Gibeleko minbiziaren itu terapeutiko berri bat identifikatu dute

EHUko ikerketa

2 min

Gibeleko minbiziaren itu terapeutiko berri bat identifikatu dute

EHUko eta IIS Biogipuzkoako zenbait ikertzailek gidatutako nazioarteko ikerketa batean identifikatu dute MARCO deritzon errezeptorea gibel barneko kolangiokartzinoma (iCCA) tratatzeko itu terapeutiko izan daitekeela. Gibeleko minbiziaren forma erasokorrenetako bat eta pronostiko txarrena dutenetako bat da CCA, eta behazun-hodiei eragiten die. Hasierako fasean sintoma ez-espezifikoak dituenez, minbizia aurreratuta dagoenean diagnostikatzen da askotan, eta horrek zaildu egiten du tratamendua.

Ikerketa Signal Transduction and Targeted Therapy aldizkarian argitaratu da. Ikerlanaren autore nagusia Aloña Agirre Lizaso da, eta EHUko ikertzaile María Jesús Perugorria doktorea eta Jesús M. Bañales doktorea izan dira zuzendarikideak, bi-biak Immuno-onkologia Hepatikoaren eta Gaixotasun Hepatikoen Taldeetako arduradunak dira IIS Biogipuzkoan. Gibeleko minbizian, tumore-immunologian eta tumore-mikroinguruneko biologian espezializatutako estatuko eta nazioarteko zenbait taldek parte hartu dute ikerketan.

identifikatu
Irudia: kolangiokartzinoma intrahepatiko baten ikuspegia mikroskopioan. (Argazkia: Alfonso Mora – CC-BY-SA 4.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Emaitzek erakutsi dutenez, MARCO errezeptoreak funtsezko zeregina du tumorearen progresioan, immunoezabapenean eta tumorearen ondoriozko fibrosian, eta hori jakiteak aukera berriak sortzen ditu hain pronostiko txarra duen tumore honen kontrako estrategia immunoterapeutikoak garatzeko.

MARCOren eginkizuna tumore-immunoezabapenean

Azken urteotan egindako zenbait ikerlanek agerian utzi dute nolako garrantzia duen tumore-mikroinguruneak kolangiokartzinomaren garapenean eta progresioan. Tumoreen % 60k baino gehiagok profil immunologikoki “hotza” dute. Horrek esan nahi du T linfozito zitotoxiko gutxi dutela (batez ere horiek arduratzen dira minbizi-zelulak suntsitzeaz) eta erantzun immunitarioa ez dela gai tumoreari eraginkortasunez aurre egiteko.

Testuinguru horretan, ikerlan berri honek identifikatu du MARCO errezeptorea elementu giltzarria dela ingurune protumoral horren erregulazioan. Ikertaldeak frogatu du MARCO errezeptorea tumorearekin erlazionatutako makrofago-azpimota espezifiko batean espresatzen dela. Makrofago horiek tumorearen aurkako erantzuna moteltzen laguntzen dute, eta, ondorioz, minbizia bera eta tumorearen ondoriozko fibrosia handitzen laguntzen dute.

Gainera, paziente batzuen tumore-laginak aztertuta ikusi da MARCOren adierazpen handia duten tumoreak erlazionatuta daudela biziraupen txikiagoarekin eta tumore-ingurune erasokorragoarekin, zeinaren ezaugarriak baitira T zelulek disfuntzio handiagoa izatea, immunitate-sistemak gaixotasunari aurre egiteko zailtasun handiagoa izatea eta fibrosi gehiago agertzea.

Zenbait eredu aurreklinikotan lortu diren emaitzek erakusten dute, halaber, MARCOrik ez izateak babestu egiten duela gibel barneko kolangiokartzinoma garatzetik. Errezeptore hori ez zuten animalietan, fibrosi gutxiago eta tumore-mikroingurune immunoezabatzaile txikiagoa ikusi ziren. Gainera, makrofagoetan eta T linfozito zitotoxikoetan immunoezabapenarekin lotutako markatzaile gutxiago zituzten, eta horren ondorioz, biziraupena handiagoa izan zen, eta biriketako metastasi gutxiago garatu zituzten. Gainera, nabarmena izan da ikustea MARCOren aurka zuzendutako antigorputz bat (anti-MARCO) tratamenduan erabiltzeak tumorearen tamaina murriztu zuela animalia-ereduetan, eta horrek are gehiago indartzen du estrategia honen balio terapeutikoa.

Beraz, emaitzak ikusita, esan daiteke MARCO etorkizun handiko itu immunoterapeutikoa izan daitekeela gibel barneko kolangiokartzinomaren tratamenduan. Ikertzaileek azpimarratu dutenez, errezeptore hori blokeatzea lagungarri izan daiteke tumore-immunoezabapena alderantzikatzeko eta immunitate-sistemak minbiziari aurre egiteko duen gaitasuna indartzeko.

Iturria:

EHU prentsa bulegoa: “Gibeleko minbizi primario erasokorrenetako baten itu terapeutiko berri bat identifikatu dute“.

Erreferentzia bibliografikoa:

Agirre-Lizaso, A; Huici-Izagirre, M; O’Rourke, CJ; Zhuravleva, E; Carpino, G; Overi, D; Urretabizkaia-Garmendia, J; et al. (2026). MARCO promotes cholangiocarcinogenesis by inducing immunosuppression and its targeting reduces tumor growth. Signal Transduct Target Ther, 11, 158. DOI: 10.1038/s41392-026-02657-w

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.