Azaroaren 10ean Gasteizen hainbat ikertzaile elkartu ginen UEUk eta UPV/EHUko Arabako campuseko Euskara Zuzendaritzak elkarlanean antolatutako Kafetapintxo Topaketan. Topaketa EHUskARABANda programaren barnean antolatu zen, eta campuseko ikerlari euskaldunen bilgune izatea zuen jomuga. Helburuak ez ziren txikiak: ikertzaile euskaldunak saretzea, haien arteko elkarlanerako oinarria jartzea, eta bai haien beharrak eta kezkak azaleratzea ere.
Topaketaren izena ez zen ausazkoa. Koldo Garcia Etxebarria genetikan doktore eta zientzia-dibulgatzaileak sarritan bere blogean erabiltzen duen zientziaren kafepintxo izaera zuen oinarri. Hau da, zientziaz hitz egin daiteke kafe bat eta pintxo bat hartzen dugun bitartean. Zientziaz aritu gaitezke aisialdian, laborategitik kanpo gaudenean; izan ere, zientziak hezi egiten gaitu, bai, baina entretenitu eta dibertitu ere bai. Gainera, hori guztia euskaraz egin daitekeela badakigu, eta euskaraz egin behar dela aldarrikatzen dugu.
Ikertzaile euskaldunok, ordea, trumoi-hotsak ere entzuten ditugu sarritan. Topaketan, euskaraz egiten den —edo egin beharko litzatekeen— ikerkuntzari buruz ere hitz egin zen, kezkak, gabeziak eta beharrak azaleratzeko. Ikertzaile eta zientziazale euskaldunen komunitateari idazten diogun gutun ireki honetan, Kafetapintxo Topaketan jasotako gogoetak, kezkak eta galderak bildu ditugu, plazara jalgi daitezen.
Euskararen hutsuneak Arabako campusean
Arabako campusaren kasuan euskarak bizi duen egoera goibela da; izan ere, euskararen hutsuneak anitzak dira oraindik. UPV/EHUko euskal ikasle- zein irakasle-komunitateak gero eta handiagoak dira eta, ondorioz, gero eta zabalagoa da euskarazko ikasketa-eskaintza. Hala ere, ibilbide akademiko osoa euskaraz egiteko aukera ez da bermatzen eta euskara maila egokia ez da ziurtatzen. Horretaz gainera, Euskal Herriko Unibertsitatean oso murritza da euskarazko masterren eskaintza eta ugariak doktore-tesia euskaraz egiteko oztopoak.
Bestalde, euskara gero eta gutxiago azaltzen da Arabako campuseko eguneroko harremanetan eta, oro har, ez da unibertsitateko euskara maila zaintzen. Ohikoa da euskarazko ohar-taula eta mezuetan akatsekin topo egitea. Irakasleen prestakuntza da egunerokotasunari eragiten dion beste kontu bat. Irakasle elebidunen kontrataziorako euskara-agiriak aurkeztea nahikoa da, administrazioan ohikoa den moduan. Alabaina, inork ez du egiaztatzen irakasle izango den horrek euskaraz komunikatzeko duen gaitasuna eta, ondorioz, —praktikan egiaztatzen denez— zalantzagarria da euskarazko ikasgaien arduradun diren zenbait irakasleren adierazpen-maila adierazpen maila. Gaztelaniaz edo ingelesez onartuko ez liratekeen akatsak onartu egiten dira euskararen kasuan.
Ikasleen kasuan ere, antzekoa gertatzen da. Graduetan kreditu kopuru jakin bat euskaraz gaindituz gero, ikasleek euskarazko C1 maila eskuratzen dute. Hala ere, ez dago zehaztuta kreditu horietan euskara maila neurtzeko eta baloratzeko irizpideak edota arduradunak zeintzuk diren. Kasu horretan ere, zalantzagarria da zenbait ikasleren benetako euskara maila C1 ote den.
Unibertsitateko giro euskalduna desagertzen ari dela antzematen dugu. Zenbait kasutan, ezinezko gertatzen da harreman formalak euskaraz aurrera eramatea. Campuseko zerbitzuetako langile asko ez dira gai euskaraz komunikatzeko eta, gainera, bada euskara erasotzat ulertzen duenik ere. Era berean, irakasle zein ikasleen arteko harreman informaletan gaztelania da nagusi: gero eta ezohikoagoa da korridoreetan eta kafetegietan euskara entzutea.
Euskara: aukerak eta zailtasunak
Zientziaren esparrura etorriz, geure iritziz, argi dago euskara jakiteak aukera gehiago ematen dituela ikertzeko, dibulgatzeko eta, oro har, komunikatzeko. Ikerkuntzaren ekoizpenari dagokionez, oro har, euskarak balio erantsi bat ematen digu ikertzaileoi —jakintza arloaren arabera aukera horiek zabalagoak edo murritzagoak izan badaitezke ere—. Horregatik, ez zaigu diskriminazio positiboaren terminoa gustatzen eta, horren ordez, gakoa euskarak ematen duen balio erantsia aitortzea dela aldarrikatzen dugu.
Euskara ez da tokian tokikoa eta euskal zientzia-ekoizpena ere ez. Euskara munduko aniztasunaren atal bat da, gainontzeko hizkuntz komunitateen gisara. Kontuan hartu behar dugu euskal hiztunak munduan zehar daudela eta, beraz, euskara hainbat unibertsitate euskaldunen arteko zubi-hizkuntza dela, hots, euskara Euskal Herriaz harago, munduan zehar ere badagoela, batzuetan oso kontziente ez bagara ere.
Euskarak erantzukizunak ere sortzen dizkigu ikertzaileoi. Militantzia hutsagatik tesia euskaraz idazten dugu, ikasmaterialak argitaratzen ditugu, zientzia-terminologia garatzen laguntzen dugu, eta abar. Esan bezala, militantziagatik egiten da sarritan, eta ez etekina ateratzeagatik; izan ere, kasu askotan lan bikoitza eskatzen du jarduera horrek. Hala ere, guztion ahaleginei esker euskara aberasten goaz, pixkanaka-pixkanaka. Ekarpen horiek aitorpen murritza hartzen badute ere, lan hori ezinbestekotzat jotzen dugu. Nolanahi ere, zientzia euskaraz ekoiztea sustatu behar dela aldarrikatzen dugu. Bestetik, zaila da erreferentziak eta terminologia egokia aurkitzea. Halere, lan handia egin da azken urteotan arazo horiek saihesteko, eta bide horretan jarraitzea ezinbestekotzat jotzen dugu. Bestalde, garrantzitsua da zientzia-komunitate euskaldunari informazio-iturri horien berri ematea, zenbaitetan ikertzaileek ez baitakite non eta nola egin bilaketa horiek. Azken batean, euskarazko materialen hartzaile ugari ditugu eta euskalduna den publiko espezifiko zaindua dugu. Euskarazko ekoizpenaren normalizazioak, hortaz, terminologiaren ohikotasuna eta estandarizazioa bultzatuko ditu eta euskara hizkuntza akademiko moduan errotzea nahi dugu.
Euskararen egoera ikerketa-taldeetan
Unibertsitateko ikerketa-taldeetan euskararen egoera ez da izan beharko lukeena bezain ona. Oro har, euskara da ikertzaile euskaldunen arteko harreman-hizkuntza, baina egoer erabat desberdina da administrazioari idatzizko eskaerak egin behar zaizkionean. Askok oztopo anitz topatzen ditugu administrazio publikoen aldetik —baita erakunde euskaldunetan ere—. Ikerketa-egitasmoak eta bestelako eskaerak euskaraz aurkezteko aukera ematen bada ere, gehienetan lana bikoiztu egiten da euskaraz egitea erabakitzen bada —ebaluatzaile euskaldunen gabeziagatik, esaterako—.
Bestalde, akreditazio-agentziek ikerkuntzarekin lotzen dituzte ibilbide akademikoarekin jarraitu ahal izateko baldintzak eta irizpideak. Hein handi batean ikerketa-egitasmoak eta zientzia-artikuluak baloratzen dira, eta artikulu horiek eragin-faktore altuko nazioarteko aldizkarietan argitaratutakoak izan behar dira. Hortik dator ikerkuntzan ingelesak duen nagusitasuna, eta ikertzaile gehienek euskarazko ekoizpena alboratzea.
Ikerkuntza munduan hasten diren ikertzaile euskaldun gehienak zalantzatan dabiltza tesia gaztelaniaz, euskaraz edo ingelesez idatzi behar ote duten. Nahia ez da beti nahikoa izaten. Aukeratutako ikerketa-taldean edo gaiaren inguruan adituak diren kideen artean tesi-zuzendari euskaldunak aurkitu behar dira eta hori ez da beti posible izaten. Irtenbide arruntena hizkuntza aldatzea izaten da. Tesiaren defentsarako epaimahai euskalduna osatzea ere zaila izaten da zenbaitetan. Gainera, euskaraz egindako bide horretan argitaratutako euskarazko lanei ez zaie inolako aitorpenik ematen. Alabaina, zenbait alde positibo ere nabarmendu behar dira; izan ere, azken urteotan badira zenbait pizgarri —gutxi— tesiak euskaraz idazteko. Nolanahi ere, geure ama hizkuntzan idatzi ahal izatearen gogobetetzea da pizgarririk eraginkorrena. Alor horretan euskarak etorkizun hobea edukiko duela uste dugu, geroz eta ikertzaile euskaldun gehiago baitaude unibertsitatean. Hala ere, pizgarrien politikan aurrera egitea eta ahal den neurrian areagotzea proposatzen dugu, atzerapausoak egon ez daitezen.
Zientzia-dibulgazioa euskaraz
Aitortua dugu bada eskasa dela euskaraz ekoitzitako zientzia, eta areago hutsaren hurrengoa dela de facto zientzia esperimentalen ekoizpena. Hori dela eta, pentsa dezakegu zientzia-dibulgaziora baztertuta dagoela euskara. Zinez, bertan behera utzi behar dugu ikuspegi hori. Alde batetik, dibulgazioa ez da bigarren mailako zientzia —ikerkuntzaren pareko garrantzia du, helburua da desberdina—, eta bestetik, euskarazko ekoizpena antzeko arazoekin topatzen delako esparru horretan ere. Garrantzitsua da zientzia euskaraz dibulgatzea eta ikerketen emaitzak euskaraz jendarteratzea; izan ere, kontatzen ez den zientzia egiten ez denaren parekoa da.
Zientzia-dibulgazioan aritzea lan neketsua da ikertzailearentzat —are gehiago euskaraz egiten denean—, ahalegin handia egin behar delako zientzia aditu ez direnei azaltzeko. Alabaina, ekoizpen horiek ez dute inolako aitorpenik eta, hortaz, ikertzaileon mundu lehiakor honetan, nork hartuko du musu-truk dibulgatzen aritzeko lanaren ardura? Ezinbestekoa da dibulgatu nahi duten ikertzaileei haien lana egokiro aitortzea; izan ere, jendarteratu egin behar da unibertsitateetako laborategietan diru publikoari esker. Hori egiteko behar etiko eta morala dugu zientzialariok. Gainera, euskaraz egitearen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Ikerkuntzarekin gertatzen den gisara, dibulgazioa euskaraz egitea ez litzateke militantzia kontu hutsa izan beharko. Euskaraz dibulgatzeko pizgarriak behar dira, eta bai egindako lanaren aitorpen duina ere.
Egia da azkenaldi honetan, euskarazko dibulgazioaren loraldi txiki bat bizi dugula eta, oro har, azpiegiturak eta baliabideak nahiko ezagunak dira —arloan arloko baliabideak behintzat—. Jakina, arlo bakoitzak dituen dibulgazio moduak oso desberdinak dira —gizarte-zientzietan zaila da narratiba eta dibulgazioa bereiztea, esaterako—. Nolanahi ere, kontuan hartu beharrekoa da gizarte-sareek zeharo aldatu dituztela komunikatzeko moduak. Gizarte-sare hauek eta Interneten dauden baliabideek arrisku bat ere ekarri dute: edonork edozer esan dezake. Horregatik, informazio egokiaren hedapena bermatzeko, garrantzitsua da ikertzaileei zientzia dibulgatzen erakustea eta dibulgatzaile profesionalak prestatzea. Ikertzaileei kazetariengana hurbiltzen erakutsi behar zaie —eta alderantziz—. Zeharo ezinbestekoa da askotan zeharo bananduak diruditen bi mundu horien artean zubiak eraikitzea, zientzia-dibulgazioaren bitartez gizartearen kultura zientifikoa hedatzeko. Gainera, hori guztia euskaraz egin behar da, zailtasunak zailtasun.
Gogoetarako abiapuntua
Hemen luzatzen dizkizuegu, bada, Kafetapintxo Topaketan jasotako gogoetak, kezkak eta galderak, ikertzaile eta zientziazale euskaldunen komunitateari idazten diogun gutun ireki honetan. Zailtasunak zailtasun, ikertzaile euskaldunen sarea trinkotzen joan nahi dugu eta aurrerantzean gogoeta egiteko bidea ireki nahi dugu. Amaitzeko, euskaldun izateak ematen digun nortasuna azpimarratu nahi dugu. Gizartea ulertzeko gure moduak euskarari eta euskal kulturari garrantzia ematen dio. Horrela, pixkanaka bada ere, euskal komunitate zientifikoa finkatzearen aldeko apustua egin nahi dugu. Euskaraz badu lekua ikerkuntzan eta dibulgazioan eta horren alde lan egiten jarraituko dugu. Zuen laguntzarekin bada, hobe.
Dokumentuaren sinatzaileak
- Gorka Etxebarria. Historia Garaikidean doktoregaia. UPV/EHU.
- Itziar Eseberri. Nutrizioa eta Obesitatea ikerketa taldeko ikertzailea. UPV/EHU.
- Rakel Gamito. Hezkuntza arloko doktoregaia. UPV/EHU.
- Eñaut Izagirre (@Ernatio), Glaziologiako masterduna eta zientzia-dibulgatzailea.
- Idoia Larretxi, Glutena aztertzeko UPV/EHUko laborategiko ikertzailea.
- Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea eta zientzia-dibulgatzailea.
- Itziar Txurruka, Farmazia eta Elikagaien Zientziak saileko kidea. UPV/EHU.
1 iruzkina
[…] bilgunea bihurtzea da gure helburua, ikerlari euskaldunen sarea indartuz. Hori horrela, iaz “ikertzaile euskaldunak eta euskara ikerkuntzan gogoetarako abiapuntu bat” (Zientzia kaiera, 2017/04/18) izan nahi zuen eta aurten aldiz, SAREAri erreparatu nahi diogu. […]