Itsasoan urak handi dira

Animalien aferak · Dibulgazioa

oxigenoa

Ura

Xabier Leteri entzun dizkiogun hitzak dira, eta egia da itsasoan urak handi direla. Urez beterik dago itsasoa, urez beterik eta gatzez beterik. Itsasoko ur litro batean 33 g gatz dago; sodio kloruroa da gehiena, hau da, etxean jakiei botatzen diegun gatz horren antzekoa. Asko eta talde guztietakoak dira itsasoan bizi diren animaliak.

Itsasoko animalia gehienen barne-fluidoek itsasoko uraren gatz-kontzentrazio berdina dute; orekan daude barne-likidoak eta kanpoko ura, pareko kontzentrazio osmotikoak baitituzte. Horren ondorioz, animalia horiek ez diete aurre egin behar gatzen eta uraren balantzeak ekar litzakeen egoera kaltegarriei. Muskuiluak, belakiak, itsas trikuak, anemonak, poliketoak eta beste zenbait zizare, besteak beste, talde horretako kideak dira.

sunset-1198134_1280
Irudia: Itsasoko ur litro batean 33 g gatz dago; sodio kloruroa da gehiena, hau da, etxean jakiei botatzen diegun gatz horren antzekoa.

Animalia horiez gain, badira beren barne-likidoetan itsasoko urak baino gatz-kontzentrazio apalagoa dutenak. Txitxarroak, antxoak eta abarreko arrain teleosteoak dira talde horretako kide nagusiak. Horiek, beraz, ez daude orekan, eta desoreka horrek lan berezia eskatzen die barne-egoera egonkor mantentzeko.

Aurreko atalean azaldu dugu zergatik zegoen oker Gabon-kanta ezagun hura: ibaietako arrainek ez dute urik edaten, eta horregatik da desegokia kantaren leloa. Baina itsasoko arrainak, kontu honi dagokionez bederen, desberdinak dira. Itsasokoak bai, Gabon-kanta ezagun horren protagonistak izan litezke: ibaietako arrainek ez bezala, hauek bai edaten dute ura. Ur-behar handia dute. Azken batean, itsasoko arrainei ibaietakoei gertatzen zaienaren kontrakoa gertatzen zaie. Ibaietakoek ura sobera bazuten, hauek, berriz, faltan dute.

Horien kontzentrazio osmotikoa itsasoko urarena baino baxuagoa izanik, ura galtzeko arriskuan daude. Hori dela eta, ahal duten moduan eskuratu behar dute, eta edatea da duten modu bakarra. Baina horrek, jakina, garrantzi handiko arazo bat dakar: gatz kantitate handia sartzen zaie ur horrekin batera. Azken batean, handia da itsasoko uraren gatz-kontzentrazioa, eta edandako urarekin batera gatz hori xurgatuko balute, ondorio kaltegarriak suertatuko lirateke, barne-likidoen gatz-kontzentrazioa egokia den mailatik gora igoko bailitzateke. Nola konpon daiteke hori?

Gatz horiek heste-hodian ez xurgatzea da gatzen sarrera saihesteko dagoen bidea, baina hori ez da batere erraza, eta zenbait gatz xurgatu egiten dira. Hala ere, beste zenbait ez dira xurgatzen, arrain horien hestearen zelulak berezi samarrak direlako. Zelulok dituzten egiturei esker, hainbat gatz gera daitezke xurgatu gabe, eta hondakinekin batera kanporatzen dira.

Zer egin xurgatu diren gatzekin? Bada, Gabon-kantaren atalean ikusi dugunaren kontrakoa, hain justu. Ibaietako arrainek brankietatik xurgatzen dituzte ezinbestekoak dituzten gatzak; itsasokoek, berriz, brankietatik kanporatzen dituzte sobera dituztenak, eta, horrela, egonkor eta maila egokietan manten ditzakete beren barne-fluidoen gatz-kontzentrazioa.

Ibaietako arrainei buruz aritu garenean, aipatu dugu arrain haiek gernu-bolumen handiak ekoizten dituztela, sobera sartzen zaien ura kanporatzeko bidea baita hori. Itsasoetakoek duten arazoa, berriz, kontrakoa da, ur-behar handiak dituztelako. Hori dela eta, itsasokoek oso gernu gutxi ekoizten dute, eta, gainera, gatz-eduki altukoa da gernu hori. Izan ere, giltzurrun bereziak dituzte itsasoko zenbait arrainek, glomerulurik gabeko giltzurrunak baitira eta gernua gatzen jariaketa aktiboz sortzen baitute.


Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@JIPerezIglesias) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.


Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

3 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.