Duela aste batzuk (uztailaren 25ean) bete zituen 38 urte Louise Brownek. Badakigu bera izan dela historian egon den lehenengo haur probeta. Bitxia da orain dela hain gutxi lortu izana egun hain ohikoa den “ugalketa lagundua”. Horretaz baliatu den hainbeste jende ezagutzen dugularik, badirudi beti izan dugula eskura baliabide hori.
Zientzian egin diren inbertsioei esker eta oinarrizko ikerkuntzari esker lortu diren aurrerapen handienetako bat da ugalketa mota hau. Bide batez, esan liteke mendeetan iritzi-emaile eta oztopo nagusia izan ostean, baztertua geratu dela Eliza kontu honetan.
Izan ere, batzuek pentsatzen dute Berpizkunde Garaia eta Leonardo Da Vinci dituzte buruan, zientzia-aurrerapen guztien abiapuntu gisa. Egia da une hori zeharo garrantzitsua izan dela gizakiaren historian, baina egun zientzia ziztu bizian doa aurrerantz.
Ugalketa mota honi esker, haurrek sortu dituzte lehen antzutzat jota adopzioaren aukera bakarra zuten hiritar askok. Hor ditugu bada intseminazio artifiziala, in vitro ernalketa, espermaren mikrotxertaketa, enbrioi kriomantenduen transferentzia… Edonola, gauza bitxia dugu tartean, zeren eta oraindik ez baitakigu espermatozoideak obulua nola ernaltzen duen, tartean hainbeste teknika-aurrerapen egin baditugu ere.
Ez dakit benetan gurasoek zerbait esaten diguten sexu-ugalketari buruz, baina hala gertatzen bada, edota eskoletan horretaz hitz egiten badigute, gauza erraza dela ematen du: espermatozoideak obulua ernaltzen du, zigoto bat eratzen da eta kito. Hala da, baina zientzialariek ez dakite zergatik gailentzen den espermatozoide bat beste guztien artean, eta ez dakite zergatik sartzen den espermatozoidea obulu barrura ere.
Espermatozoideak eta obuluak elkar errekonozitzen duten une hori, funtsezkoa da prozesu osoan. Ugalkortasun arazoak ugari direla jakinda, ikertzaile talde asko ari dira zelula eta molekula mailan, gametoen patologiak ulertu nahirik. Izan ere patologia horiek dira ugalkortasunaren aurkako eragozpenetako bat. Baina jakina, giza zeluletan ikertzeak arazo etiko bat darama bere baitan, eta ordezko metodologia-estrategia batzuk garatzen ari dira, gero gizakiarentzat estrapolagarri izango diren zehaztapenak lortuko direlakoan.
Besteak beste, alde peluzidoa izeneko zonaldeko proteinak artifizialki sintetizatzen ari dira obulu itxurako esfera bati eransteko. Esfera nikelezkoa da eta nukleo metaliko bat dauka. Horrela, zenbait obulu-eredu desberdin lortzen ari dira, proteinak zenbait eratara konbina daitezkeelako. Gero, esferak espermatozoideekin batera inkubatzen dira, gametoak eredu bakoitzarekiko erakusten duen portaera aztertzeko. Beste metodologia bati esker, hiru dimentsioko matrizeak eratzen ari dira, obulutik kopiatutako proteinak bertan haziko direlakoan. Arrakasta izanez gero, alde peluzido sintetikoak izango genituzke eskura, eta proba berri ugari egingo lirateke, bi gametoen arteko harremanari buruzko azken zehaztapenak lortzeko.
Oraingoz arrakastatsu ari dira alde peluzidoaren esparrukoak, erabilera errazeko lau eredu lortu dituztelako. Pentsatzekoa da horrela zelula bizirik gabe eraman ahal izango dela ikerkuntza aurrera, egitura sintetikoak erabilita. Beste alde batetik, hiru dimentsioko matrizeen kontua korapilatsuagoa da, oraindik teknika hau garapenean dagoenez ez delako matrize egokia aurkitu: lehenik eratu egin behar da matrizea, eta bigarrenik eratutako matrizeak aukera eman beharko du prozesu osoaren azterketa egiteko. Behin prozesuaren teknika ondo zehaztuta, metodologia honi esker nahiko erraza izango da gizakiengan saiatzea.
Horrela ba, badakigu haurrak nondik datozen, eta ondo bidean, laster jakin dezakegu zergatik datozen.
Egileaz: Maria José Moreno (@mariajo_moreno) kazetaria da.
Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.