Osasuna, hiria eta hirigintza

Dibulgazio-bideoak · Ekitaldiak

1 min

Osasuna, hiria eta hirigintza

Hiriek eragin zuzena dute pertsonen osasunean. Historian zehar, ur garbia ekartzeko akueduktuak eta bainu publikoak eraiki ziren, besteak beste, baina Industria Iraultzarekin hirien hazkunde azkarrak eta desordenatuak osasun-arazo larriak ekarri zituen. Ordutik, hirigintzak funtsezko zeregina izan du hiri-ingurune osasungarriagoak sortzeko. Hala ere, gaur egungo hiriek erronka handiak dituzte oraindik: kutsadura, zarata, bero-boladak, autoarekiko mendekotasuna eta berdeguneen falta, besteak beste. Horregatik, hirien diseinua eta antolamendua berriz pentsatzea ezinbestekoa da biztanleen bizi-kalitatea eta osasuna hobetzeko.

EHUko Arkitektura Saileko Izaskun Aseguinolaza irakasleak gai horiek lantzen ditu Osasuna, hiria eta hirigintza hitzaldian. Hirigintzaren bilakaera historikoa aztertu ondoren, gaur egungo hiri-ereduek osasunean dituzten ondorioak azaltzen ditu, eta hirigintzatik abiatuta egin daitezkeen hainbat proposamen aurkezten ditu. Besteak beste, etxebizitzak, lantokiak eta eguneroko ekipamenduak elkarrengandik gertu kokatzea, garraio publikoa eta mugikortasun aktiboa sustatzea eta berdegune gehiago sortzea proposatzen du. Izan ere, hiri osasungarriagoak eraikitzeak kutsadura eta zarata murrizteaz gain, pertsonen arteko harremanak sustatu eta ongizatea eta zoriontasuna ere hobetu ditzake.

Hitzaldia Bidebarrieta Zientifikoa zientzia-dibulgazioan oinarritzen den hitzaldi-solasaldiaren zikloaren barruan antolatu zen. Bidebarrieta Liburutegiaren eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren ekimen honek 2024-2025 ikasturtearen bitartean hilabetero hitzaldi bat eskaini zuen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.