Euskal Herriko Eskola Mailako 1. Kristalizazio Lehiaketa

Ekitaldiak

UPV/EHUko Mineralogia eta Petrologia Saileko Kristalografia taldeak (IMACRIS/MAKRISI) Euskal Herriko Eskola Mailako 1. Kristalizazio Lehiaketa antolatu du, DBHko eta Batxilergoko ikasleen artean kristalen ezagutza, edertasuna eta erakargarritasuna zabaltzeko.

Kristalizazio Lehiaketa
Irudia: Kristalizazio Lehiaketa Andaluzian hasi zen eta 2013-2014 ikasturtean Nazioarteko Kristalografiaren Urtearekin batera hainbat tokitara zabaldu zen. 2015-2016 ikasturtean lehen aldiz egingo da honako ekimena Euskal Herriko ikastetxeetan.

Zer dira kristalak? Non topa ditzakegu kristalak? Zein da kristalaren eta beiraren arteko ezberdintasuna? Zertarako erabiltzen da kristalografia zientzian? Galdera hauek eta beste asko erantzuteko asmoz, antolatu du Euskal Herriko Unibertsitateak, bigarren hezkuntzako ikasleei zuzenduta dagoen 1. Kristalizazio Lehiaketa.

Kristalen erakargarritasuna eta hauen prestakuntzan dagoen problematika zientifikoa estimulutzat hartuz, metodo zientifikoa DBH eta Batxilergoko ikasleei barneratzeko ekintza bezala proposatzen da. Lehiaketa honen helburua da ikasleen artean jakin-mina garatzea eta, kristal eder batzuk haziz, esperimentu zientifiko bat ulertzeko eta hobetzeko mekanismoak martxan jartzea.

Lehiaketak bi modalitate izango ditu, ADPren kristalizazioa edo ADPren geodak eratzea. Hau da, kristalak bi modu desberdinetan kristalizatu ahal izango dira, kristal bakarra gisa edota geoda bezala.

Euskal Herriko ikastetxeei zabalik dagoen lehen deialdi honetan, askoz jota, 25 ikastetxek parte hartu ahal izango dute. Talde bakoitzak gehienez 3 ikasle eta irakasle laguntzaile bat izango du. Izena emateko epea azaroaren 20a arte zabalik dago eta ccepv.fct@ehu.eus helbide elektronikora mezua bidaltzearekin nahikoa da. Mezuan ikastetxe bakoitzean arduraduna izango den irakaslearen izena (kontaktu e-mail batekin), parte hartuko duten irakasle eta ikasle kopurua eta zein mailan dauden adierazi behar da.

Ikasle talde bakoitzak 2016ko maiatzean aurkeztuko ditu haren emaitzan Bilboko Bizkaia Aretoan. Parte hartzaileen artean bost sari banatuko dira, horietako bat egitasmoa azaltzen duen bideo onenari emango zaio.

Lehiaketaren faseak

1.- Lehenengoan, UPV/EHUko irakasleek institutu eta ikastetxeetako irakasleak prestatuko dituzte baliabide zientifiko-didaktikoak emanez, kristalizazio esperimentuak beraien ikasleekin egiteko. Prestakuntza egun hauek derrigorrezkoak izango dira lehiaketan parte hartzen duten irakasle guztientzako (bi egun) eta UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean izango dira abenduan 17:00etatik 19:00etara.

2.- Lehiaketaren bigarren faseak eskola bakoitzean esperimentuen gauzatzea du helburu. Esperimentuak aurrera eramateko lehiaketaren organizazioak emango duen kit didaktiko bat eta ADPren (fosfato amonikoa) beharrezko materiala erabiliko da. ADP kristalak bakarka edo geodetan hazi ahal dira era harrigarri batean ikasleen arreta bereganatuz eta hauen izaera ikertzailea sustatuz. Parte hartzaileek gida didaktiko bat izango dute esperimentuak aurrera eramateko. Fase honetan, ikasleek esperimentuetan parte hartzen duten kontzeptuak garatzeko aukera izango dute. Esperimentuak egiteko lekua ikastetxe bakoitzaren ardura izango da.

3.- Lehiaketaren hirugarren fasea finala izango da. 2016ko maiatzean izango da UPV/EHUko Bilboko Bizkaia Aretoan. Finalerako, irakasleek hiru ikaslez osatutako taldeak egingo ditu eta beraiekin emaitzak aurkeztuko dituzte Zientzia Kongresu baten formatua erabiliz. Talde bakoitzak esperimentuetan lortutako kristalekin maketa bat aurkeztuko du eta gainera, formatu zientifikoa duen poster batean lanaren helburuak, materialak, prozedura, emaitzak eta ondorioak azaldu beharko ditu.

On-lineko laguntza

Kristalizazio Lehiaketa ematen ari den bitartean komunitate birtual bat mantenduko da parte hartzaileen artean irudiak eta azalpenak elkar trukatzeko eta lehiaketaren antolatzaileen laguntza jasotzeko ere balioko du. Horrez gain ccepv.fct@ehu.eus helbidera galderak eta zalantzak bidaliz gero, antolatzaileak edozein motako galderak bideratu eta erantzungo dituzte.

Euskal Herriko Eskola Mailako 1. Kristalizazio Lehiaketaren oinarriak, xehetasunak eta gainontzekoak jarraitzeko Facebooken zabaldu duten orrialdea duzue eskura.

Ikaslea, irakaslea edota ikastetxeko arduraduna bazara, animatu eta murgildu zaitezte kristalen mundu harrigarrian!

Kanarietako Eskola Mailako 1. Kristalizazio Lehiaketaren emaitzak

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.