
Nola harrotzen da ogia? Zer dago barra kodeen atzean? Nola funtzionatzen du sukaldeko plaka batek? Gure egunerokotasunaren parte diren kontu hauei eta beste batzuei erantzuteko iritsiko da Zientzia Kalean erakusketa ibiltaria Mungiara, zientziaren ezagutza jendartean zabalduz.
Formatu handiko 11 infografia dira erakutsiko direnak, euskaraz zein gaztelaniaz eginak, eta urriaren 19tik azaroaren 2ra ikusi ahal izango dira Torrebillela Kultur Etxeko patioan. Mungiako Udalak, EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta EHUko Ikerketa Gizartean Zabaltzeko Zuzendaritzak antolatu dute ekimena. Jarduera Zientzia Astea 2026 ekimenaren kokatzen da, EHUk antolatutako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren XXVI. Astean.
Ilustrazioetan egunero kontsumitzen edo erabiltzen ditugun produktuetan dagoen zientzia erakusten da. Beste batzuen artean, esate baterako, telefono mugikorren, barra kodeen, autoen, txertoen edo sukaldeko plaken funtzionamendua azaltzen da.
Oso ohikoak diren beste elementu eta jakiei buruzko informazio zientifikoa ere aurkituko dute erakusketara hurbiltzen direnek, hala nola ogia, jogurta, iturriko ura, garagardoa, zuhaitzen hostoak eta frutari buruzkoa. Panel bakoitzean dagoen QR kodeari esker infografia guztiak deskargatu daitezke, euskaraz zein erdaraz.
Zientzia Kalean EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nafarroako Unibertsitateko Zientzia Museoaren egitasmoa da, Euskampus Fundazioaren eta Eusko Jaurlaritzaren Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren laguntzarekin.
“Zientzia kalean” erakusketa Mungian
- Data
- Ordutegia
- 12:00etatik 12:00etara
- Tokia
- Torrebillela Kultur Etxea.
- Helbidea
- Beko Kale Kalea, 3. , Mungia.