Maria de Maeztu (1881-1948): Emakumeen hezkuntzaren alde

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

Koka dezagun gure burua XIX. mende amaieran. Espainian, hain zuzen. Garai horretan oraindik emakumeentzat zaila zen unibertsitateko ikasketak gauzatzea.

Bazeuden emakume adoretsuak ikasgeletara gerturatzen zirenak, bai; gizonezkoen jantziekin mozorrotzen zirenak, azken hauen aukeraz eta eskubideaz gozatu ahal izateko eta batez ere, emakumea izanagatik, zeharkako begiradarik ez jasotzeko, liburuetan murgiltzen zirenak. Ordu mordoxka batez, espazio horretan kondentsatuta gelditzen zen ezagutza guztia xurgatzen zuten. Baina esan beharra dago gutxi izan zirela ikasgela horietara hurbildu zirenak. Hortaz, espazio horiek gizonez betetzen ziren bitartean, emakumeak etxean gelditzen ziren; hura zen haiei egokitu zitzaien dimentsioa.

Jakina da 1888. urtetik aurrera, emakumeek unibertsitatera joateko eskubidea zutela baina Espainian, batik bat, horien presentzia ikasgeletan ez zen masiboa izan. Testuinguruak nolabaiteko erantzuna eskatzen zuen eta Maria de Maeztu pedagogoaren eskutik etorri zen hori. Emakumeen hezkuntza librea defendatu zuen gasteiztarrak. Ideia horri bultzada handia eman zion ekimen ugari martxan jarriz; hala nola, Madrilen sortutako Nazioarteko Andereñoen Egoitza proiektua. Ikus dezagun gertutik hezitzaileak emandako aurrerapausoak.

maria de maeztu (1)
Irudia: María de Maeztu, Madrilen XX. mendearen hasieran sortu zen Andereñoen Erresidentziaren zuzendaria izan zen.

Maria de Maeztu Whitney Gasteizen jaio zen. 1894an bere aita hil zen eta Kuban zeukaten ondare ekonomiko guztia galdu egin zuten. Egoera horren kariaz, Juanak, Mariaren amak, Bilbora joatea erabaki zuen bere bost seme-alabekin. Han, Andereñoen Egoitza sortu zuen. Kultura zentro bat zen eta bertan emakumeei ikasketak gauza zezaten aukera ematen zitzaien. Bitartean, Mariak irakasle izateko ikasketak egin zituen Salamancan, Filosofia eta Letren Fakultatean. Baina ikasle ez-ofiziala bezala matrikulatu zen, horrela, Bilboko zentroa antolatzen laguntzen zion amari. 1901ean Bruselako Unibertsitatean zuzenbidean matrikulatzeko asmoa erakutsi zuen eta albistea ez zitzaien atsegina egin Abokatuen Elkargoan. Halere, ez zituen Zuzenbideko ikasketak amaitu.

1902an, Bilboko eskola publiko batean hasi zen irakasle. Klaseak emateko prozedurak ezberdinak ziren, gainontzekoek jarraitutako doktrinarekin alderatuta. Esan daiteke modu originalean ematen zituela klaseak: aire zabalean, oroimenerako metodo berriak erabiliz, eta gainera, hezkuntza laikoaren alde egin zuen.

Irakaslea izateaz gain, Europan -eta gerora, mundu osoan- zehar konferentziak eman zituen. Emakumeen eta gizonen eskubide eta ahalmen kontuetan berdintasuna defendatzen zuen horietan. Oratoriarako ahalmen berezia zeukan; audientzia guztia zur eta lur uzten zuen ahoa irekitzen zuen bakoitzean. 1908an, Londresko pedagogia lehiaketarako, Gobernuak izendatutako batzordean parte hartu zuen behatzaile gisa. Hezkuntza metodo eta ikuspegi berriak gertutik ezagutzeko parada izan zuen esperientzia horri esker. Bertan ikasi zituen irakasbideak, XX. mende hasieran Espainian jazotzen ari zirenekin konparatuta, askoz ere aurrerakoiagoak zirela ohartu zen. Hezkuntzan eta pedagogian ematen ari ziren berrikuntza horiek aplikatu zituen, esaterako, 1915.urtean Madrilen Nazioarteko Andereñoen Egoitza sortu zuenean. Zentro kultural berri horretan, Mariak sortu zuen giroa ederra izan zen: emakumeek, modu librean, euren ezagutza zabaltzen zuten. Aipatzekoak dira gauetan antolatzen zituzten bilerak. Batzuetan, pertsona ospetsuak gonbidatzen zituzten; hala nola, Lorca, Ortega y Gasset edota Azorin. 1932an Lorcak bere obra Poeta de New York irakurri zuen Zentroko auditoriumean, esaterako.

Mariaren prestigioa in crescendo zihoan. 1918an, saiakera pedagogiko baten barruan, Bigarren Hezkuntzako ikastetxea eraiki zuten eta beste maistra batzuekin batera lehen hezkuntza zuzentzeko deitu zuten. Horren ostean, Madrilgo Iyceum Club Femenino erakundea zuzentzen hasi zen 1926an. Honekin saiatu zen defendatzen emakumeen interes moralak eta materialak. Literatura, Zientzia, Musika bezalako arloak jorratu zituzten bertan. Dena den, kontserbadoreak ziren kolektiboek hori ixtera behartu zuten Maria. 1939.urtean, horren ordez, falangeak Club Medina sortu zuen.

Bien bitartean, Maria de Maeztuk ez zion utzi bidaiatzeari ezta konferentziak emateari ere. 1926an, adibidez, Uruguain eta Argentinan hainbat konferentziatan parte hartu zuen. Horietan, Espainiako kultura islatzea izan zuen xede. Pedagogo gisa, estima eta errespetu handia zioten mundu osotik zehar. Horren adibide dira, besteak beste, 1927an Columbiako Unibertsitatea, berariazko irakasle izendatu zuten eta aipatzekoa da ere, Smith College-a, Honoris Causa doktore izendatu baitzuten.

Ospea lortzen ari zen munduan eta Maria ezagutzen zuen oro aho bete hortz gelditzen zen. Ekar ditzagun Carlos Morla, txiletar diplomatikoaren hitzak:

“Ilehoria, txikia, urduria, kartsua, berritsua (batzuetan zaila da jarraitzea). Pentsaezina da nola denbora labur batean josten dituen hainbeste hitz eta kontzeptu. Kalakaria da, baina oso zentzuduna: zer esan badakien kalakaria”.


Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.