Larrialdi nuklearreko kasuetarako proposatutako metodo bat egokitu du UPV/EHUk errutinazko ingurumen-azterketetan integratzeko
Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak (EANA) esneko estrontzio erradioaktiboa neurtzeko larrialdi nuklearreko kasuetarako proposatutako metodo baten bideragarritasuna probatu eta balioztatu du errutinazko zaintza erradiologikoan integratzeko.
Istripu nuklearraren kasuan, atmosferara isurtzen da gehienbat Estrontzioa (Sr). Bi isotopo erradioaktibo nagusi ditu (90Sr eta 89Sr) eta portaera kimikoa kaltzioaren antzekoa da; lurzoruan, landareetan edo animalietan (batez ere, hezurretan) pilatu daiteke, beraz. Bizitza eraginkor erlatiboki luzea du gizakiarentzat eta, esan bezala, hezurretan finkatzen denez, erradiazio-dosia ematen du urte askoan.
Esneko estrontzioa
Esneko estrontzio erradioaktiboa laster detektatzeko metodo bat proposatu du Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak, larrialdi edo istripu nuklearren kasuetarako. Metodo hori, baina, ezin da erabili errutinazko ingurumen-neurketetan, azken horietan detekzio-mugak larrialdi nuklearreko kasuetakoak baino askoz ere txikiagoak direlako. Behar diren baldintzak eta parametroak lortu dira ikerketa honetan EANAk proposatutako metodo lasterra errutinazko ingurumen-azterketetan integratutako zainketa-plan erradiologikoetan erabiltzeko moduko metodo bihur dadin.
Ikerketan, egokitzeko parametroak eta baldintzak zehaztearren, neurketa esperimentalak eta zenbakizko simulazioak egin dituzte. Metodo azkarra da, errendimendu ona du, eta metodoa egokitzea erlatiboki erraza eta ekonomikoa da, Raquel Idoeta doktorearen arabera. Edozein ingurumen-laborategik, baldin eta beta partikulak detektatzeko ekipamendua badu edo estrontzio-determinazioak egiten baditu, ez du ia ezer behar metodo hau integratzeko.
Erreferentzia bibliografikoa
“Analysis of the use of the IAEA rapid method of 89Sr and 90Sr in milk for environmental monitoring”.. Journal of Environmental Radioactivity.. DOI: https://doi.org/10.1016/j.jenvrad.2017.06.003.