ikertzailea da Ikertzaile Zientifikoen Kontseilu Goreneko Salamancako Baliabide Naturalen eta Agrobiologiako Institutuan (IRNASA-CSIC). PASSAGE proiektuaren (Europako Ikerketa Kontseilua) ikertzaile nagusia da, eta IRNASA-CSICko Biogeozientzien eta Klima Aldaketaren Ikerketa Taldearen koordinatzailea.
Ozeano modernoa eta iraganekoa aztertzen ditu, klimaren aldakortasuna berreraikitzeko, teknika eta ikuspegi biogeokimikoen eta mikropaleontologikoen diziplina anitzeko konbinazio bat erabiliz. Bereizmen handiko erregistro klimatikoen fidagarritasuna ikertzen du, seinale klimatikoetan egon daitezkeen alborapen espazio-tenporalak argitzeko eta gure planetaren arestiko iraganeko klimaren interpretazioak fintzeko.
Halaber, karbonoaren zikloari buruz ikertzen du, karbono-14 erabiliz gordailu kontinental eta itsas gordailuetan karbonoa sortzen, garraiatzen eta lurperatzen parte hartzen duten prozesuak ebaluatzeko.
Bere lanari esker, kanpaina ozeanografikoen burua izan da, eta espedizio horietako batean oinarritu zen Bitácora, una aventura oceanográfica komikia, Noah Schamuells artistak ilustratua.
Beste sari batzuen artean, Zientzien Errege Akademiaren Fundazioak ematen duen 2023ko Emakume Gazteen Talentu Zientifikoko saria jaso zuen.

Zein da zure ikerketa arloa?
Ozeanografian trebatu naiz, ozeanoaren konplexutasuna aztertzen duen diziplina anitzeko zientzia liluragarri batean. Horren barruan, biogeokimikaren esparruan espezializatu naiz. Egun, nire ikerketak karbono zikloa du ardatz: nola sortzen den, nola mugitzen den gordailuen artean (hala nola atmosfera, biosfera edo hidrosfera) eta zer mekanismok errazten duten itsas sedimentuetan epe luzean biltegiratzea.
Gainera, nire denboraren zati handi batean paleoklimatologian jarduten dut. Ildo horretan, itsas sedimentuak aztertzen ditut, artxibo naturalak izango balira bezala, eta horietatik beharrezkoa den informazioa ateratzen dut gure planetako klima denboran zehar nola aldatu den berreraikitzeko.
Zergatik aritzen zara arlo horretan?
Izugarri gustatzen zaidalako ozeanoa, oso txikia nintzenetik. Hamabost urterekin, egun batean Galiziako kostaldeko denborale bati buruzko albiste bat ikusten ari nintzela, Vigoko Unibertsitateko ikertzaile bat agertu zen, olatuen dinamika eta hondartzaren profila xehetasunez azalduz. Liluratu egin ninduen. Bere izenaren azpian, «ozeanografoa» jartzen zuen. Hurrengo egunean, nire auzoko liburutegira joan nintzen ordenagailuan hura zer zen bilatzera. Ordura arte ez neukan oso argi zer ikasi nahi nuen, baina arratsalde hartan ohartu nintzen karrera oso bat zegoela ozeanoa ikastera bideratuta bakarrik. Urte batzuk geroago, telebistako gizon hura ozeanografia fisikoko nire irakaslea izan zen. Gaur egun, gehien erakartzen nauena da datuz betetako grafiko bati begiratu eta zein prozesu ozeaniko, fisiko, kimiko edo biologiko den deszifratzen saiatzea da. Arlo horren edertasuna diziplina horien guztien etengabeko elkarrekintzan dago; haien arteko puntuak lotzea da bizigarriena.
Izan al duzu erreferentziazko figurarik zure ibilbidean?
Jakina, pertsona apartengandik ikasteko zortea izan dut. Beatriz Mouriño Carballido (Vigoko Unibertsitatea) ozeanografoarengandik ikasi nuen zure pasioa lanbide bihurtzea nork bere burua errealizatzeko modua izan daitekeela. Francisco Javier Sierro (Salamancako Unibertsitatea) geologoarengandik ikasi nuen, beste gauza askoren artean, zintzotasun profesionala egon behar dela beti beste ezeren gainetik. Eta Timothy Eglinton (ETH Zúrich) biogeokimikoarengandik horrenbeste lezio ikasi nituen… ezin ditut zenbatu. Arlo zientifikotik harago, nire familia eta lagunak etengabeko erreferentziatzat ditut egunerokoan.
Zer aurkitu edo konpondu nahiko zenuke zure arloan?
Ozeanoan informazio klimatikoa kapsulatzen duten ezin konta ahala partikula daude (hala nola mineralak edo organismoen hondarrak), eta gero iragana berreraikitzeko «adierazle» gisa erabiltzen ditugu. Arazoa da badakigula partikula horiek ez direla zuzenean uzten sortzen diren lekuan; aitzitik, bidaiatu egiten dute, beste eremu batzuetako partikulekin nahasten dira, eta, azkenean, itsas hondoko puntu jakin batetik ateratzen duguna garai eta leku desberdinetako nahasketa izan daiteke. Nire helburu nagusia da partikulen «bidaia» horrek kontserbatzen duten seinale klimatikoari nola eragiten dion argitzea. Efektu hori ulertzea eta zuzentzea lortuko bagenu, artxibo sedimentarioak askoz fidagarritasun handiagoz interpretatu ahal izango genituzke, eta, beraz, iraganeko klima aurrekaririk gabeko xehetasunez eta zehaztasunez berreraiki.
Zein aholku emango zenioke ikerketaren munduan hasi nahi duen norbaiti?
Esango nieke agian oztopoak aurkituko dituztela, eta hori gertatzen zaienean, ahotsa goratzeko eta beharrezkoak diren aldaketak aldarrikatzeko balioa izan dezatela. Ez dezatela beste alde batera begiratu. Ikerketak asebetetasun izugarriak eman ditzake, baina gure sistema zientifikoa ez da perfektua alderdi askotan, eta guztion zuzentasunari eta sistema hori eraldatzeko ausardiari esker hobetuko da soilik.
Jatorrizko elkarrizketa Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2026ko maiatzaren 9an: Blanca Ausín: «Mi investigación actual se centra en el ciclo del carbono».
Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.
Ikertzen dut atalak emakume ikertzaileen jardunari erreparatzen die. Elkarrizketa labur baten bidez, zientzialariek azaltzen dute ikergai zehatz bat hautatzeko arrazoia zein izan den eta baita ere lanaren helburua.