Mundu digitalak erabat harrapatuak bizi gara. Gaur egun oso lanbide gutxi dira eremu digitaletik kanpo daudenak eta eremu horretan aurrera egiteko lidergo mota berriak sortzen ari dira. Liburu honetan Silvia Leal (1971) adituak dio profesionalki aurrera egiteko lidergo digitala ezinbestekoa dela.
e-Renovarse o morir liburuak helburu bikoitza du. Lehenik eta behin, argi azaltzen digu lidergo digitalaren bidea denon esku dagoela, berdin da gutako bakoitzaren lehena eta oraina bat edo beste izatea. Giltzarri nagusia etorkizunaren alde apustu egitea dela defendatzen du. Guztiok “e-raberritu” gaitezke eta guztiok izan dezakegu hazkunde arrakastatsu bat. Bigarren helburua ere ez da nolanahikoa, “e-raberritzea” modu erraz eta atseginean azaldu nahi izan du, beharrezkoak diren adibide eta gertakizunekin.
Liburuak zazpi atal ditu: 1. Errealitate areagotua. 2. Gamifikazioa eta joko serioak. 3. Droneak. 4. 3D inprimaketa. 5. Bioinprimaketa. 6. Gauzen Interneta. 7. Big Data
Atal guztien egitura berdina da. Kontzeptuaren azalpen nagusiarekin batera, historia eta gehien nabarmendu diren e-liderren papera, jarraian eragin sozioekonomikoa eta zenbait arlotan bizi izan den iraultza, besteak beste, kiroletan, osasun arloan, mundu militarrean eta enpresetan. Azkenik, kasu bakoitzaren negozio aukeren aurreikuspenak eta horiek errealitate bihurtzeko gainditu beharreko erronkak zerrendatzen dira.
Argitalpenaren fitxa
- Izenburua: e-Renovarse o morir: 7 tendencias tecnológicas para convertirse en un líder digital
- Egilea: Silvia Leal
- Argitaletxea: Lid Editorial Empresarial, 2015
- Orrialdeak: 203 orrialde
- Prezioa: 19,90 €
- ISBNa: 9788483562697
- Non eskuratu: e-Renovarse o morir eskuragarri dago liburutegi publikoetan, besteak beste, Donostiako Udal liburutegien sarean.
Egileaz: Arantxa Arzamendi Sesé (@arzamendisese), Filosofia eta Letretan lizentziatua da eta egun, Donostiako Liburutegi Nagusiaren arduraduna da.