
Entomologia intsektuak aztertzen dituen zientzia da. Animalia txikiak dira, eta planetako ia txoko guztietan bizi diren arren, askotan oharkabean pasatzen dira. Izan ere, beste artropodo batzuekin batera, hala nola armiarmekin eta akainekin, Lurreko izaki bizidunen talde ugarienetako eta askotarikoenetako bat osatzen dute. Aranzadi Zientzia Elkartearen artikulu baten arabera, hiru animalia espezietatik bi intsektuak dira, eta kilometro karratu bakoitzean 10.000 milioi ale inguru daudela kalkulatzen da.
Tximiletak, euliak, kakalardoak, sorgin-orratzak, armiarmak edo akainak. Batzuek, jakin-mina pizten dute, eta beste batzuek, ordea, arbuioa eragiten dute. Hala ere, guzti-guztiek, neurri handiagoan eta txikiagoan, funtsezko zeregin bat betetzen dute gure ekosistemen orekan.
Mundu liluragarri hori publikoarengana hurbiltzeko asmoz, Beatriz Díaz Martín biologoak eta Aranzadi Zientzia Elkarteko Entomologia saileko ikertzaileak, “Insectos: nuestros diminutos vecinos” (Intsektuak: gure auzokide txikitxoak) hitzaldi-solasaldia eskainiko du. Jarduera irailaren 30ean izango da, asteazkenean, 19:00etan, Bilboko Bidebarrietako Liburutegian.
Hitzaldian zehar, Díaz Martínek intsektuak eta beste artropodo batzuk nolakoak diren eta naturan zein eginkizun betetzen duten azalduko du. Era berean, fama txarra izan arren, espezie horietako asko ekosistemen funtzionamendurako funtsezkoak zergatik diren mahaigaineratuko du. Hitzaldi hau aukera paregabea izango da animalia txiki horien aparteko aniztasuna ezagutzeko eta haien kontserbazioaren garrantzia ulertzeko.
Hitzaldi-solasaldia EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bilboko Udaleko Kultura sailaren mende dagoen Bidebarrietako Liburutegiak antolatzen duten Bidebarrieta Zientifikoa hitzaldi-zikloaren parte da. Sarrera doan izango da, eserlekuak bete arte. Streaming bidez ere jarraitu ahal izango da, Bidebarrieta Kulturgunearen YouTubeko kanalaren bidez.
Intsektuak: gure auzokide txikitxoak
- Hasiera data
- Amaiera data
- Ordutegia
- 19:00etatik 20:00etara
- Tokia
- Bidebarrietako Liburutegia.
- Helbidea
- Bidebarrieta kalea, 4. Bilbo. , Bilbo.