Asteon zientzia begi-bistan #91

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluen bilduma da. Zientzia Kaiera blogaren igandeetako gehigarria.

zientzia begi-bistan #91

Astrofisika

Mike Brown eta Konstantin Batygin ikertzaileek eguzki sisteman orbita daukan beste planeta bat dagoela uste dute. Bederatzigarrena izango litzateke (Pluton 2006.urtean planeta izateari utzi zion). Amaia Portugalek azaltzen digu planeta honen masa Lurrarena halako hamar izango litzatekeela, eta Neptunorena baino zertxobait txikiagoa. Bere bereizgarri nagusia orbita izango litzateke: oso desberdina eta oso zabala da gainontzeko planetekin alderatzen badugu. Adibidez, Jupiterrek hamabi urte behar ditu eguzkiaren inguruan bira bakarra emateko; aipatutako honek, aldiz, 20.000 urte beharko lituzke. Ikertzaileek ez dute planeta ikusi baina hor egon daitekeela pentsatzen dute eta hori topatzen saiatuko dira astronomoak.

Astrofisika eta biologia daude loturik honako albistean: Nazioarteko Espazio Estazioan (ISS) Marteren antzeko kondizioetan egon ondoren, Antartidako onddo batzuek bizirik irautea lortu dute. Ana Galarragak azaldu digu Cryomyces antarcticus eta Cryomyces minteri izan direla onddoak eta hemezortzi hilabete muturreko kondizioetan igaro ondoren, zelulen % 60 onik atera dira. Ikertzaileek Marteren antzeko kondizioetan bizirik irauteko gai ote ziren ikusi nahi zuten. Esperimentu hori egiteko, ISSra eraman zituzten. Onddoak CO2 -an aberatsa zen atmosferan egon dira, ia batere urik eta oxigenorik gabe eta 1.000 pascaleko presioan.

Kimika eta fisika

Landareen antena sistemetan oinarrituriko nanomaterial fluoreszente batzuk diseinatu ditu UPV/EHUko Molekulen Espektroskopia Taldeak. Material berri honekin landareen organismo fotosintesikoak imitatu nahi dira. Sistema honek antena funtzioa du: eguzki energia biltzen du eta hori, energia kimikoan bihurtzen da. Bere helburua, hain zuzen ere, ahalik eta argi tarte handiena biltzea izan da. Jakitera eman dutenez, antena sistema horiek sortzeko, hiru alternatiba hautatu dituzte. Horietako bi, koloratzaile fluoreszenteak euskarri inorganikoetan kapsulatzean datza, eta bestea, berriz, koloratzaileak egitura molekular bakar batean elkartzean.

Kimikari dagokionez, aipatzekoa da Egoitz Etxebestek Elhuyar aldizkarian azaltzen diguna: Konposatu kimikoen toxikotasun-maila iragartzeko ez da animalietan probatu beharrik, zelulak erabiltzearekin nahikoa da. Eta hori da hain zuzen ere Tox21 proiektuaren helburua: metodo hobeak garatzea. Estatu Batuetako NIH (National Institutes of Health) erakundeko ikertzaileek ikusi dute eredu berri hauek toxikotasun-maila iragartzen onak direla. Oraindik esperimentu gehiago egin behar dituzte baina proposatzen duten zeluletan oinarritutako in vitro teknika hauek erabili daitezkeela frogatu dute.

Mendirako arropa eta osagaietan PFC gai toxikoak daudela esan du aste honetan Greenpeace taldeak. 40 produktu aztertu dituzte: txamarrak, motxilak, botak, dendak, lo-zakuak, sokak eta eskularruak…The North Face, Vaude, Mammut, Columbia eta Patagonia etxetakoak izan dira kontuan hartu dituztenak. Horietako bakarrik lautan ez dute topatu PFCrik. Mirjam Kopp suitzarrak argi esan du: “Enpresa horietako gehienek natura maite dutela esaten dute iragarkietan. Ez da logikoa maite duzuna kutsatzea”. Laborategiko emaitzak ikusi zituenean, Kopp harritu egin zen. Izan ere, espero zuten gai toxikook txamarretan topatzea, baina ez produktu horietan guztietan aurkitzea, lo-zakuetan, adibidez.

Medikuntza

Alberto Lleo neurologoari egin dio elkarrizketa Berriak. Honek Alzheimerraren gaixotasuna ahalik eta lasterren atzematea premiazkotzat jotzen du. Alberto Lleo Oroimenaren Unitatea zuzentzen du Bartzelonako San Pau ospitalean. Ikerketa eta arlo klinikoa uztartzen ditu. Horrek Alzheimerra diziplina anitzetatik jorratzeko aukera ematen diola azaltzen du. Gaitzaren markagailuak ikertzen ari dira orain; hasierako faseetan garunean izaten diren aldaketak bilatzen dituzte gaitza ahalik eta lasterren antzemateko: “Likido zefalorrakideoan markagailu bat aztertzen ari gara, gaixotasuna garatu baino bi edo hiru urte lehenago atzemateko”. Ez da oraindik sendabiderik lortu baina Lleok azaltzen du oroimena eta arreta hobetu ahal dituztela gaixoek, baina garapena ez dute gelditzen: “Orain probatzen ari diren tratamenduek gaixotasunaren abiadura gelditzea dute helburu”.

Eboluzioa

Cesar Tomé Lopezek eboluzioa izan du mintzagai Zientzia Kaieran. Bertan, “eboluzio” kontzeptuak eta horren inguruko teoriek historian zehar izan duten garapenaz hitz egin digu. Eboluzio hitza XVII. mendeaz geroztik erabiltzen zela azaltzen digu. Banakoaren enbrioi-garapenaz aritzeko erabiltzen zuten. XVIII.mendetik aurrera, filosofo naturalen hipotesiak ikusmolde komun baten arabera formulatu ziren: unibertsoaren, Lurraren eta bizitzaren historiaren ikusmolde dinamikoa. Darwinekin etorri zen aldaketa. Eboluzio-aldaketari emandako azalpenarekin, aurkari askorekin topatu zen, baita biologian adituak ziren zientzialarien artean ere. 60.hamarkadan, eboluzio biologikoaren arloan, bide berriak sortu ziren, ekologia ebolutibotik, paleontologiatik eta, batez ere, biologia molekularretik zetozen tresna eta kontzeptuak erabiltzen hasi ziren. Artikulua osorik hemen:

Emakumeak zientzian

Aste honetan, Emakumeak Zientzian atalean Maria de Maeztu pedagogoaren inguruan hitz egin dugu. Emakumeen hezkuntzaren alde egin zuen gasteiztarrak. Ideia horri bultzada emateko asmoz, hainbat ekimen jarri zituen martxan; hala nola, Madrilen sortutako Nazioarteko Andereñoen Egoitza. Irakaslea izateaz gain, konferentzia ugari eman zituen munduan zehar. Oratoriarako ahalmen berezia zeukan eta haren lanari esker emakumeen hezkuntzan aurrerapausoak eman ziren.

Mikrobiologia

The Walking Death telesailean agertzen den pandemia moduko bat posible izango litzatekeen planteatzen da sarrera honetan. Hau da, posible izango litzateke infekzio bat zabaltzea mundu osoan zehar? Birus mota asko daude eta hainbat faktore bete beharko lirateke hori gertatzeko. Baina ez da hain pentsaezina! Eta faktore horiek izan dira hain zuzen ere artikulu honetan planteatzen direnak. Birusak eta zehazki, birionak izan ditu mintzagai Ramón San Juan biokimikariak. Birionen egitura (atalen definizioak) azaltzen digu. Halaber, birusak hiru kontzeptuen arabera sailkatzen direla ikasi dugu: material genetiko mota, kapsidak duen itxura geometrikoa, eta azkenik, inguruan bildukia daukan ala ez kontuan hartzen da. Faktore horiek zeintzuk diren jakin nahi? Jo ezazu artikulu interesgarri honetara!

Abeltzaintza

Artzaintzaren beherakada ekarri lituzkeen ondorioen berri eman dizkigute egunotan. Galera kulturala nabarikoa da baina badago beste faktore bat: sozioekonomikoa. 2005.urtean EHUko hainbat ikertzailek hasitako ikerketa horretan, muturreko egoera bat irudikatu nahi zuten eta, horretarako, 50 x 50 metroko bi itxitura prestatu zituzten. Bata Oidun, 890 metroko altueran, eta bestea Alotzan, ia 1.300 metrora. Ikerketa honi esker, ikusi dute artzaintza bertan behera utzita landare espezie batzuk desagertu egingo direla. Baina ondorioak askoz ere larriagoak izan daitezke: “Artzaintzaren gainbeherak eta gramineoen nagusitasunak larreen kalitate nutritiboaren jaitsiera dakarte, eta horrek ardi latxen artzaintza baldintzak kaltetuko ditu, artzainen lanera ere ondorio negatiboak ekarriz, baita nekazaritza gune jakinen ekonomiara ere”. Egoera honi aurre egiteko, irtenbide ezberdinak irudikatzen saiatuko dira.

Historia

40 urte bete dira Rikardo Arrue medikuak euskarazko lehen tesia argitaratu zuenetik. Ordutik hona, guztira 540 izan dira plazaratutakoak. Dena dela, euskarazkoen kopuruak ez du gorakadarik sumatu azken urteotan. Ingelesez aurkeztu direnak bai, ordea. Karmele Arretxek goi mailako ekoizpenaren azterketa egin du eta honakoa esan du: “Kontua da kanpoko hizkuntzetan egindako tesiak gehiago baloratzen direla atzerrian; eta globalizazioarekin tesiak egiteko modua ere aldatu egin da”. Tesiak neurtzeko garaian desberdintasunak egon daitezke; batzuetan euskaraz egiten bada, puntuaketa ezberdina izaten. Adibidez, euskarazko lanen kopuruak gora egiteko, Iñaki Alegria UEUko zuzendariak laguntzak handitu behar direla uste du: “Euskaraz lan egitea saritu beharra dago, egile eta zuzendariari pizgarriak emanez”. Erreportaje osoa irakurtzea gomendatzen dizuegu.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.