Bakterio-espezieak bereizteko, gene bakarreko markatzaileak

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

3 min

Bakterio-espezieak bereizteko, gene bakarreko markatzaileak

Alexandra García Flórezek Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia Sailean egin duen gradu-amaierako lanak artikulu zientifiko bat ekarri du Molecular Phylogenetics and Evolution aldizkarian. Azterlan horren bidez, irtenbide bat proposatzen da garrantzi ekologiko eta epidemiologiko handia duten Vibrio generoko bakterio-espezieak bereizteko eta kuantifikatzeko.

Vibrio generoko 100 bakterio-espezie baino gehiago garrantzitsuak dira itsas-ekosistemetan, karbonoaren zikloari eta beste prozesu ekologiko batzuei laguntzen dietelako, baina patogeno garrantzitsuak ere izan daitezke, bai gizakientzat (kolera eragin dezakete), bai animalientzat (izugarri murriztu dezakete arrainen eta krustazeoen hazkuntza-errendimendua, izkirena kasurako, edo koralak zuritzea eragin). Zaila da itsasoko eta estuarioetako uren laginetan Vibrio espezieak identifikatzea eta kuantifikatzea; behar adinako bereizmenik ez duten metodo molekularrak erabiltzean, identifikazio-akatsak gerta daitezke.

bakarreko
Irudia: Vibrio vulnificus bakterioaren ekortze-mikrografia elektronikoan, koloreztatua. (Argazkia: James Gathany – Jabari publikoan. Iturria: Wikimedia Commons)

“Elkarren artean ezberdinak diren bakterio-taldeak bereizteko, 16S rDNA izeneko markatzaile genetikoa erabili ohi da; baina, lotura handia duten bakterioak bereizteko, elkarren oso antzekoak direnak, markatzaile hori ez da hain erabilgarria —azaldu du Alexandra García Flórez ikertzaileak, EHUn egindako ikerketa-lan baten egileak—. 16S rDNA markatzaile tradizionalak ez du behar adinako bereizmenik espezie oso antzekoen artean, markatzaile horren sekuentzia ere oso antzekoa baita espezie horien artean. Baina, gainera, bakterio-zelula bakoitzak markatzaile tradizional horren kopia bat baino gehiago izan dezake, eta, beraz, ez du balio ugaritasunak zenbatesteko”.

Alexandra García ikertzailearen gradu-amaierako lanaren helburua izan da Vibrio espezieak identifikatzeko tresnak hobetzea, biologia molekularrean eta mikrobioen bilakaeran oinarritutako ikuspegi konputazionalen bidez. Lan hau EHUko Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia Saileko Vladimir R. Kaberdin eta Landare Biologia eta Ekologia Saileko Peter B. Pearman ikertzaileen elkarlanaren emaitza da. “Gradu-amaierako lan bikaina da, eta ospe handiko aldizkari batean argitaratu da. Ez da batere ohikoa ikasleek beren GRALa Molecular Phylogenetics and Evolution bezalako aldizkari batean argitaratzea”, adierazi dute EHUko ikertzaileek.

Kopia bakarreko geneak

16S rDNA markatzaileari alternatiba bat bilatzeko, ikerketa-taldeak “kopia bakarreko geneak” hautatu zituen; hau da, izenak dioen bezala, bakterio bakoitzak gene horren kopia bakarra du. Bakterio bakoitzeko markatzaile bat izateak espezie bakoitzak lagin batean duen ugaritasuna kalkulatzen laguntzen du. Gainera, gene horiek desberdinagoak dira antzeko espezieen artean, eta, beraz, espezieak hobeto bereizteko aukera ematen dute”, azaldu du Garcíak.

16S rDNA markatzaile tradizionalaren sekuentzien eta Vibrio generoko 87 espezieren kopia bakarreko geneen azterketa bioinformatikoaren bidez, Garcíak haien historia ebolutiboak eraiki zituen. Eta, konparatu ondoren, honako hau ondorioztatu zuten: “16S rDNA markatzailea ez da Vibrio generoko espezieen historia ebolutiboaren adierazgarri: ez du ondo islatzen kopia bakarreko geneek erakusten duten historia ebolutiboa”. Ikerketak erakutsi du kopia bakarreko geneak gene markatzaile tradizionalen alternatiba gisa erabil daitezkeela markatzaile tradizionalarekin hainbesteko bereizmena lortzen ez denean. Gene horiek “antzeko historia ebolutibo bat kontatzen dutela baieztatu ondoren, hurrengo urratsa da maila esperimentalean probatzea, lagin bateko Vibrioen konposizioa aztertzeko balia daitezkeen ikusteko”.

Azterketa horien emaitzak zehatzago aztertu ondoren, ikerketa-taldeak gene batzuk proposatu ditu, mikrobio-komunitateen osaera ikertzeko azterketa ebolutibo sakonagoa egiteko. Bestalde, Garcíak dioenez, azterketa honetan Vibrioak aztertu badira ere, “analisi hori beste bakterio-mota batzuekin ere egin liteke”.

Iturria:

EHU prentsa bulegoa: “Elkarren oso antzekoak diren bakterioak identifikatzen laguntzeko alternatiba bat aurkitu dute“.

Erreferentzia bibliografikoak:

García-Flórez, Alexandra; Leunda-Esnaola, Amaia; Arrufat, Pablo; Kaberdin, Vladimir R.; Pearman, Peter B. (2026). Universal single-copy genes and 16S rDNA present incongruent evolutionary histories in Vibrio. Molecular Phylogenetics and Evolution. DOI: 10.1016/j.ympev.2026.108746

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.