Uranoren eta Gearen arteko ezkontzatik jaio zen Ozeano titana. Greziarrek mundua inguratzen zuen ibai erraldoiaren pertsonifikazioa zela zioten, ur masa handiak ordezkatzen baitzituen haien sinesmenean. Antzinatik izan zuten ozeanoen eta itsasoen berri, jakina, baina guztiz ezezaguna egiten zitzaien itsas hondoak ezkutatzen zuen enigma. XX. mendera arte itxaron behar izan zuen munduak Pandora kutxa behingoaz irekitzeko. Marie Tharp geologoaren eskutik etorri zen hori. Mundua begiratzeko eta ulertzeko modua aldatu zuen emakume estatubatuarrak, gure planetaren geologia eta geografia gaiak ulertzeko ezinbesteko giltzarria eskainiz. Itsas hondoko lehen mapa egin zuen berak. Historian hori lortzen lehena izan zen.
1920an jaio zen Marie Tharp Michiganen. Bere aitak, Williamek, AEBtako Nekazaritza Sailerako zoruen sailkapenak aztertu eta jasotako datuekin mapak marrazten zituen. Bistan da bere aita inspirazio-iturri izan zuela. Esan beharra dago, hasiera batean, letren munduak erakarri zuela; literatura ikasteko irrikaz zegoen, baina emakumea izateagatik, ez zuten onartu. Amets hori zapuztu zioten gazteari. Halere, horrek ez zuen geldiarazi.
Bigarren Mundu Gerraren ondorioz, AEBtan, gizonezkoek utzitako karguak bete behar izan zituzten emakume askok. Haiek frontera borrokatzera zihoazen bitartean, emakumeak animatu zituzten “gizonezkoen titulazioak” lortzera, teknologia eta zientzia arloak aukeratzera, hain zuzen. Giro horretan, Tharpek 1944an Geologia Gradua lortu zuen Michigango Unibertsitatean.
Gerra garaia zen, eta noski behar-beharrezkoa zen erregaia lortzea itsasontzientzat eta hegazkinentzat… Horregatik, Stanolind Oil konpainian denbora labur batez egin zuen lan (“Petroleum Geology Girls”etako bat izan zen). Lan horrek ez zuen guztiz asebetetzen eta erronka berriak bilatu zituen. Hala, Tulsako Unibertsitatera joan zen Matematika Gradua ikastera. Horren ondotik, New Yorkera bidaiatu zuen 1948an. Lamont Laborategi geologikoan hasi zen lanean Maurice Ewingekin.
“Marrazten badakizu?” izan zen Ewingek egin zion galdera bakarra. Baiezkoa eman zuen Tharpek, noski, Michiganen marrazkilari gisa aritu baitzen. Horrela hasi zen haren abentura. Laborategi horretan bi aste igaro ondoren, Bruce C. Heeze geologoa ezagutzeko parada izan zuen. Hasieran lankide guztien laguntzailea zen Tharp; eskatutako lan oro trazu leunekin eta pazientziaz burutzen zituen. Oso langilea zen eta azkarra, guztiok gustura egiten zuten lan berarekin. Heezek eta Tharpek laster ikusi zuten elkar ondo ulertzen zutela eta fusio eder horren jakitun, hainbat proiektu abian jarri zituzten, jakin gabe etorkizunean, geologiaren eta ozeanografia modernoaren aitzindari bilakatuko zirela.
Lanik esanguratsuenak
Ozeanoen inguruko ikerketen aurrekontuek gora egin zuten Gerra Hotza garaian. Tharpek geologia diziplinan zuen ezagutza oso baliagarria izan zen une jakin horretan; itsasontzi urperatuak bilatzeko eta urpeko estatubatuarren lana errazteko giltza izan zen. Lehen aipatu bezala, Heezerekin hasi zen lanean, itsas hondoko kartografiak eginez. Sinbiosi horrek hogeita bost urte iraun zuen.
Ipar Atlantikoa ikertzen hasi ziren ezagunena zelako. Dena dela, sei ibilbide zituzten burututa bakarrik, Armadak sei joan-etorrietan bidalitako informazioa zeukaten esku artean. Gogora dezagun, emakumeek itsasontzi ozeanografikoetan nabigatzea debekatuta zutela. Hortaz, eta testuinguru horretan, bidaltzen zizkioten datuekin lan egiten zuen Tharpek laborategiko bulegotik. Iristen zitzaizkion sonar-perfilak paperera eramaten zituen, eskuz osatzen zituen mapak. Bere kabuz itsas hondoaren sakontasuna kartografiatzen jarraitu zuen, Heezek itsasontzitik beharrezkoa zuen informazioa helarazten zion bitartean.
1953an, mapa marrazten ari zela, Atlantiko erdian gailur-lerro handi batekin egin zuen topo. Horren erdian kokatzen zen elementuak arreta piztu zion: orain arte ikusitako pitzadurarik handiena ikusi zuen; Rift gunea deskubritu zuen. Aurkikuntza esanguratsu horrek arazo bakarra zekarren bere baitan: Heezek ez zuen sinistu. Eztabaida gogorrak entzun ziren egun hartatik aurrera laborategian. Urtebete behar izan zuen Heezek iritziz aldatzeko. Gizarte matxista horretan, emakume batek gizon bati zuzentzea oso gauza larria zen. Azkenean, amore eman zuen. Heezek ikusi zuen itsasikara-kateak eta pitzadura horrek puntu berean bat egiten zutela. Ebidentzia zientifiko hori argi ikusi zuenean arrazoia eman zion bere lankideari.
1959an Ipar Atlantikoko hondoa irudikatzen zuen mapa argitara eraman zuen. Lehendabiziko aldia zen dimentsio horretako mapa aurkezten zela. 1961ean Hego Atlantikoa islatzen zuen mapa publikatu zuen eta azkenik, 1964an, Indiako Ozeanoarena. Iraultza etorri zen horiekin, itsas hondoa laua eta lohitsua zela sinisten baitzuten denek. Mapa horiek zer frogatu zuten, bada? Erliebeak itsas hondoan ere zeudela eta gainera, horiek azalekoak baino handiagoak izan zitezkeela. Une horretara arte ezkutuan zeuden azaleko lurrazalaren xehetasunak begien bistan gelditu ziren, konketaren tapoia kendu izan balu bezala: mendiak, arroilak, ordokiak, amildegiak… Mapa horiei esker etorri ziren Plaka tektonikoen eta Kontinenteen Jito teorien baliotasuna.
Heinrich Berann artistarekin batera, kolore-sistema bat diseinatu zuen mapak marrazterako orduan: gorria sumendi-lurraldeentzat, urdina ordoki abisal handientzat eta purpura ozeano-dortsalentzat. Hogei urtez aritu zen lanean Tharp geologoa ondoren egin ziren zenbait espedizio ozeanikoetan lortutako datuekin. Dokumentazio lan erraldoi horren emaitza 1977an heldu zen (Heeze zendu zen urte berean) itsas hondoen mapa mundiala aurkeztu zuenean.
1999an elkarrizketa batean esandakoa gerturatu nahiko nuke, hitzok bere bizitzan zehar egindako lana eta garai hartako erretratu fidela irudikatzen baitituzte:
“Nik baneukan mihise zuri bat aukera zoragarriez betetzeko, aparteko buru-hausgarri bat eratzeko. Bizitzan behin egiten duzun gauza bat da hau. Pertsona ororentzat aukera bat da, baina bada, bereziki, 40ko hamarkadako emakume batentzat”.
Iturriak
- GIS Lounge: Marie Tharp and Mapping the Ocean Floor.
- Memento Mori! blog: Marie Tharp, la increible obra de una mujer discriminada.
- Scientific American: July 30, 1920: Marie Tharp, the Woman who discovered the Backbone of Earth.
- Unidiversidad Blog: El mapa del fondo de los océanos.
- Wikipedia: Marie Tharp.
- Woods Hole Oceanographic Institution: Mary Sears Woman Pioneer in Oceanography Award.
Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.
3 iruzkinak
[…] eta bero-fluxuaren, grabitatearen eta magnetismoaren anomaliak neurtzen. Bruce Heezen-ek eta Marie Tharp-ek dortsal ozeanikoak existitzen zirela ikusi zuten datu horietan. Itsaspeko mendilerro erraldoi […]
[…] Hala ere, XX. mendeko berrogeita hamarreko hamarkadan, magnetismo fosilizatua sistematikoki kartografiatzen zuten geologoek ondorioztatu zuten bazirudiela Ipar poloak iraganean posizioa etengabe aldatu […]
[…] Tharp, geologian eta matematikan graduatua, Bigarren Mundu Gerraren ondoren, New Yorkera joan eta Lamon Laborategi Geologiko entzutetsuan lanean hasi zen. Abila zenez marrazten, mapen sailean jarri zuten lanean. […]