Oporrak behar dituzu? Lasai, zientziak ulertzen zaitu (eta II)
Oporrak behar-beharrezkoak dira guretzat ohikoa den jarduera batean etenaldia egiteko. Horrek estres-maila murrizten du, eta, nolabait, energia berreskuratzen dugula esan daiteke. Alabaina, zein da funtzio hori betetzen duen oporraldi egoki baten iraupena? Bi egun, lau, hamar? Galdera horri erantzuteko, Jessica de Bloom eta haren lankideak lanean jarri ziren. Gure oporrak ondo antolatzeko, ezinbestekoa da zein ondorio nagusitara iritsi ziren jakitea.
Aurreko atalean aipatu genuen oporraldia ohiko jarduera bat etetea dela ─ikasketak, lana─. Oporrak egitea osasunarentzat ezinbestekoa dela badakigu; hain zuzen ere, oporraldia bizitzarekiko gogobetetze-maila altuagoekin lotzen da, aldarte hobearekin eta osasun-arazo gutxiagorekin, besteak beste. Opor-egunek osasunean duten eragina zientzialari askoren ikergaia izan da. 2024an Sinsky-k eta haren lankideek argitaratutako informazioaren arabera, opor-egunen kopurua eta oporraldian zehar lana egitea ─modu puntualean izanik ere─ burn-out sindromearekin lotuta dago. Alabaina, zein da oporraldiaren iraupen ideala?

Galdera hori eta oporraldiak osasunean duen eragina oinarri hartuta, Jessica de Bloom, Sabine A. E. Geurts eta Michiel A. J. Kompier ikertzaileak lanean jarri ziren, eta haien ikerketaren emaitzak 2013an argitaratu zituzten Journal of Happiness Studies aldizkarian. Aurreko atalaren amaieran esan genuen moduan, ikertzaileek hiru foku nagusi zituzten: osasunean eta ongizatean oporraldi luze batek denboran zehar dituen ondorioak aztertzea, oporren kalitatea neurtzea eta loak oporraldiaren eraginkortasunean duen eragina aztertzea.
Ikertzaileek hiru une aukeratu zituzten erantzunak jasotzeko: oporrak baino 2 aste lehenago ─Pre─; oporraldian zehar ─lau egunez behin, Inter1, Inter2, Inter3 eta Inter4 kodeekin─ eta lanera itzultzean ─itzulerako lehen egunean eta lehen astearen amaieran, Post1.1 eta Post 1.2 kodeekin─. Horren ondoren, hurrengo asteetan ere galdetegiak biltzen jarraitu zuten ─bigarren astean, hirugarrenean eta laugarrenean, Post2, Post3 eta Post4 kodeekin─. Guztira, 58 boluntarioren oporraldia ikertu zuten. Emaitza gisa, osasuna eta ongizate orokorra izeneko aldagaia definitu zuten, H&W kodearekin. Parametro horren baitan, sei indikatzaile hartu zituzten kontuan, oporraldiaren eragin positiboak numerikoki jasotzeko asmoz. Osasun-egoera, nekea, gogobetetzea, aldartea, tentsioa eta energia-maila neurtu zituzten H&W aldagaiaren 0-10 balioa lortzeko. Boluntarioei opor-egunetan zehar egindako jarduerak definitzea eskatu zitzaien, hiru multzo handitan banatuta: jarduera fisikoak, jarduera sozialak eta jarduera pasiboak. Beste zenbait konturi buruzko galderak ere erantzun behar izan zituzten; besteak beste, opor-egunetan zehar lanari eskainitako denbora, egindako loaren informazioa eta oporraldia gozatzearekin lotutako galderak.
Lortutako emaitzei dagokienez, osasun eta ongizate orokorraren puntuazioaren eboluzioa grafikoki irudikatu zutenean, espero zitekeen emaitza lortu zuten: Pre eta Post balioak antzekoak ziren, eta Inter balioak altuagoak ziren; alegia, H&W balioak oporraldia hasterakoan hobetzen ziren, oporraldiaren erdi-parean gehienezko baliora iristen ziren, eta gero pixkanaka jaisten hasten ziren. Lanera itzulitako egunean, H&W balioa berriro ia hasierako egoera berberera itzultzen zen, hau da, oporren aurreko egoerara. Lortutako balio maximoa Inter2 unean izan zen, alegia, 8. egunean. Datuak ez zirenez egunero jaso, horrek esan nahi du oporraldiaren laugarren ─Inter1─ eta hamabigarren ─Inter3─ egunen artean kokatzen dela osasun eta ongizate orokor mailarik handieneko unea ─ezin daiteke esan hori 8. egunean denik─.
Arloz arlo egindako analisiari dagokionez, oro har, aldagai hauek ez zutela ongizate-mailaren aldaketan lotura adierazgarririk ikusi zuten: lanari eskainitako denborak eta jarduera fisikoak. Aldiz, honako aldagai hauek lotura adierazgarria zuten oporretan zehar izandako ongizate-maila altuagoarekin: jarduera sozialak, jarduera pasiboak, jardueren gozamena, erlaxazioa, jardueren gaineko kontrola, egindakoa gozatu izanaren sentsazioa, loaren kalitatea. Puntu aipagarrienetakoa da jarduera pasiboek ere ongizatea hobetzen zutela; izan ere, aurrez argitaratutako ikerketek adierazten zuten jarduera pasiboak «denbora galtzearekin» lotzen zirela, eta hortaz, kaltegarriak zirela ongizate-mailarentzat. Hortaz, opor-egunak erlaxatzeko garaia direla ulertzen zuten boluntarioek, eta «ezer ez egitea» zilegi eta onuragarria dela azpimarratzen zuten. Are gehiago, ikertzaileek ikusi zuten oporraldian zehar egin beharreko jarduerak kontrolatzeko gaitasunak erabateko lotura zuela ongizate-maila altuagoarekin.
Oporraldiaren iraupenari dagokionez, H&W balioa zortzigarren egunaren bueltan da maximoa; hortaz, oporraldiari zukurik handiena ateratzeko iraupen hori proposatzen dute ikertzaileek. Aldiz, emaitzek argi erakusten dute lanera itzultzean oporren aurreko ongizate-egoerara itzultzen garela. Puntu horretan ikerketa sakonagoak behar direla aipatzen dute De Bloomek eta haren lankideek. Ez dago argi nola den posible oporraldiaren iraupenak eragin hain txikia izatea lanera itzultzeko unean, betiere zortzi egunekoak edo luzeagoak izan diren oporren kasuan. Ikertzaileek argi utzi dute, hortaz, oporraldian zehar langileen osasun eta ongizate orokorra asko hobetzen dela, baina ez dute azalpenik topatu baldintza horien desagertze azkarrari buruz. Momentuz, erantzunik ez duen misterioa da, baina ea ikertzen jarraitzen duten. Uste dut erraz topatuko dituztela oporrak egiteko prest dauden boluntarioak.
Erreferentzia bibliografikoa:
De Bloom, Jessica; Geurts, Sabine A.E. eta Kompier, Michiel A.J. (2013) Vacation (after-) effects on employee health and well-being, and the role of vacation activities, experiences and sleep, Journal of Happiness Studies, 14, 613-633. DOI: 10.1007/s10902-012-9345-3
Egileaz:
Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea, zientzia dibulgatzailea eta GOI ikastegiko irakasle eta ikertzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
- Oporrak behar dituzu? Lasai, zientziak ulertzen zaitu (I)
- Oporrak behar dituzu? Lasai, zientziak ulertzen zaitu (eta II)