Isabel Caballero de Frutos: «Zientziari esker, uraren hizkuntza itzul dezaket»
Isabel Caballero de Frutos Andaluziako Itsasoko Zientzien Institutuko (ICMAN-CSIC) zientzialari titularra da. Vigoko Unibertsitatean Itsasoko Zientzietan lizentziatu ondoren, masterrak egin zituen Kantabriako Unibertsitatean eta Cádizeko Unibertsitatean. Ondoren, doktorego tesia osatu zuen Granadako Unibertsitatean, eta NOAAn (Estatu Batuak) egin zuen lan kostaldeko kartografia proiektua zuzentzen. Bere ikerkuntza jarduera kostaldeko eremuen azterketa integralerako aplikatutako teledetekzioaren esparruan garatzen du, ozeanografia eta satelite bidezko datuetan oinarritutako Lurraren behaketa uztartuz. Bere lana kostaldeko ekosistemak monitorizatzeko metodologia berritzaileak garatzera bideratuta dago, bereziki Europako Copernicus programako Sentinel-2 irudietan oinarrituta. Ekarpen adierazgarriak egin ditu kostaldeko inguruneen analisian, baita itsas ingurunearen kudeaketa eta kontserbazioa hobetzeko aplikazio berriak garatzeko tresna aurreratuak sortzen ere.
Bere ibilbidea hainbat sari eta aitortzarekin saritu dute. Horien artean daude hauek: IEEE Oceanic Engineering Society OCEANS’11 international competition en 2011, Estatu Batuetako Zientzien, Medikuntzaren eta Ingeniaritzaren Akademia Nazionalaren aitortza 2016an, Modesto Vigueras Sari Nazionalaren lehen saria 2021ean, eta Europako Espazio Agentziak 2026an emandako Lurraren Behaketako Bikaintasunaren Nazioarteko Saria. Azken sari horrekin, gainera, Sentinel-2 datuen erabileran egindako ekarpen aitzindariengatik aitortza hori jaso duen Espainiako lehen zientzialaria izan da. Bere ikerkuntza jarduera produkzio zientifiko oparoarekin, diziplinarteko lankidetzarako gaitasun handiarekin eta zientzia dibulgazioan egindako lan nabarmenarekin osatzen da.

Zein da zure ikerketa arloa?
Nire ikerkuntza lana, batez ere, teledetekzioko tresnak ikuspegi diziplina anitzetik aplikatzean oinarritzen da, kostaldeak eta itsas eremuak ebaluatzeko. Bereziki, Copernicus programako Sentinel-2 sateliteei esker, oso dinamikoak diren eskualde horietan gertatzen diren hainbat fenomeno aztertzen ditut, hala nola uraren kalitatea, itsasaldi gorriak, higadura eta sakonera txikiko itsas hondoen kartografia. Kostaldeko eremuak oso ekosistema kalteberak dira, eta giza jardueraren presio handia jasaten dute. Horregatik, haien bilakaera ulertzea funtsezkoa da behar bezala kudeatu eta kontserbatzeko. Liluragarriena da Lurraren gainetik 786 kilometroko altueran dabiltzan tresna optiko horiek aintzirei, padurei, estuarioei, albuferei, hondartzei, mangladiei edo koral arrezifeei buruzko ezinbesteko informazioa emateko gai izatea. Horri esker, ikuspegi paregabea dugu prozesu ozeanografikoak eta biologikoak aztertzeko. Gainera, 10 metroko bereizmen espazialari esker, ekosistema konplexu horiek xehetasun handiz azter ditzakegu. Horrek sekulako iraultza ekarri du planetako eskualde sentsible horiek ikertzeko eta ulertzeko moduan.
Zergatik aritzen zara arlo horretan?
Teknologia espazialaren erabilera Lurra eta ozeanoaren arteko interfazean dauden ingurumen arazo oso errealekin uztartzen duelako egiten dut esparru honetan lan. Eta liluragarria delako. Espaziotik kostaldeen eta itsasoen osasun egoera ezagutzea erronka zientifiko eta tekniko handia da niretzat. Etengabeko ikaskuntza prozesuan mantentzen nau, eta beti harrituta uzten nau, sortzen diren galderak ia amaigabeak baitira. Paisaia aldakor horiek ulertzea interesatzen zait; egunero, orduro eraldatzen dira, eta bizitzari eusten diote. Zientziak uraren hizkuntza interpretatzeko aukera ematen dit, eta ulertarazi dit Lurra hain urrutitik, espaziotik, behatzea harengandik gertu egoteko eta zaintzen laguntzeko modua ere badela.
Izan al duzu erreferentziazko figurarik zure ibilbidean?
Txikia nintzenean, sekula ez nituen topatu. Liburuak bakarrik, eta ez da gutxi… edo, Irene Vallejok dioen moduan, “infinitua ihi batean” dira. Nire ibilbidean zehar, ozeanografiaren eta Lurraren behaketaren arloan erreferente zientifikoak izan ditut, bereziki CSICen, hala nola nire doktorego tesiaren zuzendaria izan zen Gabriel Navarro. Oso garrantzitsuak izan ziren, gainera, doktorego ondorengo egonaldiak eta nazioarteko lankidetzak. Horien artean, bereziki aipatu nahiko nuke Estatu Batuetako NOAA erakundean Richard P. Stumpf ikertzailearekin bi urtez egin nuen lana. Esperientzia horrek funtsezko mugarria sortu zuen nire prestakuntzan, eta zientzia gizartera hurbiltzearen eta transferitzearen garrantzia irakatsi zidan; nire lanak pertsona guztientzat erabilgarria izatea, alegia. Gainera, nazioarteko bidaietan eta esperientzietan ere aurkitu ditut erreferenteak: ozeanoa errespetuz eta jakin-min handiarekin aztertzen duten pertsona eskuzabalak. Etengabe ikasten dut haien eguneroko lanari esker. Izan ere, itsasoarekiko haien grinak eta ezagutzak kutsatu egiten naute.
Zer aurkitu edo konpondu nahiko zenuke zure arloan?
Satelite bidezko behaketa tresnak hobetzen jarraitu nahiko nuke, uraren uhertasuna, alga loraldiak eta kostaldeko higadura bezalako fenomenoak zehaztasun handiagoz monitorizatzeko. Era berean, oraindik ihes egiten digun hori argiago ikasten jarraitu nahiko nuke: kostaldeetako aldaketa sotilak, klimaren aztarna itsasoan eta ekosistemetan gertatzen diren eraldaketen lehen seinaleak. Uste dut ezagutza horretan aurrera egitea funtsezkoa dela ingurumen inpaktuak aurreikusi eta espazio horien kontserbazio eta kudeaketa hobean laguntzeko. Zientziatik haratago doan harremanak lotzen gaitu haiekin: estresak gainezka egiten digunean eta udako hilabeteetan iritsi nahi dugun oasi horiek irudikatzen dituzte. Guztion lana da osasuntsu eta babestuta izatea.
Zein aholku emango zenioke ikerketaren munduan hasi nahi duen norbaiti?
Lehenik eta behin, jakin-minaren garra bizirik mantentzea gomendatuko nioke. Horrez gain, tresna kuantitatibo eta teknologikoetan prestatzea, baina baita alderdi sozial eta gizatiarretan ere. Ikerkuntza lana pazientzia, egokitzeko gaitasuna eta nazioarteko lankidetza eskatzen ditu; izan ere, zientziak ez ditu mugak ulertzen. Era berean, datuak konplexuak edo zalantzazkoak direnean ere, harriduraz begiratzeari ez uzteko esango nioke. Ikertzea galderekin bizitzen ikastea da, haiei erantzuteko presarik gabe; bideaz, etengabeko ikaskuntzaz eta gauzak poztasunez eta gogo handiz ezagutzearen prozesuaz gozatzea. Beti gustatzen zait gogoraraztea zientzialari batek bere datuei eta emaitzei begiratzeko moduak artista batek bere lanei eta sorkuntzei begiratzeko duenaren antzekoa izan behar duela: arretaz, errespetuz eta miresmenez begiratu behar zaie.
Jatorrizko elkarrizketa Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2026ko uztailaren 11an: Isabel Caballero de Frutos: «La ciencia me permite traducir el lenguaje del agua».
Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.
Ikertzen dut atalak emakume ikertzaileen jardunari erreparatzen die. Elkarrizketa labur baten bidez, zientzialariek azaltzen dute ikergai zehatz bat hautatzeko arrazoia zein izan den eta baita ere lanaren helburua.