Andeetako kamelidoa

Animalien aferak · Dibulgazioa

Oxigenoa


Goialdeetan bizitzeak badu antzik barrunbeetan bizitzearekin, antzeko zenbait arazori aurre egin behar baitiete batzuetan eta besteetan bizi diren animaliek. Antzekoak bai, baina berdinak ez. Bietan egin behar zaio aurre oxigeno-urritasunari; hori dute antzeko bi medioek. Baina goi garaietan bizi diren animaliek, edo toki haietara inoiz bertaratzen direnek ez dute CO2-kontzentrazio altuko atmosfera batean arnasa hartu beharrik; hori dute desberdin.

Beren metabolismo-tasa apala dela eta, oxigeno behar txikiak dituzte animalia poikilotermoek. Beharbada horregatik ez dute aparteko ezaugarri berezirik oso altuak ez diren tokietan bizi diren odol hotzeko animaliek. Baina itsas mailan arrunta den presioaren heren batean baino gehiago (500 mmHg-tik behera) jaisten bada atmosfera-presioa, orduan bai, hainbat moldaera berezi behar dituzte zelulek behar duten oxigenoa lortu ahal izateko. Izan ere, globulu gorri gehiago du toki altuetan bizi diren animalia poikilotermo zenbaiten odolak. Esaterako, 3.000 metrotik gora bizi diren musker eta iguanidoen eritrozito edo globulu gorrien kopurua itsas mailan bizi direnena baino % 20 altuagoa da.

Irudia: Bikuina (Vicugna vicugna) Hego Amerikan bizi da eta haren izena kitxuatik dator.

Kontuak desberdinak dira animalia homeotermoetan. Metabolismo-tasa altuak dituzte eta horregatik oso moldaera nabarmenak erakusten dituzte toki altuetan bizi direnek. Ikus ditzagun Vicugna vicugna Andeetako kamelido ezagunak erakusten dituen ezaugarri fisiologikoak.

Bikuinaren odolak ez du beste kamelidoenak baino hemoglobina gehiagorik, ez eta eritrozito kopuru altuagorik ere; beraz, bestelako animalia homeotermoena bezalakoa da haren odolaren oxigeno-kapazitatea [1]. Baina, lehen esan bezala, toki horietan oxigeno gutxiago dago, eta, beraz, bestelako moldaerarik egongo ez balitz, oso mugatuta egongo litzateke oxigenoaren transferentzia. Izan ere, hala da, moldaera bereziak ditu bikuinak. Hasteko, eguraste-tasa altuagoak ditu, hau da, aire-bolumen handiagoa arnasten du. Horrela, oxigeno gehiago iraganarazten du arnas azaleraren gainetik; ez baldintza normalen menpe egoera arruntean bezainbeste, baina altueraren eragina konpentsatzen du nonbait. Azken batean, airea arinago iragaten bada, biriketako arnas medioaren oxigeno-kontzentrazioa ez da gehiegi jaisten, eta horrek transferentzia errazten du.

Bestalde, nahiz eta bikuinaren odolak beste kamelidoenak baino arnas pigmentu gehiagorik ez izan, oxigenoarekiko kidetasun altuagokoa da haren hemoglobina. Hau da, oxigenoa errazago xurgatzen du biriken barrunbean dagoen airetik, eta horrek ere transferentziaren alde egiten du. Horrez gain, beste bi moldaera garatu ditu: batetik, erresistentzia-kirolariak bezala, bihotz handia du, eta horri esker odol-bolumen handiagoa ponpatu dezake taupada bakoitzeko. Jakina, odol-bolumen handiagoak ponpatzean, arinago berritzen da biriketatik iragaten den odola eta arinago bidaltzen da zeluletara. Bigarrenik, pigmentu (mioglobina) gehiago du muskuluetan, eta horrela odolak dakarren oxigenoa errazago iragaten da muskuluetako zeluletara. Moldaera horiei esker, bikuina bezalako ugaztunek arnasa har dezakete ingurumenean oxigeno gutxiegi dagoenean ere.

Oharrak

[1] Odol-pigmentu osoa oxigenoarekin elkartua dagoenean odolak duen oxigeno-kontzentrazioari oxigeno-edukiera deritzo.


Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.


Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.