Beroa
“Txerria, apatxa zatituta duelako hausnarkaria izan gabe; animalia hori lohia da zuentzat” (Liburu Santuak: Lebitarren liburua, 11).
“Esan: helarazi zaidan goiargian ez dut aurkitu inorendako ezer jateko debekurik, animalia baten gorpua edo odol isuria ez bada, edo txerrikia, lohikeria baita” (Korana: Artaldeak, 145)
Lebitarren liburuan eta Koranean ezarritako txerrikia jateko debekuaren zergatia azaltzeko gehienetan eman diren arrazoiak hauexek izan dira: txerriak gizakiarentzat oso arriskutsuak diren bizkarroiak (trikina, esaterako) edukitzea batetik eta txerrikia beroaren eraginez erraz usteltzen den haragia izatea, bestetik. Txerrikia jateak ekar ditzakeen osasun-arazoak izan dira debekuaren zergatia azaltzeko aldarrikatu diren zio nagusiak.
Marvin Harris antropologo estatubatuarrak, berriz, bestelako ikuspuntua du. Kultura eta erlijio handiek zenbait jaki galarazteko izan dituzten zioak azaltzeko oso teoria erakargarria plazaratu zuen bere Good to eat ”Jateko ona”(1985) liburuan. Haren ustez, jakiren bat galarazi baldin bada, debekuaren onurak kalteak baino handiagoak zirelako egin da galarazpena. Bai juduek eta bai islamiarrek, biek dute debekatua txerrikia jatea; areago, juduek txerria ukitzea edo ikustea bera ere galarazita dute, eta musulmanek jaki hori bakarrik dute debekatuta.
Harris-en ustez, debeku horien atzean badira arrazoi ekologikoak eta ekonomikoak, eta tenperatura eraentzeko txerriak dituen ur-behar handiekin erlazionatuta daude. Izan ere, ibaien bazterretako baso hezea da txerriaren ingurumen egokiena. Ingurumen horretan aurkitzen ditu elikagai dituen sustraiak, boilurrak, eta ezkurrak, eta garrantzi handiagokoa dena, baita urez eta lokatzez blaitzeko gune egokiak ere.
Dirudienez, Ekialde Hurbileko eremu askotako ekologiak aldaketa handia jaso zuen nekazaritzaren eta abeltzaintzaren zabalkundearen ondorioz. Baso hezeen ordez, lur landuak ekarri zituen nekazaritzak, gero larreak, eta lugorriak edo basamortuak azkenean. Landare urriko eremu idorretan etekin handiena ematen duten abereak ahuntzak edo ardiak bezalako hausnarkariak dira. Digeritzeko zailak diren zuntzetan eta karbohidrato konplexuetan aberatsak diren landareak jaten dituzte, eta gainera ez dute ur gehiegirik behar. Txerriek, berriz, ezin ditzakete landare mota horiek digeritu; izan ere, gizakiok jaten ditugun karbohidrato bertsuak dira txerriek balia ditzaketenak. Bestalde, arazo termiko larriak izan ditzakete toki bero eta lehorretan, ur asko behar dutelako.
“Izerdiaz” izenburuko atalean azaldu dugun bezala, gorputza hozteko modu bakarra dago ingurune-tenperatura gorputzarena baino altuagoa denean: gorputzaren azal batean ura lurruntzea. Gizakiok, beste ugaztun batzuek bezala, izerdiaren lurruntzea baliatzen dugu horretarako, eta hegaztiek eta beste ugaztun askok arnas sistemaren azaleko likidoa lurruntzera jotzen dute. Horixe azaldu dugu “Munduko bi gauza hotzenetako bat” izenburuko atalean. Txerriek ez dute izerdirik botatzen, eta beraz hatsankatu egiten dira bero daudenean. Hatsankatzea, baina, ez da nahikoa txerrientzat toki beroetan, eta urez eta lokatzez blaitzera jo behar dute freskatzeko. Azken batean, urak edo lokatzak betetzen dute izerdiaren zeregina.
Hori horrela, Ekialde Hurbileko eremu gehienetan txerriak haztea oso garesti aterako litzateke. Baso hezea desagertu ostean ez zen baso horietan txerriek aurki zezaketen sustrai, boilur, edo ezkurrik gelditu; beraz, gizakiok jaten duguna eman beharko litzaieke elikatzeko. Hau da, gizakiekin beraiekin konkurrentzian egongo lirateke txerriak janariari dagokionez. Jana baino mugagarriagoa, da ura. Baso hezerik gabe, txerriek ez zuten beroaren aurreko babes egokirik. Ura behar zuten, baina toki idorretan ura oso preziatua da, batez ere gizakion kontsumorako. Beraz, urari dagokionez ere, txerriak gizakiekin konkurrentzian egongo lirateke.
Marvin Harris-en arabera, eraentze termikorako txerriek ur-bolumen handiak behar izateari zor zaio Lebitarren liburuan eta Koranean ezarrita dagoen txerrikia ez jateko aginduaren zergatietako bat, nagusiena, seguru asko.
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.