María Puertas Bartolomé: «Medikuntza birsortzailera eta ehunen ingeniaritzara bideratutako biomaterialen arloan egiten dut lan»
María Puertas Bartolomé Marie Skłodowska-Curie ikertzailea da Valladolideko Unibertsitateko BIOFORGE laborategian, eta aditua da medikuntza birsortzailean aplikatzeko biomaterial dinamikoetan eta biofabrikazio aurreratuan. Biomaterialen arloko doktoregoa egin zuen 2020an, Polimeroen Zientzia eta Teknologiaren Institutuan (ICTP-CSIC, Madril), zauriak orbaintzeko biomaterial bioinspiratuei buruzko tesiarekin; eta tesiak European Society for Biomaterials erakundearen Julia Polak Award sariaren aitorpena jaso zuen.
Bere ibilbidean zehar ikertzeko egonaldiak egin ditu AEBn eta Alemanian, Leibniz Institute for New Materials (INM) institutuan egindako doktorego ondoko aldia barne; horretan, material biziak landu zituen eta nazioarteko bi patente garatzen parte hartu zuen. Halaber, Technical Proteins Nanobiotechnology (TPNBT) enpresan industria eremuan lan egin du, eta transferentzia teknologikoko europar proiektuetan parte hartu du. Gainera, Medikuntza Birsortzailearen eta Ehunen Ingeniaritzaren Espainiako Sozietatearen (SEMIT) kide sortzailea da.
Egun egiten ari den ikerketa proiektuan, ProINK4D izenekoan, honako hauek uztartzen dira: biologia sintetikoa, materialen zientzia eta bioinprimaketako teknologia aurreratuak; ehunen ingeniaritzara eta medikuntza birsortzailera bideratutako biomaterial dinamikoak eta biotindu adimendunak garatzeko. Proiektu horretan egindako lanagatik L’Oréal-UNESCO For Women in Science 2026 saria jaso du.

Zein da zure ikerketa arloa?
Medikuntza birsortzailera eta ehunen ingeniaritzara bideratutako biomaterialen arloan egiten dut lan.
Organismoarekin interakzioa izateko gai diren materialak garatzean datza, kaltetutako ehunak konpontzen edo ordezten laguntzeko. Zehatzago esanda, proteina naturaletan oinarritutako materialekin egiten dut lan, eta, material horiek, 3D bioinprimaketaren tekniken bidez, ehun naturalen propietate mekanikoak, arkitektura eta jarrera dinamikoa imitatzeko diseinatuta daude. Hala, ehuna birsortzen laguntzeko ingurune egokiagoak sor daitezke.
Zergatik aritzen zara arlo horretan?
Zientziaren inguruko interesa institutuan piztu zitzaidan, inguruan ditugun prozesu kimikoek nola funtzionatzen duten ulertzeak liluratu ninduenean. Jakin mina horren ondorioz unibertsitatean Kimika ikasi nuen eta, denboraren poderioz, nire burua prestatzen jarraitu nuen, eta, horretarako, biomaterialen arloan doktoregoa egin nuen. Arloa oso deigarria iruditu zitzaidan, kimika hori biologiarekin uztartzen baitu, kaltetutako ehunak konpontzeko gai diren soluzioak garatzeko. Argi neukan ikerketan aritu nahi nuela baina laborategian geratu gabe; aplikazio erreala izan eta pertsonen osasuna hobetzen lagun dezakeen ikerketan jardun nahi nuen.
Izan al duzu erreferentziazko figurarik zure ibilbidean?
Zientzian, nire erreferente nagusiak nire tesiko zuzendariak izan dira: Julio San Román eta Blanca Vázquez Lasa irakasleak. Juliorekin ikasi nuen zein garrantzitsua den aztertzea ikerketa aplikazio erreal bihurtzeko modua, eta, aldi berean, lankidetza zientifikoak eta adimena beti irekita eta egunean mantentzeak duen garrantzia ere irakatsi zidan. Blancarekin zorroztasun zientifikoa izaten, xehetasunak arretaz aztertzen eta ikerketako arazoei izaera kritikoarekin eta iraunkortasunarekin ekiteak duen garrantzia ikasi nuen. Zorte handia izan dut, Blancaz gain, nire ibilbidean zehar arlo zientifikoan nahiz pertsonalean inspiratu nauten emakume ikertzaileak ezagutu baititut. Haien ibilbideak inspirazio handia izan dira, eta erakutsi didate emakumeek ikerketaburu bikainak izan daitezkeela eta atzetik datozenentzat aukera berriak ireki ditzaketela.
Zer aurkitu edo konpondu nahiko zenuke zure arloan?
Giza ehunen portaera hobeto erreproduzitzeko gai diren biomaterialak garatzen eta birsortze terapia eraginkorragoak errazten lagundu nahiko nuke.
Zehatzago esanda, nire proiektuaren helburua da laborategian biomaterialak garatzea, ehunen egituraz gain, horien portaera dinamikoa ere erreproduzitzeko gai izango direnak; horrek garrantzi handia du ehun kardiobaskularrean, etengabe bihotz taupaden eta odol fluxuaren mugimenduen mende baitago. Horretarako, proteina naturaletan oinarritutako hidrogelak diseinatzen ditugu, hala nola elastinan, zeina gure ehun gehienetan dagoen, edo erresilina, zeinaren bidez intsektuek, adibidez jauzi egin dezaketen. Material horien propietateak tenperaturarekin alda daitezke; hala, bioinprimaketaren teknika aurreratuen bidez egitura dinamikoak sor daitezke eta inprimatu ondoren formaz alda dezakete. Teknologia horri esker laborategian errealistagoak diren ehun kardiobaskularraren ereduak sortu ahalko dira, eta terapia birsortzaile berriak garatzen aurrera egin ahalko dugu.
Zein aholku emango zenioke ikerketaren munduan hasi nahi duen norbaiti?
Esango nioke beti jakin mina eta ikasteko gaitasuna manten ditzala, eta galderak egiteko beldurra gal dezala. Era berean, pazientzia izan dezala, ikerketa erronkaz beteriko bidea baita, non emaitzak ez diren beti espero den moduan ateratzen; hala ere, egoera horiek dira, hain zuzen, ikasteko aukerarik handienak.
Gainera, nire ustez, funtsezkoa da ikerketan aniztasuna txertatzen jarraitzea. Hori dela eta, neska eta emakume gazte gehiago animatu nahiko nituzke zientzian parte hartzera, emakumeen ikuspegia ezinbestekoa baita. Ikuspegi anitzak gehitzen direnean beti galdera berriak planteatu eta ikerketaren bidez konpontzen saiatzen garen arazoetarako konponbide berriak aurki ditzakegu. Zientziak aniztasuna behar du, gizartea anitza delako, eta garatzen ditugun konponbideek guztiontzat izan behar dute.
Jatorrizko elkarrizketa Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2026ko urriaren 10ean: María Puertas Bartolomé: «Trabajo en el área de biomateriales orientados a medicina regenerativa e ingeniería de tejidos».
Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.
Ikertzen dut atalak emakume ikertzaileen jardunari erreparatzen die. Elkarrizketa labur baten bidez, zientzialariek azaltzen dute ikergai zehatz bat hautatzeko arrazoia zein izan den eta baita ere lanaren helburua.