Inhibizio Latentearen urritasuna: gaitasun eza ala trebetasuna?
Une batez pentsatu zenbat estimuluren menpe gauden eguna hasi eta oheratu arte. Zentzumenetatik datu kopuru ikaragarriak iristen zaizkigu, baina guztiei ezin diegu arreta jarri. Hauek modu errepikatuan eta ondoriorik gabe aurkezten direnean garrantzirik gabeko informazioa dela pentsa dezakegu. Garrantzirik gabeko estimuluei arreta ez jartzen ikasteko organismoak duten gaitasuna islatzen duen fenomenoa ‘inhibizio latentea’ bezala ezagutzen da. Hau da, inhibizio latenteak zein estimuluri erantzun behar zaion eta zeini ez hautatzen duen iragazki gisa jokatzen du. Prozesu hori ezinbestekoa da ingurunera egokitzeko, erantzun azkarragoa eta egokiagoa ematea ahalbidetzen baitu.
Hori kontuan hartuta, inhibizio latentearen adierazpenean agertu daitezkeen ezberdintasun indibidualak arretarekin lotutako ezaugarri jakin batzuen markatzaile gisa interpreta daitezke. Hau dela eta, inhibizio latentearen urritasuna azaltzen duten pertsonen arreta funtzionamendua asko ikertu izan da, garrantzirik gabeko informazioa iragazteko zailtasuna bezalako eredu baten adibide gisa. Inhibizio latentearen urritasuna psikopatologia nahaste ezberdinen (eskizofrenia, antsietatea nahasteak, arreta gabezia eta hiperaktibitatea,…) arreta adierazpen gisa aztertua da.

Artikulu honetan, inhibizio latentearen urritasunaren interpretazioa Zaurgarritasun Partekatuaren Ereduaren baitan egin dugu. Ereduak, zaurgarria den aldagaia bezala definitzen du inhibizio latenteren urritasuna, prozesatze-sistemetara sartzen den informazio-bolumena handitzea dakar eta, baina ereduaren arabera inhibizio latentearen urritasuna funtzionamendu kognitibo efizientearen markatzaile kognitiboa ere izan daitekeela azaltzen du. Proposatzen duena da, inhibizio latentearen urritasunak sistema kognitiboaren sendotasunaren arabera pentsamendu sortzailerako joera eta ondorioz ideia sortzaileak sortu ditzakeela.
Inhibizio latentearen urritasunak prozesatze-sistemetara sartzen den informazio-bolumena handitzea dakar eta funtzionamendu ez-eraginkor horren ondorioz, ahalmen mugatuko prozesadoreetara iristen den informazio-bolumena handiagoa izango litzateke. Baina sistemak informazio bolumen gehigarri hau kudea dezaketen sendotasun kognitiboak baditu (koefiziente intelektual eta lan oroimen gaitasun altua, eta malgutasun kognitiboa adibidez), informazio bolumen handia modu eraginkorrean prozesatu ahalko luke.
Egoera horretan inhibizio latentearen urritasuna gaitasun eza izan ordez trebetasun bat izatera pasako litzateke. Hau da, inhibizio latentearen urritasuna, zaurgarritasun adierazle biologikoa eta faktore kognitibo babesleen arteko elkarreraginak areagotu egingo ditu kontzientzian eskuragarri dauden estimuluen aukera eta sakontasuna, ideia berritzaile eta originalen eraketan maneiatu eta konbinatzeko. Eredu honen arabera, inhibizio latentearen urritasunak prozesatzen uzten duen informazio bolumen handi honek abantaila bat suposa dezakeela proposatzen du, eta honek pentsamendu sortzailea gertatzeko egoera aproposa izatea ahalbidetzen du.
Zaurgarritasun Partekatuaren Ereduaren arabera, inhibizio latentearen urritasuna zaurgarritasun biologikoa subjektuaren ezberdintasun indibidualen adierazlea da. Ezaugarri hau duten subjektuen prozesamendua ikertzea eta ezagutzea berebiziko garrantzia izango du, gizabanako bakoitzaren indarguneak eta ahuleziak identifikatzeko, ahalik eta potentzial handiena lortzeko beharrezko laguntza eta baliabideak eskaini ahal izateko. Horrela, inhibizio latentearen urritasunaren adierazpena gabezia izan beharrean dohaina eta trebetasuna izateko.
Artikuluaren fitxa:
- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 48
- Artikuluaren izena: Inhibizio Latentearen urritasuna: gaitasun eza ala trebetasuna?.
- Laburpena: Inhibizio latentea (ILa) organismoek garrantzirik gabeko estimuluei arreta ez jartzen ikasteko duten gaitasuna islatzen duen fenomenotzat hartzen da. Hori kontuan hartuta, ILaren adierazpenean ager daitezkeen ezberdintasun indibidualak arretarekin lotutako ezaugarri jakin batzuen markatzaile gisa interpreta daitezke. Adibidez, proposatu da ILaren urritasunaren adierazpenaren joerak garrantzirik gabeko informazioa iragazteko zailtasuna adieraz dezakeela. Artikulu honetan, zaurgarritasun partekatuaren ereduaren ezaugarrien eztabaida egiten dugu. Eredu honek azaltzen du ILaren urritasuna nola izan daitekeen funtzionamendu kognitibo akastunaren edo efizientearen markatzaile kognitiboa. Informazioaren iragazpen-murrizpenak informazio-bolumen bereziki handia sistemaren prozesamendu-baliabideetara sartzea eragingo du. Ereduaren arabera, iragazte murriztu horrekin batera indargune kognitibo gehigarririk ez badago, defizita sortuko da estimulu garrantzitsuei arreta emateko orduan, prozesatze-baliabideak garrantzirik ez duten estimuluekin konprometituko baitira. Kasu horietan, ILaren urritasuna psikopatologiarekiko zaurgarritasunarekin lotuko da. Aitzitik, iragazketa murriztua indargune kognitibo gehigarriak dituen sistema batean gertatzen bada, iragazkiak pasatzen duen informazio-bolumen handia maneiagarria izango da. Kasu horretan, posible izango da urruneko asoziazioak edo loturak ezartzea ageriko edo ohiko harremana ez duten informazio atalen artean. Egoera honetan, ILaren urritasuna gatazkak konpontzeko orduan oso eraginkorra den pentsamendu sortzaile batekin lotuko da.
- Egileak: Ixone Badiola-Lekue, Naiara Arriola eta Gabriel Rodríguez
- Argitaletxea: EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 115-128
- DOI: 10.1387/ekaia.26261
Egileez:
Ixone Badiola-Lekue, Naiara Arriola eta Gabriel Rodríguez EHUko Psikologia Fakultateko Oinarrizko Psikologia Prozesuak eta Garapena Saileko ikertzaileak dira.
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
