Ez zurekin, ez zu gabe, plastikoen dilema
Plastikoz inguraturik gaude. Gure etxeetan daude plastikoak, gure ibilgailutan, ospitaletan, ozeanotan. Plastikoen ekoizpena etengabe hasten da, baina beraien erabilera-zikloa izugarri motza da eta plastiko-hondakinek kudeaketa eskasa dute. Urtero, milioika tona plastikok zabortegi, erraustegi eta itsasoetan amaitzen dute, ekosistemak kutsatuz eta gure elikadura katean mikroplastikoak askatuz eta klima-aldaketa eragiten duten berotegi-efektuko gasak sortuz.
Artikulu honek arazoaren dimentsioa eta ekonomia zirkularrean oinarritutako irtenbide baten urgentzia aztertzen ditu. Gaur egun, plastikoen % 30 baino ez da birziklatzen (birziklatze mekanikoaren bitartez), eta ia erdia erraustu egiten da, berotegi-efektuko gasak sortuz. Gainerako hondakin plastikoak kontrolik gabe metatzen dira. Krisi honi buelta emateko gakoa hondakin plastikoen balorizazioan dago: alferrik galdu beharrean, baliabide baliotsu bihurtu behar dira.

Artikuluan, plastiko hondakinetik abiatuz sintesi-gasa, jatorrizko monomeroak, edo hidrokarburo-korronteak sortzeko dauden teknologiak aurkezten dira. Ildo horretan, plastikoak balorizatzeko teknologiarik itxaropentsuenak prozesu termokimikoetan oinarritzen dira. Pirolisia «cracking»-arekin eta «hidrocracking»-arekin konbinatuz, balio handiko erregaiak lor daitezke lehendik dauden findegi-azpiegiturak erabiliz.
Etorkizun iraunkorra nahi badugu, plastikoak tratatzeko modua aldatu behar dugu. Artikulu honek arazo global bat trantsizio energetikorako aukera bihurtzeko irtenbiderik itxaropentsuenak berrikusten ditu.
Artikuluaren fitxa:
- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 48
- Artikuluaren izena: Ez zurekin, ez zu gabe, plastikoen dilema.
- Laburpena: Plastikoaren erabilera-zikloa oso laburra da eta, haren hondakinak tratatzeko plana, eskasa. Bistan da, beraz, gure garaiko arazo sozio-ekonomiko zein ingurumen- eta osasun-arazo handienetako baten aurrean gaudela. Artikulu honetan begiratu orokorra eman zaio plastikoen merkatuari, non aurreko hamarkadetan plastiko-produkzioa izugarri handitu den. Merkatu horri lotutako bi arazo nagusiak jorratzen dira lan honetan, alegia, berotegi-efektuko gasen emisioa plastikoen ekoizpenean eta erregai fosilekiko mendekotasuna (deskarbonizaziotik aldenduz) eta kudeaketa negargarria duten hondakinen ekoizpena. Plastiko-hondakinen sorrera da arazo nagusia; izan ere, estatistikei kasu eginez gero, 2030 urterako 280 milioi tona plastiko egongo omen dira zabortegi zein itsasoetan, elikadura-katean sarturik, ez baitago sortutako hondakinei aurre egiteko estrategiarik. Lan honetan aurkezten den legez, ekoitzitako plastikotik % 30 bakarrik birziklatzen da, % 49,5 erraustu eta gainerako % 23,5 zabortegira bidaltzen da zuzenean. Beraz, ekonomia zirkularra izango omen da bidegurutze honetatik irteteko bide bakarra, alegia, plastikoa hondakin bihurtzeari uztea. Horiek horrela, handitu egin da interesa plastikoak balioberritzeko estrategia berrien inguruan. Egungo ikerkuntzak bi ildo nagusi erakusten ditu: batetik, prozesu termokimikoak, pirolisia eta gasifikazioa; eta bestetik, krakeoa eta hidrokrakeoa. Lan honetan, plastikoak balioberritzeko teknologia horiek erabiltzen dituzten adibide batzuk azaltzen dira.
- Egileak: Alazne Gutiérrez, David Trueba, Iratxe Crespo eta Roberto Palos
- Argitaletxea: EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 279-298
- DOI: 10.1387/ekaia.27144
Egileez:
Alazne Gutiérrez, David Trueba, Iratxe Crespo eta Roberto Palos EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Ingeniaritza Kimikoa Saileko ikertzaileak dira.
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
