Adiskiderik hoberenak, erraietatik

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Analisi genetikoan oinarrituta, txakurrak hain adiskidetsuak izatearen arrazoia bi gene zehatzetan kokatu dute ikertzaileek.

Datorren urtean estreinatuko den Alpha izeneko filmean istorio polita kontatzen da. Historiaurreko gizaki baten eta otso baten arteko harremanak gidatzen du kontakizuna. Dena horrela hasi omen zen, aurrerakinaren arabera. Ez zen horrela izan noski, baina berdin dio. Puristek esango dute, seguruenera, filmak historia desitxuratzen duela. Eta egia da, baina fikzioa fikzioa da, eta entretenitzeko zein jakin-mina pizteko balioa aitortu behar zaio.

Oso bestelakoa izan zen txakurren etxekotzea, zantzu guztien arabera. Gizakiak belaunaldiz belaunaldi egindako hautespenari esker, gaur egun mota guztietako txakurrak daude. Txakur horien eta otsoen portaera alderatuta, ondorio argia atera dute zientzialariek: antzeko baldintzetan hezita ere, txakurrak otsoak baino lagunkoiagoak dira. Gizakiei kasu gehiago egiten diete, eta emandako aginduak hobeto jarraitzen dituzte. Halako ondoriora iristeko, ordea, ez da ikerketa sakonik behar. Halere, zientzialariek desberdintasun horren arrazoi genetikoak bilatu dituzte. Eta, diotenez, aurkitu dituzte.

Science Advances aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak. Txakurrak hain adiskidetsuak izatearen oinarria genetikan datza. Zehazki, GTF2I eta GTF2IRD1 geneak omen dira portaera hori arautzen dutenak, zientzialariek proposatutakoaren arabera.

1. irudia: Ikerketa egiteko txakurrak eta gatibutzan hezitako otsoak erabili dituzte. Irudian, otso horietako bat, ikertzaile baten alboan. (Argazkia: Monty Sloan/Science Advances)

Gizakiengan, gene horiek Williams-Beurenen sindromeari lotuta daude. Jaiotzatiko sindrome honek kognizioan eragina du, baina gaixotasunaren beste ezaugarri bat da hipersozializazioa eragiten duela. Sindromea dutenek pertsona ezezagunak berehala adiskidetzat jotzen dituzte. Eta hor da, hain zuzen, gizakien aurrean txakur gehienek erakutsi ohi duten jarrera.

Ikerketak bi bide jarraitu ditu. Batetik, portaeraren inguruko esperimentuak egin dituzte. Bestetik, analisi genetikoak egin dituzte. Bietatik atera dituzte ondorio interesgarriak.

Portaera ikertzeko, ariketa bat egin dute kanidoekin: arraza desberdinetako 18 txakur eta gatibutzan hezitako 10 otso erabili dituzte horretarako. Saltxitxa zati bat duen kutxa bat irekitzen irakatsi diete guztiei, baina ariketa hori egoera desberdinetan proposatu diete. Alboan gizakirik izan gabe, gizaki ezezagun bat alboan izanda, eta, azkenik, kanidoek aurretik ezagutzen zuten gizaki batez lagunduta.

Oro har, gizakiaren presentzia soila nahikoa izan da txakurren artean atazarekiko kontzentrazio maila jaisteko, gizakiari hurbiltzeko joera handiagoa izan delako. Hiru egoeratan, otsoek hobeto bete dute kutxa irekitzeko ariketa. Ikertzaileek adierazi dutenez, kontua ez da izan txakurrek gaitasun gutxiago izan dutela ariketa egiteko, baizik eta arreta gizakiengan jarri dutela, kutxan jarri beharrean.

Bigarren fase batean, gizaki batek animaliei hurbiltzeko dei egin die. Txakurrak zein otsoak, biak ala biak hurbildu dira gizakiarengana, baina otsoek denbora gutxiago eman dute pertsonaren alboan, eta lehenago bueltatu dira saltxitxa zati goxo hori eskuratzeko zereginetara.

Analisi genetikoari dagokionez, txakurren eta otsoen arteko desberdintasun genetikoetan sakondu dute. Izan ere, ikerketa honetan parte hartu duten hainbat zientzialarik aurretik ere identifikatua zuten desberdintasun horretan gako den gene bat: WBSCR17 izenekoa, hain zuzen. Emaitzak 2010ean argitaratu zituzten Nature aldizkarian.

Oraingoan, ordea, gizakiei eragiten dien sindrome bat izan dute abiapuntu. Princentongo Unibertsitateak zabaldutako ohar batean, ikerketaren egile nagusietako bat den Bridgett von Holdt biologoak azaldu du abiapuntu hau. “Williams-Beurenen sindromea dutenek zein txakurrek komunean duten antzeko portaera hau izan zen pentsarazi ziguna agian bi fenotipoen arkitektura genetikoan antzekotasunak egon zitezkeela”.

2. irudia: Txakurren jatorria argitzeak gizakiaren historia argitzen lagun dezake, azken 40.000 urteetan gizakiak txakurrak bidelagun izan dituelako. (Argazkia: Tim Mossholder/Unsplash).

Etxekotzearen oinarriak

Gizakien kanpalekuetara hurbiltzen ziren otsoak izan ziren lehen txakurren arbasoak. Orain arte, adituen artean gehien zabaldutako hipotesia izan da hasierako animalia horiek gaitasun kognitiboen arabera hautatuak izan zirela: gizakiek, batez ere, haien imintzioak eta ahotsa hoberen antzemateko gai ziren animaliak hautatzen zituzten etxekotzeko. Ikerketa honen egileek, ostera, bestelako proposamena egiten dute: gizakiengana hurbiltzeko joera handiagoa zuten animaliak izan ziren hautatuak.

Von Holdtek laburbildu duenez, “Gizaki primitiboek beraiekin egoteko nortasuna zuen otso batekin kontaktua egin bazuten, eta soilik mota honetako txakur primitiboak hezi bazituzten, orduan portaera soziala izateko ezaugarria handitu zuten txakurrengan”.

Azken urteetan, genetika ezinbesteko tresna bihurtu da gizakiaren adiskiderik hoberenak ulertzeko. Bereziki paleogenomika izan da baliagarria horretarako. Gainera, gizateriaren iragana ulertzeko tresna aproposa da txakurren eboluzioa aztertzea. Izan ere, etxekotu zenetik, txakurra gizakiaren ondoan egon da, eta txakurren bidea jarraitzeak gizakien migrazioa eta bizimodua hobeto ulertzea dakar ezinbestean. Harreman pribilegiatu honi esker, txakurrek arrakasta ebolutibo itzela izan dute, gizakiarekin batera, munduan zehar barreiatu baitira.

Halere, eta giza eboluzioan gertatu ohi den moduan, txakurren iragana zehazterakoan, oraindik orain datu kontrajarriak daude. Iaz Science aldizkarian plazaratutako ikerketa baten arabera, txakurrak bi leku eta garai desberdinetan etxekotuak izan ziren, Eurasiako bi muturretan: Europan eta Txinan. Hilabete honetan bertan Nature Communications aldizkarian argitaratutako beste ikerketa batek dio, aldiz, etxekotzea behin baino ez zela gertatu, duela 40.000 eta 20.000 urte bitartean. Etxekotzea behin ala bitan izan ala ez, aditu guztiak ados daude ideia berean: gaur egungo txakurrak, noizbait, bi taldetan banandu zirela. Ekialdeko Asiako arrazak, batetik, eta gainerako Eurasiako eta Afrikako arrazak, bestetik.

Erreferentzia bibliografikoa

Bridgett M. von Holdt et al. Structural variants in genes associated with human Williams-Beuren syndrome underlie stereotypical hypersociability in domestic dogs – Science Advances 19 Jul 2017: Vol. 3, no. 7, e1700398 DOI: 10.1126/sciadv.1700398


Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.