Nork kontrolatzen du etorkizuna?

Argitalpenak · Dibulgazioa

Aipamen honetan Jaron Lanierren ¿Quién controla el futuro? saiakera aztertuko dugu, aurretik 2011n Contra el rebaño digital idatzi zuen, eta bi liburuetan oso kritiko agertzen da mundu digitalaren hainbat alderdirekin. Liburuak arrakasta izan du eta aldi berean Lanierrek esanak oso polemiko bihurtu dira.

Teknologia digitalak etorkizunean arlo ekonomiko eta sozialean izango dituen ondorio kaltegarriekin kritiko agertzen zaigu egilea. Bi arazo nagusi ikusten ditu: alde batetik, aberastasunen kontzentrazioa eta bestetik, sare digitalen boterea. Arazo horien aurrean, teknologia eta iraunkortasunaren arteko bideragarritasuna aurkitzen saiatuko da.

quien controla el futuro

Jaron Lanier (New York, 1960), estatubatuar informatikari aditua, idazlea eta musikagilea da. Errealitate birtualaren aitzindaria eta terminoaren sortzailea izan zen. Lanierrek Thomas G. Zimmermanekin batera Atari utzi zuten 1985ean, betaurreko eta eskularru birtualak salduko zituen lehendabiziko konpainia sortzeko, VPL Research Inc. 1990eko hamarkada amaieran Internet2 munduko aplikazioak sortzen ibili zen eta 2000ko hamarkadan Silicon Graphics-eko zientzialari bisitaria izan zen. 2006an Microsoften lanean hasi zen eta 2009tik Microsoft Researcheko diziplina anitzeko zientzialaria da. Musika klasikoa ondu du eta musika tresna berezien bildumazalea da. 2010ean Time aldizkariaren gehien eragin zuten 100 pertsonen zerrendan egon zen.

Lanierren iritziz automatizazioak eta adimen artifizialaren garapenak eragin handia dute ekonomiaren hainbat arlotan. Desagertzen eta eraldatzen ari diren lanbideen zerrenda aipatzen du, besteak beste, argazkilariak, kazetariak, musikariak… Gaur egungo gizartea informazioaren jabetzan oinarritua dago eta informazio hori Amazon edo Facebooken antzeko konpainiek kudeatzen dute. Lanierrek izen propio bat sortu du konpainia hauentzat “sirena zerbitzariak”, sareko gure informazioa jasotzen dute, askotan dohainik, eta informazio horren jabe bihurtzen dira.

Gutako bakoitzari ez zaigu xentimorik ordaintzen datu base horietara ematen dugun informazioagatik, adibideen artean Googlen itzulpenak aipatzen ditu, itzultzaileei ez zaizkie itzulpenak ordaintzen baina Googlek ikusgarritasun handia lortzen du. Arazo honen irtenbidea planteatzerakoan Lanierrek ordainketa mota bat proposatzen du sarean argitaratzen diren lan originalentzat. Beste arazo bat izango da zehaztea nola neurtzen diren lan original horiek. Zein da zuen iritzia? Lanierren proposamena eragingarria iruditzen al zaizu?

Argitalpenaren fitxa

  • Izenburua: ¿Quién controla el futuro?
  • Egilea: Jaron Lanier
  • Argitaletxea: Debate, 2014
  • Orrialdeak: 461 orrialde
  • Prezioa: 23,90 €
  • ISBNa: 9788499924236
  • Non eskuratu: ¿Quién controla el futuro? eskuragarri dago liburutegi publikoetan, besteak beste, Donostiako Udal Liburutegien sarean.

Egileaz: Arantxa Arzamendi Sesé (@arzamendisese), Filosofia eta Letretan lizentziatua da eta egun, Donostiako Liburutegi Nagusiaren arduraduna da.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.