Maria Winkelmann Kirch: bere garaiko gizonek eklipsatutako andre astronomo alemana

Dibulgazioa · Emakumeak zientzian

5 min

Maria Winkelmann Kirch: bere garaiko gizonek eklipsatutako andre astronomo alemana

Bada andre eruditu bat, bitxikeriatzat jo litekeena. Bere lorpenak ez dira kokatzen ez literaturan ez erretorikan, ezpada astronomiaren jakingai sakonenetan… Ez dut uste erraza izango denik emakume honek bere parekorik aurkitzea hain bikainki landu duen zientzian. Gure garaiko astronomo eruditu guztien gisara, andre honek sistema kopernikarra defendatzen du (Eguzkia geldi dagoela, alegia). Plazer hutsa da hari entzutea sistema hori Eskritura Santuen bidez defendatzen, zeharo jakintsua baita haietan ere. Behatzailerik zorrotzenekin batera behatzen du, eta miragarria da zelan darabiltzan koadrantea eta teleskopioa.

Gottfried von Leibniz, 1709

Winkelmann Kirch
Irudia: Esther Polakek sortutako Maria Winkelmannen irudia, uztartuta Chur-Brandenburgischer Verbesserter Calender Auff das Jahr Christi 1701-eko orri batekin, Maria eta Gottfried Kirchen kalkuluez egina.

Maria Margaretha Winkelmann 1670eko otsailaren 25ean jaio zen Panitzsch herrian, Leipzigeko lautadan, Alemanian. Bere aitak, artzain luteranoa zenak, alaba etxean heztea erabaki zuen. Aita hil ondoren, osaba batek hartu zuen bere gain zeregin hori.

Maria liluratuta zegoen astronomiarekin, eta aukera izan zuen Christopher Arnoldekin (1650-1695) ikasteko. Gizona astronomo afizionatua zen, eta Sommerfelden bizi zen, Panitzschen eta Leipzigen arteko herritxo batean. Arnoldek sona hartua zuen kometei eta Merkurioren trantsituari 1690ean egindako behaketengatik. Winkelmann haren laguntzaile bihurtu zen berehala, eta Arnolden bidez Gottfried Kirch (1639-1710) astronomo entzutetsua ezagutu zuen. Maria eta Gottfried 1692an ezkondu ziren (bigarren ezkontza zen Kirchentzat) eta seme bat eta hiru alaba izan zituzten.

Kirchen hiru arrebak haren laguntzaileak izandakoak ziren hiru urtez; Maria Kirchekin ezkondu bezain laster, senarrarentzako lanean hasi zen, emakumea astronomo gaitua baitzen dagoeneko.

Bizimodua ateratzeko, 1667az geroztik Kircherrek egutegiak egiten zituen (informazioa emanez ilargiaren faseez, ilunsentiaz, eklipseez, eta Eguzkiaren eta planeten posizioaz), bai eta efemerideak eta almanakak ere, eta informazio meteorologikoa erregistratzen zuen. Mariak berarekin jardun zuen kalkuluok egiten, baina laguntzaile rolean, ez pareko bezala, halaxe eskatzen baitzuten garai hartako arauek. 1685etik 1728ra bitartean, Kirchtarrek egutegi bat argitaratu zuten urtero: hasieran, Maria lan horretara batu aurretik; gero, biak lankidetzan arituz; eta, azkenik, Gottfried hil ostean ekimenarekin jarraituz, neurri handi batean Mariari esker, eta Maria 1720an hilez geroztik, Christfried semeak haren lekukoa harturik. Gottfried Kirch 1681ean hasi zen efemerideak egiten, Johannes Keplerren (1571-1630) Tabulae Rudolphinae direlakoak oinarri hartuta. Mariak parte hartu zuen lan horretan Gottfriedekin 1692an ezkonduz geroztik, baina handik hamar urtera bertan behera utzi zuten zeregin hori.

1700ean Kirchek Brandenburgoko Frederiko III.aren (gerora Frederiko I.a Prusiakoa izango zenaren) “astronomo erreal” izendatu zuten, Berlingo Zientzien Errege Akademian. Orduan kirchtarrak hiri horretara aldatu ziren. Bertan, behatoki bat eraikitzen hasi zitzaizkien beren lana errazteko. Eraikina jaso bitartean (hamaika urte hartu zuen), kirchtarrek beren Berlingo etxetik egiten zituzten behaketak.

Kometa bat deskubritu zuen lehen emakumea?

1702ko apirilaren 21ean, Maria Kirchek kometa bat deskubritu zuen, baina Gottfriedek bere buruari egotzi zion aurkikuntza. C/1702 H1 edo «1702ko kometa» izenekoa da. Maria Kircherrez gain, aldi berean deskubritu zuten, bakoitzak bere aldetik, Francesco Bianchini (1662-1729) eta Giacomo Filippo Maraldi (1665-1729) astronomoek Erroman 1702ko apirilaren 20an, eta Philippe de La Hire (1640-1719) matematikari eta astronomoak Parisen, urte bereko apirilaren 24an. Esaten da Maria Kirch izan zela kometa bat deskubritu zuen lehen emakumea, baina baliteke historia ofizialak ezikusia egin izana emakumeek aurretik egindako beste aurkikuntza batzuei.

1710ean Gottfried Kirchek aitortu zuen, azkenean, bere emazteak deskubritu zuela kometa, nahiz eta emakumeak ez zituen egundo jaso horregatik zegozkion ohoreak. Honela azaldu zuen gertaera hori Kirchek:

Goizean goiz (2:00ak inguru), zerua oskarbi eta izartsu zegoen. Gau batzuk lehenago, ni izar aldakor bat behatzen ibilia nintzen, eta nire emaztea (ni lotan nengoela) hura bilatzen eta bere begiez ikusten saiatu zen. Hori egitean, kometa bat aurkitu zuen zeruan. Orduan esnatu ninduen, eta zinez kometa bat zela ikusi nuen… Harritu egin nintzen aurreko gauean nik ikusi ez izanaz.

Gottfried 1710eko uztailaren 25ean hil zen, eta Mariari eta seme-alabei baimena eman zieten familiari utzitako etxean geratzeko. Mariak bere senarrak izandako “astronomo erreal” kargua eskatu zion Berlingo Zientzien Errege Akademiari. Bere eskarian argudiatzen zuen senarra gaixorik egon zen bitartean berak, Mariak, egin zuela haren lana, eta berak jarraitu zuela “Kirch egutegiak” egiten. Garai hartan Gottfried Leibniz (1646-1716) zen Berlingo Zientzien Errege Akademiako presidentea, eta bat egin zuen Mariaren eskariarekin, baina akademiako beste kide batzuk kontra agertu ziren; izan ere, uste zuten emakume bat kontratatzea desohorea izango zela erakundearentzat. Azkenean Johann Heinrich Hoffmann (1669-1716) izendatu zuten posturako, Gottfried Kirchen laguntzailea izandakoa. Mariak baino esperientzia gutxiago zeukan, eta behin baino gehiagotan kargu hartu zioten bere lan eskasagatik.

Astronomia ikertzaile eta irakaslea

Mariak jarraitu zuen behaketa astronomikoak egiten, eta egutegiak eta almanakak sortzen, eta semea eta alabak hezi zituen astronomo adituak izateko. 1712an Bernhard Friedrich von Krosigk (1656-1714) baroiaren behatokiko zuzendari bihurtu zen. Baroia Berlingo astronomoen mezenasa eta familiaren laguna zen.

Hoffmann hil zenean, 1716an, Mariaren seme Christfried Kirch (1694-1740) izendatu zuten bere amari ukatutako postua betetzeko.

Maria eta bere alabak Christine (1696-1782) eta Margaretha (1703-1759) Christfrieden laguntzaile aritu ziren; haiek ere ez zuten inongo aitorpenik jaso. Akademiak Maria estutu zuen erretiroa har zezan protagonismo osoa bere semeari utziz, eta halaxe egin zuen.

Maria Kirchek argitalpen gutxi batzuk dauzka, adibidez aurora borealari buruzkoa (1707), Eguzkiaren eta Saturnoren eta Artizarraren konjuntzioari buruzkoa (1709) eta Jupiterren eta Saturnoren konjuntzioari buruzkoa (1712), besteak beste.

Haietako batzuek badute halako ukitu astrologiko bat; halaber, Mariak horoskopoak ere prestatu zituen, ziur aski bere familia aurrera atera ahal izateko. Maria hil ondoren, Alphonse des Vignolesek (1649-1744), Berlingo Zientzien Errege Akademiako kideak, hauxe esan zuen beraz:

Madame Kirchek horoskopoak prestatzen zituen, bere andre lagunek hala eskatuta, baina gogoz kontra beti, eta bere mezenasekin petrala ez izateko.

Mariakirch (9815) planeta txikiari haren omenez eman zioten izena. Maria Winkelmann Kirch 1720ko abenduaren 29an hil zen.

Iturriak:


Egileaz:

Marta Macho Stadler, (@martamachos.bsky.social) EHUko Matematikako irakaslea da eta Kultura Zientifikoko Katedrak argitaratzen duen Mujeres con Ciencia blogaren editorea.


Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2026ko martxoaren 4an: Maria Winkelmann Kirch, la astrónoma alemana eclipsada por sus contemporáneos.

Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.