Fetuan garunaren eta bizkarrezur muinaren arteko konexioa osatu baino lehen ere, hasia da eskuen arteko baten aldeko hautua. Horregatik, pertsona bat ezkertia ala eskuina izatea garunak erabakitzen duela uste izan den arren, litekeena da lepotik behera egotea benetako gakoa.
Zerk egiten gaitu eskuin edo ezkerti? Zer dela eta dugu gehienok esku eskuinaz idazteko joera, eta zergatik dira gutxi gorabehera hamarretik bat baino ez, gauza bera ezkerraz egiten dutenak? Oraindik erantzun zehatzik ez duten galderak dira, baina honetan guztian garunak zerikusia izan behar duela eman da ontzat aspalditik. Bada, ikerketa berri baten arabera, akaso gakoa ez dago burmuinean; edo ez hor bakarrik, behintzat. Lepoan behera egin, eta eskuin edo ezkerti izateko funtsa bizkarrezur muinean egon daitekeela ondorioztatu dute Bochumgo Ruhr Unibertsitatean (Alemania) egindako ikerketa batean.
Lan honetan egiaztatu dutenez, fetuak aste gutxi batzuk baino ez dituenean ere, haren bizkarrezur muinak daukan jarduera genetikoa asimetrikoa da dagoeneko. Asimetria hori eskuina ala ezkerra aukeratzearekin lotuta dagoela uste dute ikertzaileok, eta horregatik, bizkarrezur muina jarri dute auzi honen erdian. Hala ere, goizegi da burmuinaren rola baztertzeko, eta litekeena da, gainera, biak ala biak faktore osagarriak izatea. Ikerketa honen berri eLife aldizkarian eman dute.
1980ko hamarkadan egin izan ziren ultrasoinu eskanerren arabera, haurdunaldiaren zortzigarren asterako, fetuan nabaria da hasia dela hautua: ezker ala eskuin, lehentasuna ematen zaio bi eskuetako bat mugitzeari. Are gehiago, hamahirugarren asterako, oraindik osatzen ari den haurrak nahiago du hatz lodi bat xurgatu bestea baino, aurrez egin izan diren ikerketek erakutsi dutenez.
Besoaren mugimenduak garuneko kortex motor ataletik abiatzen dira. Burmuinak seinalea igortzen dio bizkarrezur muinari, eta honek itzulpen lanak egiten ditu, agindua mugimendu bihurtuz. Fetuaren hastapenetan, baina, kortex motorra ez dago bizkarrezur muinari konektatuta, eta lotura hori osatu baino lehen ere, badirudi hasiak direla eskuinaren ala ezkerraren aldeko lehen zantzuak. Argudio hori baliatu dute hemen, bizkarrezur muinari erreparatzeko. “Fetuek asimetria nabarmenak dituzte besoen mugimenduetan, kortex motorrarekin lotura funtzionala gertatu aurretik ere. Horregatik, oso litekeena da muineko geneen espresioan dauden asimetrietan egotea honen guztiaren oinarri molekularra”, defendatu dute artikuluan.
Hain zuzen, haurdunaldiko zortzi eta hamabigarren asteen artean zeuden bost giza fetu aztergai hartu, eta haien bizkarrezur muineko geneen espresioari behatu diote lan honetan. Hala, egiaztatu dutenez, zortzigarren asterako, antzemateko moduko desberdintasunak zeuden bizkarrezur muinaren alde bietako gene kopuruaren espresioan. Alde horiek, gainera, besoen eta hanken mugimenduak kontrolatzen dituzten bizkarrezur muinaren ataletan ageri ziren, zehazki. Ikerketan iradokitzen denez, ingurune faktoreek eragingo lituzkete gorabehera horien gene jardueran, epigenetikaren bitartez.
Erreferentzia bibliografikoa
Sebastian Ocklenburg et al. Epigenetic regulation of lateralized fetal spinal gene expression underlies hemispheric asymmetries. eLife, 2017, DOI: 10.7554/eLife.22784
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.