Amonio bidez elikatutako landareak intsetizida natural ahalmentsuagoak

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Landareek nitrogenoa behar dute hazteko, eta nekazaritza intentsiboan, nitrogenodun konposatuak eman behar zaizkie landareei, ezinbestean. Ohiko ongarritzeak nitratoan oinarrituak daude eta ingurumen-arazo larriak eragiten ditu; esaterako, azaleko eta lur azpiko uren kutsadura eta berotegi-efektuko gasak isurtzea. Izan ere, lurreko mikroorganismoen eraginez, oxido nitrosoa aireratzen dute eta hau berotegi-efektu handiko gas bat da. Arazoari aurre egiteko asmoz, gutxiago kutsatzen duten amonio-oinarria duten ongarriak aztertu dituzte UPV/EHUko eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileek.

Nitratoa duten ongarriak izan dira nagusi landareen ongarritzeetan, izan ere amonioa erabiliz gero, landareak gutxiago hazi ohi direlako. Arazo hori arintzeko asmoz, “bestelako ongarritzeak bultzatu nahian dabiltza, adibidez, amonio eta nitrifikazioaren inhibitzaile bidezko ongarritzea. Inhibitzaileen bidez, amonioak lurrean luzeago irautea lortzen da, eta, hala, gutxitu egiten da bai nitratoen lixibiazioa bai nitrogeno-oxidoen emisioa”, azaldu du Daniel Marinok, UPV/EHUko NUMAPS ikerketa-taldeko ikertzaileak.

Irudia: Daniel Moreno UPV/EHU ikertzaileak amonio bidez elikatzen diren landareen propietateak aztertu ditu. Ikerketaren emaitzak adierazten du, amonio bidezko elikadurak konposatu intsektiziden eta minbiziaren kontrako konposatuen kontzentrazioa handitzen duela, esaterako, brokoli-landareetan.

Nolanahi ere, nitrogeno-iturri horrek badu berezitasun bat: “Landareentzat toxikoa izan daiteke, eta landareak nitratoarekin baino gutxiago haztea eragin dezake. Landareek nitrogeno-iturri horrekiko duten tolerantzia eta sentikortasuna ikertzen dugu gure ikerketa-taldean”. Gai horretan sakontzeko asmoz, landare-eredu baten, Arabidopsis thalianaren, proteoma aztertzeari ekin zioten. “Arreta inongo proteina zehatzetan jarri gabe, pentsatu genuen landareek ongarritze-mota bakoitzarekin sintetizatutako proteina-multzoen arteko desberdintasunei erreparatzea“, dio Daniel Marinok.

Elikadura-mota bakoitzarekin landarean zer proteina-mota eta zer kantitate pilatu diren aztertzean, “interes handiena piztu zigun amonio bidez elikatutako landareetan maila handiagoan pilatu zirela glukosinolatoen metabolismoarekin lotutako proteina batzuk”, azpimarratu du ikertzaileak. Glukosinolatoek, oro har, bi propietate dituzte: intsektizida naturalak dira, eta haietako batek, glukorrafanina deritzonak, minbiziaren kontrako propietateak ditu.
Esperimentuak Arabidopsis thaliana landarearekin egin zituztenez, hau da, ikerketan asko erabiltzen den baina interes komertzialik ez duen landare batekin, interesgarri jo zuten “brokoli-landareekin errepikatzea esperimentua. Jateko interes handieneko brokoliaren zatia, lorea, aztertu ez bagenuen ere, ikusi genuen landare gazteen hostoetan glukorrafanina gehiago pilatzen zela nitrogeno-iturri gisa amonioa eman genienean nitratoa eman genienean baino”, zehaztu du Marinok.

Emaitza horiek ikusita, ikerketa-taldeak gai hori ikertzen darrai, eta horretan interesa izan lezaketen enpresekin ere harremanetan jarri dira. Hala, erabilera komertzialera hurbiltzeko asmoz, “landa-azterketak egingo ditugu, sistema askoz konplexuagoa baita laborategia baino, besteak beste, lurreko mikroorganismo batzuek ere erabiltzen dutelako amonioa nitrogeno-iturri gisa. Halaber, esperimentu horietan, brokoliaren infloreszentziaren glukosinolato-edukiari erreparatuko diogu, hori baita gehien kontsumitzen den zatia. Bestalde, oinarrizko ikuspuntu batetik, jakin nahi dugu zein eragin izan dezaketen glukosinolatoek landarearen amonioarekiko tolerantzian”, azaldu du.

Erreferentzia bibliografikoa:

Marino D., Ariz I., Lasa B., Santamaría E., Fernández-Irigoyen J., González-Murua C., Aparicio Tejo P.M.: Quantitative proteomics reveals the importance of nitrogen source to control glucosinolate metabolism in. Arabidopsis thaliana and Brassica oleracea. Journal of Experimental Botany. 2016 May; 67(11): 3313-23 DOI: 67: 3313-3323.

Iturria:

UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Nitrogenoa amonio bidez emateak minbiziaren aurkako konposatuen sintesia handitzen du brokolian.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.