XIX. eta XX. mendeetan ehunka trenbide kilometro eraiki ziren Euskal Herrian eta horiek inguruko herrien garapenean eragin zuzena izan zuten. Trenak lurraldea antolatu eta hierarkizatu zuen, trena pasatzen zen herriak modernitatearen parte eginez eta gainontzekoak kanpoan utziz. XX. mende bukaeran, ordea, industriaren gainbeherak eta errepide bidezko garraioaren konpetentziak horietako askoren gainbehera eta ixtea ekarri zuen.
Egun, 500 kilometrotik gora dira EAEn eta Nafarroan erabilerarik gabe gelditutako trenbideak. Arritokieta Eizaguirre UPV/EHUko Arkitektura Saileko ikertzaileak erabilera gabeko trenbide-sare hori aztertu du eta etorkizuneko berrerabilpenerako irtenbide aproposak proposatu ahal izateko analisi-metodologia bat finkatu du.
Gipuzkoa, Araba eta Nafarroa zeharkatuz 150 km inguruko ibilbidea zuen Vasco-Navarro trenbidea aztertu du Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Sailak. Horretarako, trenbide horrek eremu bakoitzean izan ditzakeen ibilbide-motak finkatu dituzte lehendabizi. Alegia, aisialdi eta turismoaz gain, zein gunetan izan dezakeen ardatz horrek eguneroko ibilbideei loturiko mugikortasuna. Irisgarritasuna aztertuaz, erabilera gabeko trenbidea eta horren inguruko lurraldearen arteko harremanak aztertu dituzte. Azterketa hiru eskala edo maila ezberdinetan, eta maila bakoitzera egokitutako metodologia erabiliaz egin dute, linearen inguruan aurki daitezkeen eremu ezberdinak aztertu ahal izateko:
- Lurralde mailan: lineak loturiko herri, hiri edo auzoak aztertu dituzte.
- Herri arteko edo herriz gaindiko mailan: lineak herrigunetik kanpo zeharkatzen dituen eremuak aztertu dituzte.
- Herri mailan: linearen inguruko herri-eremuak eta geltokien inguruko eremuak izan dituzte aztergai.
“Badira munduan zehar erabilera gabeko trenbideen berrerabilpen arrakastatsuak, hala nola, New Yorkeko High Line parkea edo Greenway edo Vía Verde izeneko programak. Hala ere, horiek guztiek aisialdiari edo turismoari lotutako erabilerak izan ohi dituzte orokorrean” azaldu du Arritokieta Eizaguirre UPV/EHUko Arkitektura Saileko ikertzaileak. Ikerketa honetan, ordea, “erabilera gabeko trenbideek herri eta eskualde mailan inguruko lurraldea antolatzen lagun dezaketela, eta aisialdiaz eta turismoaz gain, egunerokotasunean lanerako, eskolarako zein erosketetarako mugitzeko ardatz bilakatu daitezkeela” azpimarratu du ikertzaileak.
Egunerokotasunari loturiko ibilbideetarako aproposak
Gaur egun, Vasco-Navarro trenbidearen zati handi batek bide berdearen funtzioa du. Ikerketa honetan egindako lurralde mailako azterketak, berriz, Vasco-Navarro trenbideak ia bere ibilbide osoan zehar, bide berdeaz gain oinezko edota bizikleta bidezko mugikortasunerako potentziala ere baduela erakutsi du. “Gipuzkoa eta Arabaren arteko mugako zatia da (Leintz-Gatzaga inguruko mendiko zatia) potentzial hori erakusten ez duen eremu bakarra” dio Eizaguirrek. “Badira dagoeneko egunerokotasuneko ibilaldiei loturiko ardatz bezala funtziona lezaketen eremuak edota etorkizunean funtziona lezaketen beste batzuk” gehitu du.
Bestalde, hiri edo herri nagusienetatik irisgarria den populazio-kopuruaren arabera, ibilbide guztia zona ezberdinetan banatzeko aukera eman du azterketak: Gipuzkoako herriak (Bergara-Eskoriatza), Gasteizen eragina duen eremua (Legutio-Erentxun), Araba eta Nafarroako herri txikiak (Gauna-Acedo) eta Lizarran eragina duen eremua (Antzin-Lizarra). “Eremu horiek lurraldearen egituraketa nolakoa den ulertzen laguntzen dute” gaineratu du UPV/EHUko ikertzaileak.
Herri arteko azterketaren bidez, herrigune nagusiak soilik kontuan hartuta, gune irisgarrienak Gipuzkoan kokatzen direla ikusi dute. Herrigune denak aintzat hartuta, ordea, Arabako Andollu ingurua dela irisgarriena ikus daiteke. Ondorioz, “lehenengoan sor daitezkeen etorkizuneko ibilaldiak herri eta hiriguneei zuzenean loturikoak izan daitezke, eta bigarrenean sortutakoek, aldiz, landa eremuetako garapenean izan dezakete eragina” dio ikertzaileak. Azkenik, herri mailako azterketak trenbide zaharreko geltoki eta herrien arteko harremana aztertzeko aukera eman du.
Horrenbestez, metodologia osoaren bidez, “Vasco-Navarro trenbidearen mugikortasun ez-motorizaturako potentziala finkatzea lortu dugu ikerketa honetan” azaldu du Arritokieta Eizaguirre ikertzaileak.
Erreferentzia bibliografikoa
Eizaguirre-Iribar, A., Etxepare Igiñiz, L., Hernández-Minguillón, RJ. (2016). A multilevel approach of non-motorised accessibility in disused railway systems: The case-study of the Vasco-Navarro railway. Journal of Transport Geography, 57, 35-43.
Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Hildako trenbide zaharren potentziala.
1 iruzkina
[…] artean hazi nintzen eta trenek zirrara berezia sortzen didate. Hortaz, EHUko Campusa agerkariak eta Zientzia Kaierak argitaratu duten trenbide zaharrei buruzko EHUko ikerketa halabeharrez hona ekarri behar […]