Asteon zientzia begi-bistan #130

Uxue Razkin

zientzia-begi-bistan-130

Hizkuntzalaritza konputazionala

UPV/EHUko Informatika Fakultateko irakasleak, txatbot adimentsuetara -gizakion portaera imitatzen duen sistema informatikoa, erabiltzailearekin elkarrizketa bat mantentzeko gai direnak- pasatzeko ikerketa garatzen ari dira. QTLeap (Quality Translation by Deep Language Engineering Approaches) ikerketa-proiektuari esker, aurrerapauso bat eman dute eta hemendik aurrera, itzulpen automatiko sakonari esker merkatu global digitalean errazago izango da hainbat hizkuntza erabiltzeko txatbot eleaniztunak aurkitzea. Egun, euskara, gaztelania, ingelesa, portugesa, alemana, txekiera, bulgariera eta nederlanderaz egin daitezke galderak.”, argitzen du Eneko Agirrek.

Itzulpen-sistemari jarraiki, Sustatun azaldu digute, Facebook-en “erakunde orriak” kudeatzen dituztenek, aukera daukate duela zenbait astetatik, edukia hizkuntza batean baino gehiagotan sartzeko.

Energia berriztagarriak

Azken urteotan, interesa areagotu da interkonexio sistema ahuletan. Uharte-sare txikiak ahulak izaten dira ikuspegi estatiko zein dinamikotik. Gainera, arazo ekonomiko eta tekniko ugari sortzen ditu. Teknikoei dagokienez, tentsio eta maiztasun-erregulazioari eta egonkortasunari lotutakoak izan ohi dira. Beste alde batetik, sistema elektrikoan berebiziko garrantzia du alderdi ekonomikoak. Gainontzeko sareetatik isolatuta egoteak elektrizitatearen sorkuntza garestitzen du, elektrizitatea tokian sortu behar baita.

Genetika

Genoma editatzeko CRISPR teknika pertsona bati aplikatu diote lehen aldiz Txinako ikertzaile batzuek biriketako minbizia tratatzeko. Gaixori urriaren amaieran txertatu zizkioten teknika horren bidez eraldatutako zelulak. Gaixoaren odoletik erauzitako T linfozitoetan PD-1 genea ezgaitu zuten CRISPR teknikarekin. PD-1 geneak linfozitoek erantzun immunologikoa ematea oztopatzen du, eta hain zuzen ere, hori baliatzen dute minbizi-zelulek ugaltzeko. Eraldatutako zelulak ugaritu eta berriz sartu zizkioten gaixoari. Espero dute PD-1 generik gabe, linfozitoek minbizi-zelulei erasoko dietela, eta, hala minbiziari aurre egiteko gai izango direla.

Kimika

Disruptore endokrinoak bihurtu dira eztabaiden erdigune. Izan ere, ikerketa askoren arabera, produktu horiek osasunerako kaltegarriak izan daitezke. “Disruptore endokrinoak hormonen lana imitatzen ala inhibitzen duten sustantziak dira», azaldu du Asier Vallejo EHUko kimikariak. Haren arabera, horregatik daukate eragina sistema endokrinoan. “Konposatu kimiko artifizialak izan daitezke, baina baita naturalak ere, hau da, gure gorputzak sortutakoak”, gehitzen du. Vallejok arrainetan dituzten eraginak ikertu eta hortaz, eraginak ondo ezagutzen ditu: “Arrainen hazkuntzan eta haien sexualitatean eragiten dute. Horrez gain, malformazioak sor ditzakete”. Ikusi dute, adibidez, hainbat kasutan arrain arrek emeen obozitoak izan ditzaketela.

Biologia

Dromedarioak izan dituzte mintzagai artikulu honetan. Animalia horiek ur biltegiak dituzte konkorrean ezkutaturik kondairak dioen moduan? Schmidt-Nielsen fisiologoa berehala konturatu zen gameluek ez zutela ur-biltegi berezirik; izan ere, gameluen gorputzaren ur-edukia eta gainerako hausnarkariena oso antzekoak dira. Konkorrean dituzten lipidoak ez dira, inondik ere, ur-iturri egokia. Lipidoen katabolismoaren ondorioz ura sortzen da, bai, baina lipido horiek oxidatzeko beste substratuak katabolizatzeko baino oxigeno gehiago behar da, eta oxigeno hori arnas eginez eskuratu behar denez, arnas azaleretatik ur gehiago galtzen dute arnasa hartzen metabolikoki lortzen dutena baino. Schmidt-Nielsenek argi utzi zuen dromedarioek edaten duten ur-bolumen handia lehenago galdutakoa berreskuratzeko dela, ez ur gehiago gordetzeko. Nola lortzen dute ura? Eta nola galdu? Artikulu honetan galdera horien erantzunak topatuko dituzu.

Mikrobiologia

Weizmann Institutuko ikertzaileek hainbat esperimentu egin dituzte obesitatea eta argaltzea ikertzeko erabiltzen diren saguekin. Yo-yo efektua gertatzen dela ikusi dute. Hau da, ohartu dira dieta egitea ez dela eraginkorra, hamarretik zortzik berehala berreskuratzen baitute galdutako pisua. Are gehiago, askotan, lehen baino kilo gehiago pisatzera iristen dira eta, horrekin batera, zituzten arazo metabolikoak ere larriagotu egiten dira. Esperimentu horiei esker, frogatu dute dieta egiteak aldaketak eragiten dituela hesteetako bakterioetan, eta aldaketa horiek iraunkorrak direla.

Arkeologia

Gasteizko Santa Maria Katedraleko hormetan agertzen diren ikur gorriak izan dira aztergai testu honetan. Badirudi Ikur horiek gaztelaniaz “vítor” izenez ezagutzen diren interjekzioak direla. XIV. mendean Salamancako, Alcala de Henareseko edo Sevillako unibertsitateetan doktore titulua lortzen zutenen omenez egiten zituzten horma-irudiak ziren. Muralak pigmentu gorriz edo beltzez margotzen ziren eta anagrama itxura ematen zieten ‘V I C T O R’ edo ‘V I T O R’ letra larriekin, omendutakoaren izenarekin batera.

Ingeniaritza

AEBtako Lehigheko Unibertsitateak zuzendu duen ikertzaile talde batek hontzaren isiltasunaren gakoak aztertu ditu, aerosorgailuei aplikatu eta turbina horiek egiten duten zarata leuntzeko. Izan ere, hontzarentzat isiltasuna da ehizarako arma nagusia. Hegan ari denean, giza entzumenak ezin du antzeman. Hortaz, hontzaren lumatxaren eredua hartuta, eta hiru dimentsiodun inprimagailua erabilita, haren egitura kopiatzen duten hegatsen itxurakoak eraiki dituzte, aerosorgailuen xaflatan itsasteko. “Hontzaren hegoetako lumatxak soinua leuntzen du. Gure diseinuak hori kopiatzen du, baina gurutzatzen den zuntzik gabe. Oinarrian, gurea hontzarena baino urrats bat hobea da”, dio Justin Jaworski ikertzaileak.

—–—–

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>