Europan zehar aise zabaltzen ari da txakala
Kontinentean otsoak beherantz ari diren honetan, txakalak pixkanaka lurralde berriak eskuratzen ari dira, eta zientzialariek horren zergatia azaldu dute.
Azken hamarkadetan animalia bat erraztasun handiz zabaltzen ari da Europan zehar, eta bereziki Balkanetan zuen jatorrizko abiapuntutik kontinentean lurralde berriak eskuratzen ari da. Duela hainbat hamarkadara arte, Eurasia hegoaldeko zerrenda zabal batean zabalduta zegoen, Thailandiatik Balkanetaraino, baina gainerako Europan falta zen. Baina gauzak aldatzen ari dira, txakal arrunt edo urrekararentzat (Canis aureus), eta biologoak harritu dira fenomenoak hartu duen abiaduraz: espeziea Zirkulu Polar Artikotik Iberiar penintsulara zabaltzen ari da kontinente osoan zehar, orain arte ikusita ez zeuden leku askotara iristen ari delarik.

Otsoek eta azeriek ez bezala, mutur eta belarri motzak dituzte txakalek, eta belarrien puntak borobilagoak dira. Tamainari dagokionez, otsoen heren bat baino ez dira. Sastraka asko dagoen habitatetan bizi ohi dira, batez ere ur putzuetatik gertu. Orojaleak dira: gauez ugaztun eta bestelako animalia txikiak ehizatzen dituzte, eta intsektu eta landare edo frutak ere jateko gai dira; baina, gehienbat, sarraskijaleak dira.
Europako 33 herrialdetan behatu dituzte jada. Baina harrigarriena da horietatik hamarretan azken hamarkadan behatu izan direla, zabaltzen ari diren abiaduraren erakusle. 2017tik ehunka aldiz dokumentatu da espeziea jatorrizko bizitokietatik oso urrun. Herrialde baltikoetan, adibidez, bikote ugaltzaileak atzeman dituzte dagoeneko.
Iberiar penintsulari dagokionez, martxoaren 2023an Araban auto batek harrapatutako kanido baten arrastoen DNAren azterketak erakutsi zuen txakala zela, eta Araba eta Burgos arteko mugan txakala izan ahal zen ale bat atzeman zen, fototranpeo bidez. 2024ko otsailean ere Zaragozan beste ale bat atzeman zen, teknika berdinarekin.
Datuak ikusita, ugaztunen artean mundu mailan geratu izan den “banaketa aldaketa handienetakoa bat” izaten dela diote Nature Ecology & Evolution aldizkarian argitaratu duten zientzia artikuluaren egileek. Espeziaren zabalpenari jarraipena egiteko, 2001 eta 2017 artean hamahiru herrialdetan animalien soinuak jasotzen dituzten 8.991 puntutan erregistratutako datuak aintzat hartu dituzte.
Milaka kilometro egiteko gai dira kanido hauek, eta aise egokitzen dira inguru berrietara. Bai paisaiak zein klimak faboratzen dute espeziearen zabalpena. Bide hau jorratuta arrakasta izugarria lortu dute txakalek. Orotara, adituek kalkulatu dute txakalek Europan 2,4 milioi kilometro koadro eskuratzeko aukera izan dezaketela. Hala, kontinentearen % 75 hartu dezaketela uste dute: orain hartzen duen lurraldeak halako sei.

Frantzia eta Espainia dira, adituen esanetan, espeziea zabaltzeko herrialde egokienak, animalia hauentzako aproposak diren lur gehien dituztelako. Horren arrazoietako batzuk honakoak dira: elur geruza gutxi daude eta askotariko paisaiak dituzte. Ura duten eremuak egotea ere, noski, guztiz lagungarria da. Lurralde hauek, gainera zatikatuta egon ohi dira, eta nekazaritza lurrak zein babesleku gisa funtzionatzen duten baso eta sastrakadiak tartekatzen dira bertan.
Baina garrantzitsuena da herrialde hauetan —eta hau ikerketa honen ondorio garrantzitsuenetako bat—, otsoa (Canis lupus) ez dagoen eremu zabalak dituztela eskura, azken hau baita, hain zuzen ere, lehiakiderik handiena txakalentzat. Ondorioz, txakalak saiatzen dira horiek dauden habitatetan ez egoten, baina, horiek ez daudenean, ateak irekita dituzte.
Agian bitxiena dena, ikertzaileek ondorioztatu dute arerio izugarri honen aurrean txakalak aterpe bilatzen ari direla giza asentamenduetan. Hala, otsoak egonez gero, gizakiak bizi diren inguruetan babesa hartzen dute txakalek, giza eremu horietara otsoak ez direlako hurbiltzen. Hortaz, txakalek antropizatutako eremu horiek ezkutu gisa erabiltzen dituztela uste dute biologoek. Modu honetan, oraingoan bederen, kolonizazioa oztopatu beharrean, giza azpiegiturek kontrako efektua izan dezakete, espezie berriaren zabalpena erraztuz. Gainera, eta beste hainbat animalia espezierekin gertatu bezala, giza hondakinak animalia honentzako janari erraza bilakatzen da.
Europako toki askotan gizakiek otsoak jazarri dituzte, eta horrek ekarri du leku askotan iraungi izana. Hori dela eta, aspalditik otsoak gainbeheran daude Europan, eta, ekologian ohikoa den bezala, espezie baten gainbehera beste espezie baterako mesedegarria izan daiteke. Etorkizunean ere hau faktore nagusiena izango dela sinetsita daude adituak. Nathan Ranc ikertzaile nagusiaren arabera, litekeena da txakalak iberiar penintsulan zabaltzea eta egonkortzea, baina hori otso populazioen bilakaeraren arabera izango dela uste du.
Bi espezieen arteko harremana horren estua izanik, ikerketaren egileak saiatu dira kalkulatzen otsoaren aldeko politikek zer nolako eragina izan dezaketen txakalen zabalpenean. Kalkuluak arras adierazgarriak dira: orain arteko babes neurriak mantenduz gero, txakalen zabalpen eremuak gehienez % 18 murriztuko lirateke. Hortaz, nahiko argi dute txakalen hedapenak ez duela muga garrantzitsurik izango. Iberiar penintsularen kasuan, sartuz gero, txakalek otso iberikoarekin (Canis lupus signatus) eta azeriekin (Vulpes vulpes) partekatu beharko lukete lurraldea, hirurak espezie generalistak direlako.
Erreferentzia bibliografikoa:
Ranc, Nathan; Wilmers, C. Christopher; Maiorano, Luigi; et al. (2026). Human shielding from wolves facilitates jackal expansion across Europe. Nat Ecol Evol, 10, 1091–1102. DOI: 10.1038/s41559-026-03060-y
Egileaz:
Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.