Sumendien erupzioak: korronte ozeanikoen kolapsoaren azken eragile?

Dibulgazioa · Kolaborazioak

4 min

Sumendien erupzioak: korronte ozeanikoen kolapsoaren azken eragile?

Industrializaziotik etengabe handitu diren berotegi-efektuko gasen emisioek Lurra itzulerarik gabeko puntu kritiko batera eraman dute. Orain milaka urte dituzten izotz-nukleoek eta klima-ereduek planetaren inflexio-puntuekin jolastearen arriskuez ohartarazten gaituzte. Hori da Science aldizkarian argitaratutako ikerketa berri batek argitzen duena: sumendi masibo baten «bultzada» txiki batek Lurreko klima egonkortzen duen ozeano-korrontearen kolapsora eraman gaitzake.

Ozeano Atlantikoko korronte-sistema nagusiak (AMOC, ingelesezko sigletan) tropikoetatik iparralderantz ur epelak daramatzan ubide garraiatzaile erraldoi baten gisa funtzionatzen du. Egitura hidrogeologiko hori funtsezkoa da planetaren egonkortasun klimatikoari eusteko. Hain zuzen ere, Europako klima epel eta leuna mantentzen duen «erradiadore» gisa jarduten du. Hala ere, klima-erregulatzaile global horren etorkizuneko iragarpena ez da batere ona.

korronte
Irudia: sumendi masibo baten erupzioa korronte ozeanikoen eta klima-aldaketaren azken eragilea izan daiteke. / 2025 Science

Azken urteetako ikerketek ohartarazten dutenez, Artikoko berotze globalaren ondorioz ur geza kantitate handiak igortzen dira korronte horretara, eta horrek arriskuan jartzen du haren egonkortasuna. Hain zuzen ere, 2100. urterako, ur-lasterraren % 50 ahultzea ere aurreikusten dute behaketa-eredu ezberdinek. Nahiz eta AMOCen kolapsoak eragin ditzakeen ondorioak guztiz argiak ez diren, zientzialariek ondorio larriak iragartzen dituzte maila globalean; hala nola, Europak hozte ikaragarriak jasango lituzke (gaur egun Alaskan duten klimaren antzekoa, non neguak -35 gradutaraino eror bailitezke) eta hego-hemisferioak berotze handia jasango luke (Afrikako basamortuko klima lehorrenen antzekoa).

Hala ere, nahiz eta ur-korrontearen kolapsoaren inguruko ikerketa gehienek izotzaren urtzean jartzen duten arreta, beste hainbat faktore kritikok ere eman dezakete zeresana. Orain, ikerketa berri batek beste faktore bat gehitu dio kolapsoaren ekuazioari: Lurraren erregistro historikoek erakusten dute sumendiak izan direla, iraganean, korronte hori erabat itzaltzeko edo pizteko gai izan diren etengailuak.

Izotz-aroko sumendiek erakusten digutena

Dinamika hidrogeologiko kritiko hori ulertzeko, azken izotz-arora joan behar izan dira ikertzaileak. Garai hartan, Dansgaard-Oeschger izenez ezagutzen diren klima-aldaketa bortitzak gertatu ziren. Gertakari horiek egungo egoeran izan dezaketen eragina aztertzeko, nazioarteko ikertaldeak izotz-nukleoen analisia eta klima-eredu konplexuen ehunka simulazio konbinatu ditu. Science aldizkarian argitaratutako artikuluak agerian uzten du ekuatoreko sumendien erupzioek ozeanoetako kolapsoak eta erabateko klima-aldaketak eragin zituztela garai hartan, eta, orain, gako izan daitezkeela klima egonkortzen duen korronte ozeanikoaren dinamikan.

Sumendi masibo bat erupzioan sartzen denean, hauts eta sufre dioxido kantitate izugarriak igortzen ditu estratosferara; horrela, eguzki-erradiazioa blokeatzen du eta bat-bateko hozte globala eragiten. Arraroa bada ere, ikerketa honek argitzen du klima-perturbazio horrek, hasiera batean, itsasoko izotz-masaren hedapen azkarraren ondorioz AMOC korrontearen indartze labur bat eragiten duela. Hala ere, izotz berri hori urtaroaren arabera urtzen denean, ur gezaren bolumen handiak injektatzen ditu korrontera, eta izugarri aldatzen ditu Ipar Atlantikoko gazitasuna eta dentsitatea. Hala, ur-hondoratzearen mekanismoa desaktibatu egiten da, eta sistema ozeanikoa kolapso-egoera iraunkorrean murgiltzen da. Egoera horrek, ikerketaren egile nagusia den Guido Vettoretti-k azaltzen duenez, Lurreko klima baldintzatu dezake milaka urtetan: «historikoki ekuatoretik gertu gertatu diren sumendien erupzio handiak gai izan dira Ozeano Atlantikoko korrontean kolapso bat eragiteko, eta horrek, aldi berean, milaka urte iraun zuten bat-bateko klima-aldaketak eragin ditu».

Paleoklima, estatistika eta etorkizuna

Aurkikuntza paleoklimatiko horiek ez dira bitxikeria historiko hutsak; Lurrari egonkortasuna ematen dion sistemaren gaur egungo zaurgarritasunari buruzko ikuspegi kezkagarria eskaintzen dute. Ikerketa iraganeko baldintza glaziarretan oinarritzen bada ere, ondorio argi bat uzten digu: AMOC korronte ozeanikoa zientzialariek aurrez estimatutakoa baino askoz sentikorragoa da kanpoko eraginekiko.

Gainera, argitaratutako ikerketak azpimarratzen du klimak probabilitatez jokatzen duela gertaera horien aurrean; «sumendi masibo baten erupzioaren benetako inpaktua, neurri handi batean, klima-sistema egoera hauskorrean edo ezegonkortasun-puntu kritiko batetik hurbil egotearen araberakoa da», dio Vettorettik. Gaur egun, industrializazio-garaitik etengabe hazi den giza jardueraren berotegi-efektuko gasen emisioak, klima ez ezik, AMOC korrontea ere bere muga operatiborantz bultzatzen du. Testuinguru ezegonkor horretan, Markus Jochum irakasleak, ikerketaren egilekide denak, azken bultzadaren ideia aipatzen du; «orekan dagoen taula bat okertzea bezala da: sistema inflexio-puntu batetik gertu badago, bultzada txiki bat baino ez da behar. Gure ereduak erakusten du sumendien erupzio bat izan daitekeela bultzada hori».

Horrek esan nahi du, berez kolokan dagoen klima globalean, akats-marjinarik gabe geratu garela dagoeneko gerta daitezkeen ustekabe naturalen aurrean. Ildo horretan, AMOC korronte ozeanikoa behar bezala mantentzeko zenbait proposamen erradikal agertu dira azken urteetan, hala nola Bering itsasarteko presak. Baina konponbide horiek bestelako milaka inpaktu eragin ditzakete, eta, gainera, ikertzaile askoren ustez ez diote arazoaren benetako erroari heltzen: krisiari aurre egiteko, emisioak murrizteko premia larria dago. Beraz, milaka urteko izotzek transmititzen diguten benetako ohartarazpen gordina da ezin dugula planetaren inflexio-puntuekin jolasten jarraitu. Berehalako klima-ekintza da beharrezkoa, Parisko Akordioa erabat betetzea lehenesten duena, sumendien «bultzada» txiki batek Lurreko klima egonkortzen duen ozeano-korrontearen kolapsorantz bultza ez gaitzan. Izan ere, milaka urte beharko genituzke kolapso horretatik suspertzeko.

Erreferentzia bibliografikoak:

Portmann, Valentin; Swingedouw, Didier; Khattab, Omar; Chaven, Marie (2026). Observational constraints project a ~50% AMOC weakening by the end of this century. Science Advance, 12, 16. DOI: 10.1126/sciadv.adx4298

Vettoretti, Guido; Hu, Ruei-Jia; Bethke, Ingo; Krüger, Kirstin; Sigl, Michael; Outten, Stephen; Lin, Jaimei; Nuterman, Roman; Svensson, Anders; Ditlevsen, Peter; Jochum, Markus (2026). Volcanism-induced collapse and recovery of the Atlantic meridional overturning circulation under glacial conditions. Science Advance, 12, 6. DOI: 10.1126/sciadv.adx2124


Egileaz:

Oxel Urra Elektrokimikan doktorea da, zientziaren eta artea uztartzen duten proiektuetan aditua, egun zientzia-komunikatzailea da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.