Asteon zientzia begi-bistan #143

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Astronomia

Asteko eta urteko (gutxienez) albistea ekarri dugu zientzia gaien errepasoa abiatzeko. Berria egunkariak kontatu digu Lurraren neurriko zazpi planetako sistema aurkitu dutela eta horietarik hirutan bizitza aurkitzeko baldintzak egon daitezkeela. Trappist-1 izena du izarrak, izar nanoa, hotza eta gorrixka. Izarraren neurria eta tenperatura aintzat hartuta eta hiru planeta horiek izarretik orbitatzen duten distantzia kalkulatuta, bertako tenperaturek lurrazalean ura egotea ahalbidetuko lukete. Izarretik gertuen dauden hiru planetetan tenperatura beroegia izango litzateke bertan bizitza izateko; hurrengo hiruretan ez; eta azkenekoan, aldiz, hotzegia, zientzialarien arabera. NASA Ameriketako Estatu Batuetako Espazio Agentziak egin du aurkikuntza.

Iruñeko Planetarioak eta Espainiako Astronomia Elkarteak Javier Gorosabel astrofisikariaren izena jarri diote 1990 KB1 asteroideari. Horrela egin nahi izan diote hilondoko omenaldia Javier Gorosabel Urkia zientzialari eta dibulgatzaileari. Duela bi urte hil zen eibartarra eta erreferentziazko ikertzailea izan zen gamma izpien eztanda izeneko fenomeno kosmiko bortitzen alorrean.

NASAren Dawn zundak konposatu organiko alifatikoak detektatu ditu Ceres asteroidearen azalean. Aurkikuntza horrek indartu egingo luke jarraian azaltzen den hipotesia: Lurrean bizia loratzeko behar izan ziren ura eta karbonodun konposatuak kometetatik eta asteroideetatik etorriak lirateke.

Biologia

Bochumgo Ruhr Unibertsitatean ondorioztatu dute eskuin ala ezkerti izateko funtsa bizkarrezur muinean egon daitekeela. Egindako ikerketaren arabera, ikusi dute fetuak aste gutxi batzuk baino ez dituenean ere, haren bizkarrezur muinak daukan jarduera genetikoa asimetrikoa dela dagoeneko. Asimetria hori eskuina ala ezkerra aukeratzearekin lotuta dagoela uste dute ikertzaileek. Halere, ez dute baztertu burmuinaren rola honetan, biak osagarriak izan daitezkeelako. Amaia Portugalek eman dizkigu datuak: Eskuin ala ezker, bizkarrezur muinaren arabera.

Ba al zenekiten itsas txakurrek arnas egiteari utz diezaioketela lo egiten dutenean? Fokak 20 minutu egon daitezke arnas egin gabe lo daudenean. Artikulu honetan azalpena ematen digute. Lo egiten hasi eta berehala jaisten da mioglobinaren oxigeno –kontzentrazioa. Baina ondoren oreka lortzen da eta konstante mantentzen da berriro arnas egiten asi arte. Bitartean, bi dira mioglobinarekin konbinatua dagoen oxigenoaren kontzentrazioa ez jaisteko mekanismoak. Batetik, metabolismo-tasa baxuagoa mantentzen dute itsas txakurrek; hau da, oxigenoa ―eta energia, noski― aurreztu egiten dute. Bestetik, mioglobinari hemoglobinak ematen dio apurka-apurka gastatzen doan oxigenoa, hemoglobina ere oxigeno-biltegi garrantzitsua baita. Harrigarria gero!

Londresko Queen Mary Unibertsitateko ikertzaile batzuk, esperimentu baten bidez erakutsi dute, erlastarrak ere gai direla ikusi eta ikasteko. Plataforma baten ertzean jarritako pilota bat plataformaren erdigunera eramanez gero sari bat jasoko zutela ikasi zuten. Horretarako, plastikozko erleak erabiliz erakutsi zieten lehenengo. Erle guztiek ikasi zuten egin beharreko guztia. Gero, beste erle batzuekin beste hiru proba egin zituzten. Lehenengoan, entrenatutako erleek pilota nola mugitzen zuten ikusten zuten. Bigarrenean, imanen bidez mugitu zituzten pilotak, erleek ikus zezaten. Eta, hirugarrenean, pilota hasieratik erdigunean zegoen. Hiru probak eginda, ikusi zuten lehenengo taldeko erleek bigarrenekoek baino azkarrago ikasi zutela. Eta bigarren taldekoek hirugarrenekoek baino arrakasta handiagoa izan zutela.

Farmakologia

Aurrerapauso nabarmenak eman dituzte GIBaren detekzioan eta hiesaren tratamenduan. Elhuyar aldizkariak azaltzen dizkigu bi ikerketa hauen nondik norakoak. Orain arte, bi metodo erabili izan dira GIBa detektatzeko; lehena birusaren RNAren detekzioan oinarritzen da, eta bigarrena, GIBaren antigenoetako baten detekzioan, p24 proteinarenean. Infekzioa gertatu eta bi aste igaro ondoren egin daiteke lehena, eta bigarrena, berriz, hiru-lau aste igaro ondoren. Alde horretatik, biosentsoreak aukera ematen du GIBa detektatu eta lehenbailehen ezartzeko tratamendua. Aurkeztutako biosentsorea p24 proteinaren detekzioan oinarritzen da, baina oraingo sistemak baino 100.000 aldiz kontzentrazio txikiagoak detektatzeko gai da. Dagoeneko probatu dute pertsonetan, eta patentatuta dago. Gainera, beste antigorputz batzuekin, teknologia berak minbizi batzuen biomarkatzaileak detektatzeko ere balio du. Bigarren ikerketak erakutsi duenez, antierretrobiralik hartu behar ez izateko txertoa lortzeko bidean daude.

Alor honi jarraiki, Elhuyarrek beste albiste bat dakar. Listuan azaltzen den biomarkatzaile batean oinarrituta, Alzheimerra izateko arriskuaren berri ematen duen test diagnostiko bat garatu dute Geroa Diagnostics laborategietan. Gorka Orive EHUko Farmaziako irakasle eta Geroa Diagnosticseko ikertzaileak dio helburua metodo diagnostiko erraz bat sortzea dela, Alzheimerraren lehen sintomak azaldu aurretik diagnostikatzeko. “Orain erabiltzen diren metodoak konplexuak eta garestiak dira; esaterako, likido zefalorrakideoaren analisia eta PET edo RMN bidezko iruditeria”, azaldu du Orivek. Horrenbestez, garatu duten testa oso lagungarria izango litzateke asaldura erraz diagnostikatzeko eta tratamendu goiztiarra ezartzeko. Biomarkatzaile hori berria da, eta, Geroa Diagnosticsekoek jakinarazi dutenez, patentatuta dute.

Kimika

2016. urtean kimikan egin diren aurkikuntzarik esanguratsuenak daude irakurgai honetan. Taula periodikoko sei elementu berrien agerpena dugu lehenengoa. Horretaz gain, kimikan errekorrak hautsi dira: espezie neutro polarrena eta base sendoena. Rosetta zundak glizina aminoazidoa eta fosforoa detektatu zituen. Nobel saria ere ezin da ahaztu, makina molekularren inguruan egindako ikerketak, adibidez.

Hizkuntzalaritza

María Luisa García Lecumberrik, Martin Cooket UPV/EHU Ikerbasque irakasleak eta Jon Barker eta Ricard Marxer Sheffieldeko Unibertsitateko ikertzaileek osatzen duten taldeak bat datozen 3.207 pertzepzio oker identifikatu ditu ingeleserako, hau da, entzule ugari bat datozen hutsegiteak. Eskala handiko azterlan bat egin zuen taldeak eta honi esker, “hobeto uler ditzakegu hizketa hautemateko mekanismoak, eta zenbat eta hobeto ezagutu mekanismo horiek, orduan eta hobeto lagundu ahal izango zaie pertzepzio arazoak dituztenei, bai teknikoki bai klinikoki”, azaldu du ikertzaileak.

Zer da bruxismoa? Berriak azaldu digu: Tentsioak askatzeko hortzak estutzea eta karraskatzea da. Hiru pertsonatik batek karraskatzen ditu hortzak, baina askok ez dakite arazoa dutela, gehienetan lotan zaudela gertatzen delako. Igor Horrillok UPV/EHUko Farmazia Fakultateko irakasle eta buruko osasunaren inguruan ikertzen duen CIBERSAM taldeko kideak dio “tentsioa kanporatzeko” modu bat dela. Halere, zientzialariek ez dakite nondik datorren oraindik bruxismoa.

Osasuna

DSM (Diagnostic and Statistical Manual of Mental Disorders)-5eko lan-taldeen arabera garrantzitsua da landa ikerketak egitea nortasun-nahasteak dituzten pazienteak modu egokian diagnostikatuak izan daitezen, gaixotasun mentalak, hain zuzen. Ikerketa honen bitartez, Euskal Herrian hartutako lagin batean, DSM-5aren tresna berri hauek balioztatzeko landa ikerketa bat egin da. Euskal Herriak herrialde elebiduna izatearen berezitasuna dauka, horregatik eskala eta tresna hauek euskarara itzultzearen garrantzia ikusi da. Euskal Herrian hartutako lagin batean baliagarriak direla frogatu da.

Mikrobiologia

Infekzioei aurre egiteko bidea erraztuko duten ikerketak abian jarri dira baina oraindik oztopo nagusi bat dago gainditzeko: antibiotikoekiko erresistentzia. Ospitaleetan dauden bakterioei arreta eman diote. Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile Zaloa Bravok aztertu duen bakterioak Acinetobacter baumannii du izena. “Ospitaleratutako pazienteetan infekzioak eragiten ditu. Horregatik, eta bakterioen ekologiaren ikuspuntutik, A. baumannii honek bizirik irauteko darabiltzan estrategiak aztertu ditugu“. Adituak azaldu duenez, denbora luzean bizirik irauten duen bakterioa da, hezetasun apala izanda edota jatekorik ez izanda ere lasai asko iraun baitezake. “Horri aurre egiteko ospitaleetan erabiltzen diren produktu desinfektatzaileak aztertu ditugu. Produktu eraginkorrak direla baieztatu dugu”, gehitzen du.

Ingurumena

Cheernoby Herbarium izeneko erakusketa ireki dute Donostiako Ingurumen Baliabideen Etxean, landare eta hazietan Txernobylgo hondamendi nuklearrak eragindako ondorioei buruzkoa. Bi elementu konbinatu dituzte. Batetik, Txernobylgo eremu baztertutik hartutako 30 landare ditu, eta, bestetik, istripuaren ondorioez hausnartzeko testu bana. Fotogramaren teknika erabili du artistak, erakusketako irudiak hartzeko. Teknika horrek bonba atomiko batek igorriko zukeenaren pareko argiarekiko muturreko esposizioa itxuratzen du. Maiatzaren 1era arte egongo da ikusgai.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.